2011/10/25 20:50:58.578 GMT+2
Hilabeteetako isilaldia. Ez ote litzaiguke komeniko halaxe irautea? Harrabots eta zalapartatik lekora, ea leun-leun egiten dugun aurrera (sareko) leku honekin, (munduko) ez-leku honetan. Biandizko maldetan gora ala Antartikoko izozmendien artean. Nor dabil hor? Ba al da inor behelaino artean?
Nork: habailaria.2011/10/25 20:50:58.578 GMT+2
Etiketak:
neurekabutarakoak
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2011/02/02 20:48:29.837 GMT+1

"Diruzale baten heriotza"; © Jheronimus Bosch "El Bosco", 1490-1500 bitartean. http: //www.wikimedia.org -tik hartutako irudia
<<"Kea ere bilduko luke horrek" edo "horrek ez dizu kea ere emango" esan ohi zaio diruzale zekenari.
Halakoak kukusoa ere zikirotuko omen luke "bost sosendako", eta halakoren etxeko suan ez dizute sardinarik erretzen ez ketzen utziko, ez baitute surik ere pizten.>>
Ke biltzaileen mende egoteak ba ote bizi dugun krisi garaiarekin zerikusirik? Arcadi Oliveresi kasu egitera, baietz erantzun beharko genuke. Hara:
Nork: habailaria.2011/02/02 20:48:29.837 GMT+1
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/02/01 16:11:09.081 GMT+1

"Los explotadores"; © Diego Rivera, 1926 - http://encontrarte.aporrea.org/ gunetik hartutako irudia
Nire etsaiak maite ditut.
Etsairik ez daukanak
benetako lagunik ere ez du izaten.
Etsai bat kalean agurra ukatzen ikusten dudanean
badakit nire lekuan nagoela.
Etsai bat berriro haserretu zaidala jakitea
bide onean noala jakitea da.
Etsai batek nitaz idazten duen bakoitzean
nik idatzitakoaren indarra baieztatzen dit.
Etsaiena da dagoen maitasun eterno bakarra.
Bizitza osoan gogoratzen dituzte
zuk egindako irainak.
Bizitza osoan gogoratzeko moduko iraintzat
har daitekeena egia bakarrik izan liteke.
Gezurrak, arinkeriak, ezjakintasunak
ez du hainbeste irauten.
Egia atzeman eta adierazten jakin zenuelako
dauzkazu etsaiak.
Lagunik onenak ere
aitortuko ez lizkizukeen dohainak
aitortzen dizkizu etsaiak.
Nola ez maitatu zurekin hain bihotz zabala dena!
Kritiken hemeroteka
Nork: habailaria.2011/02/01 16:11:09.081 GMT+1
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/20 23:37:07.146 GMT+1
( ... )
"Puntu konkretu batetan bere poltsako kargamentua hustutzen zuen eta aurrera jarraitzen zuen hiriko neoizko gauean galduz. Zabortegiaren mugara iritsi bezain pronto linterna baten argiak itsutu zuen.
- Altxa besoak! Polizia!
Jose choloak poltsa erortzen utzi eta korrikari ekin zion. Poltsatik emakume baten burua atera zen linternaren argitan irribarre makabroa eginez. Zankadila jarri zion inspektoreetariko batek, beste batek eskumuturrekoak estutu zizkion.
Urde zikina! Putakumea!! - garraisi egin zion hirugarren batek.
Eta bijilantzia taldea osatzen zuten bost polizien artean egurtu zuten Jose. Kolpe batek bere sudur txapala hautsi zion. Beste batek bost hortz saltarazi. Barrabilak birrindu zizkion beste batek. Saihetsezurrak hautsi zitzaizkion kolpeen pean. Eta gorputza ubelduraz josia zuela iritsi zen komisaldegira." ( ... )
Bederatzigarren biktima. Odolaren usaina - © Mikel Antza. Susa, 1987.
Nork: habailaria.2010/12/20 23:37:07.146 GMT+1
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/20 23:14:50.030 GMT+1
(...)<<Hurrengo egunean ababorretik bi izotz tontor ikusiko dira itsaso ilun samarrean, lehenengo iceberg biak.
"Errepublika zuriaren lehen begiraleak..." esango du baten batek.
Ez dira bakarrak izango. Laster hasiko dira ortzimugatik beste batzuk azaltzen, errealismo harrigarriarekin, buruzut eta hieratiko beren bidaia geldoan. Eta argazkietan, zinean eta telebistan hainbeste aldiz ikusitakoa, benetan so eginik, ia onirikoa, ia irreala irudituko zaizu.>>(...)
Nork: habailaria.2010/12/20 23:14:50.030 GMT+1
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/11 18:21:01.666 GMT+1
Kontzeju zaharra hantxe dago oraindik ere, Herriko Etxearen (Udaletxearen) pare-parean, errota zahar maitearen antzo, denboraren iraganari erronka joz. Lehenengo solairuko leihoetan adi, izan ginen haurraren jakin gosez baitaratzen genuen hiri-kalekumeoi guztiz arrotza zitzaigun mundu hura. Irudi eta hots jakinetan oroitzen dugun mundua: Agerreko mutiltzarrak mutikookin zuen egonarria; osaba traktorean esne-marmita handiak hartuta plazara azaltzen zen unea; herriko jaietako ahari-talka; herritarren hizkera bizi-bizia; gozo saltzailea bere otar handiak hartuta gure Kontzejupeko harrian jartzen zenekoa... Gautu orduko ordea, bardoaren unea heldua zen. Arreba zaharragoen musika-zintetatik ezagutzen genuen bizardun txima-nahasi bekozkotsua, Iriondotarrenetik agertzen zen plazara inspirazio bila, iluntasun-isiltasunen babesean.
Azken irudi hori ez dugu berriz ikusiko. Bere obra eta ahotsa ditugu ordea lehenagoko mundu horren erakusgarri. Baita hori baino gehiago ere. Eskerrik asko, Xabier.
Leteren diskagintza ezagutu eta zenbait kantuz gozatzeko:

Euskadiko Kutxak Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren argazkiarekin ateratako egutegia. www.badok.info lekutik hartua
Nork: habailaria.2010/12/11 18:21:01.666 GMT+1
Etiketak:
neurekolkorakoak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/01 22:23:50.508 GMT+1
Hiribide nahiz kalezulo, gogoaren noraezak gidatzen gaituelarik ez dugu bereizten non gabiltzan ere. Buruan obsesio bakarra, ez diogu ia antzematen inguruan dugunari.
Hala ailegatu da Tipula bazter hartara: jitoan dabilen untziaren antzo. Zurezko banku ajatuan jarri da. Atzean kale hits itsua, irteerarik, norarik gabea. Jatekoen usainak, txiza eta zabor urrinekin nahasirik airean. Musika ozenegiek ezin estaliriko eztabaida saminduak...
Begiak gorri, gorputza dardaraz, eskuek tabako-txokolateak trakets bildu dituzte paperean . Sua eskatu dio parean igaro zaion morroiari. Ke artean heldu zaizkio belaunaldi galduaren irudiak: Rey, Badaran anaiak, Agustin, Juankar, Ander, Ziga... Gogoan darabilen asmoa tinkoagotu egin zaio. Begiak itxi ditu. Aitonaz akordatu da ixtant batez, aitona arotz-bankuan lanean...
Nork: habailaria.2010/12/01 22:23:50.508 GMT+1
Etiketak:
ausartzeaere
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/11/12 17:16:45.427 GMT+1
"( ... ) 1939ko abuztuaren 21a zen, astelehena, Graf Spee korazatua Wilhelmshavengo portutik atera zenean. Hans Langsdorff zuen kapitaina, baga artean asko ibilitako marinel profesionala. Itsaso zabalean zirela jakin zuten Alemaniak Polonia inbaditu eta Frantziak eta Britainia Handiak gerra deklaratu zietela.
Itsasketak iraun zuen ehun eta hogei egunetan bederatzi zamaontzi hondoratu zituen Langsdorffek, ingeles banderadunak guztiak, baporeetako gizonak salbatuta beti. Atlantiko erdian zebilen abenduaren aurreneko astean La Plata ibaiaren bokalera joateko agindua jaso zuenean. Iritsi zitzaien informazioaren arabera, handik ari ziren irteten Europari ezarritako blokeoa hausten zebiltzan ontziak. Brasil aurrean zirela, Rocha muturretik 280 miliara, Exeter gurtzeru astuna eta Ajax eta Achilles arinak agertu zitzaizkien bidera.
Eguna zabaltzen ari zuen Exeterren aurka su egin zuenean. Bi ontzi nagusiak elkarren kontra aritu ziren artean, bi txikiek behin eta berriz jo zuten Graf Spee. Hogeita hamasei marinel hil zituzten ingelesek. Langsdorffek, zaurituta berau ere, Montevideoko portuan sartzea erabaki zuen.
Koilaratxo bat azukre bota, eragin eta, kafea hozten utzi zuen Oscarrek. Agian Graf Speeren pasartea inoiz entzun gabea nintzelako, jakin-mina piztu zidan aitonarenarekin nola lotuko zuen ikusteko.
— Garagardorik edo nahi duk? Kopakorik?
Hamabost eguneko babesa eskatu zion Langsdorffek Uruguaiko Gobernuari. Alfredo Baldomir presidenteak, diplomazia ingelesa zuela sakaka atzetik, 72 ordukoa baino ez zion eman. Marinel hilak Iparreko kanposantuan hobiratu, ahal zen neurrian ontziak izandako kalteak konpondu eta Berlinera telegrafiatu zuen Langsdorffek. Bere esku zegoen erabakia.
Uruguaiko Gobernuak emandako muga ordua betetzear zela, Graf Speek bokalerako bidea hartu zuen, Tacoma zamaontzia zuela gibelean. Mila gizon utzi zituen Langsdorffek lehorrean, berrogeirekin baino ez zen atera abrara. Mukuru bildu zen jendea Sarandiko uharritzan, ikusmiran. Zabalean, ingeles flota zuen Graf Speek zain. Aurreko orduetan kazetariz betetako hegazkinak heldu ziren Estatu Batuetatik ibaiaren bi hegietara, borrokaldia filmatu eta munduari kontatzeko. Ez alferrik, Bigarren Mundu Gerra bera zen Hego Hemisferioko biztanleei ustekabean etxe atariraino ikuskizun heldu zitzaiena.
Korazatuak motorrak itzali zituen. Subofizial batek bolborategian lehergailuak paratzen zituen artean, tripulazioak Buenos Airestik heldutako atoiontzietara pasatzeko agindua jaso zuen. Mastan gora igoarazi zen bandera. Borraz hautsi zen tresneria elektronikoa, radar berritik hasita.
Langsdorff bera izan zen ontzia uzten azkena. Arratsaldeko zazpietarako bost minutu falta zirela, danbateko mutiria entzun zen ibaiaren erdian, ke beltzezko traganarrua zerurantz igotzen gero. Ilunduta zegoen atoiontziak Buenos Airesera iritsi zirenerako. Ordurako Graf Speeko marinelak guztien ahotan zeuden.
Oscarrek esanda bezalaxe dakartzat orriotara hitzak. Nola ez dakidala, kontatu zidan bezala kontatu izanak neu ere moiletan izatea lortu zuen une batez, Langsdorffen eta honen gizonen zain. Banekien horrexek galtzen ninduela maiz: iraganeko gertaera ederrek gaurko gaurraz ahaztera naramate. ( ... )"
Kritiken hemeroteka

Admiral Graf Spee ontzia sutan; www.godfreydykes.info/GRAF_SPEE%202.jpg gunetik hartutako irudia
Nork: habailaria.2010/11/12 17:16:45.427 GMT+1
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/08/27 22:21:08.289 GMT+2
Gure arima ospela argitu duen albistea, Berria egunkaritik hartua:
Nork: habailaria.2010/08/27 22:21:08.289 GMT+2
Etiketak:
neurekolkorakoak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/08/09 22:31:05.593 GMT+2
(...)
Leihotik saiheski erre usaina dator, eta ondoren amantal hori bat jantzirik daraman emaztea, À table!, frantsestuek bakarrik dakiten bezala garrasi egiten, À manger!, eztarriko zain guztietatik indarrez irteten zaion xuxurla. Jakien inguruan jesarri dira Manex eta aitona. Emakume oreztadunak entsalada zerbitzatu die plastikozko koilara eta sarde oso handiekin. Manex ez da bere ama begiratzera ausartzen, nahiago du aitonaren solas lasaigarrian murgildu, ama beti dago erdi ospel. Aitonak ere nahiago du Manexekin solasean jarraitu, berarekin egotea Manuelekin batzea bilakatu da bat-batean. Amak, bestalde, nahiago du Manexek eta aitonak elkarrizketa pribatuan jarraitzen badute, ez du esparru samurrera jauzi egin nahi, eroso dago bere egontasun inpartzialean.
—Eta Serge? —galdetu dio aitonak, hiru plater besterik ez daudela ikusi duenean.
—Bordelera joan behar izan du bilkura batera. Ez da gauera arte itzuliko.
Begiratu gabe erantzun dio aitonari, Manexen plater gainean uhaza hostoak pausatu dituen bitartean. Ez du aitaren ezkutuko galderari jaramon egiteko gogorik. Manex uhaza hostoei gelditu zaie begira, amaren esalditik ehunka legoara.
Floreni bihotza kargatu zaio bilobarekin izandako solasaldiaren ostean, eta ez da gose. Alabaren muturrari aurre egiteko ere indarge gelditu da.
—Sergek lan gehiegi egiten du, ezta? —galdetu dio Florenek.
—Bof.
Bof. Horrek esan nahi du: Zaude isilik behingoz, ez dut hitz egiteko gogorik, utzidazu bakean eta jan uhaza ostia hori, cette merde de laitue, kokoteraino nago zentzu bikoitza duten zure galderez, jan eta ixo, agure nekagarri hori, eta segi sagarrondoak landatzera eta irratia entzutera.
Bizilagunen belarra mozteko makinaren motor hotsa besterik ez da entzuten mahaian. Bizilaguna bainujantzi gorriarekin eta Baionako festetako elastikoarekin egongo da ziur aski makinaren atzean, espartinak oinak baino txikiago, oskolean kabitzen ez diren itsas karakolak. Zuhaitzetako hostoak geldirik daude, beroak makaldurik. Ez dabil haizerik.
(...)

Llegada al Mar, ©Menchu Gal: www.picassomio.com
Nork: habailaria.2010/08/09 22:31:05.593 GMT+2
Etiketak:
letrairudiak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak