2008/04/02 18:36:22.813 GMT+2
Arreba
Gaur egin diote ebakuntza arrebari Estatuko ospitale batean. Oraintxe jakin dut atera berri dutela ebakuntza-gelatik. Uste baino arazotsuagoa gertatu omen da ebakuntza baina, azkenerako, han diren gure beste arrebek esan digutenez, medikua pozik azaldu da emaitzarekin. Hala ere, goiz da ondorioak aurreratzeko. Ondorengo orduotan jakingo dugu zertan diren gauzak.
Kronika hauek zuentzako idazten ari naiz, gure seme-alaba txiki horientzat. Irakurtzeko adinean izango zaretenean, inoiz txoko honetara gerturatuko zareten ustean. Gure oraina zuen etorkizuneko begiralekutik aztertuta, guk hartutakoak baino erabaki zuzenagoak har ditzazuen.
Zeinen latza den halako gertaera gogorrak familiko guztiok elkar harturik ezin bizi izatea. Tamalez, horretara ere ohitu egiten da bat eta gure izaeraren ertz zorrotzak bat ere kamustuko direnik ez dugu jada espero. Gure zaharren akats berberak zeinen modu mingarri eta erridikuloan errepikatzen ari garen!
Lehenago anai bat (zuen osaba) galdu izanak ez digu nonbait nahikoa irakatsi egoera berrioi beste jarrera batez aurre egin ahal izateko.
Ez ahal da zuen artean halako etenik sortuko sekulan, umeok!
Izeba onik aterako da. Bere sofrikarioak dirauen artean, ordea, utz iezadazue esaten , haren ohe ondoan bageunde bezala, Kirmen Uribe idazlearen harako hura: Bitartean, heldu eskutik arreba...
Nork: habailaria.2008/04/02 18:36:22.813 GMT+2
Etiketak:
kronikak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat