Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/07 01:03:57.341 GMT+2

Bisita

Bidaian abiatuko naiz bihar arrebari ebakuntza egin dioten hirira. Ilusio handiz noa. Telefonoz hitz egin nuen atzo berarekin eta ahotsean ez zitzaion konbalezentziaren[1] aztarnarik igartzen. Argazki bat ere bidali zigun: burua guztiz soilduta eta esparatrapuzko txaplata handi bat buruaren gainaldetik garondo-azpiraino itsatsita. Gajoa. Laguntzaile dituen arrebek diote oso guapa [2] dagoela ilerik gabe.

 

Egunetik egunera hobera ari da egiten eta, suspertu ahala, etxekoen gertutasuna senti dezan da orain helburua. Ospitaleko lantaldeak hagitz ongi artatu ditu arreba zein familiartekoak baina, etxetik kilometro askotara egoteak berarekin dakar, ezinbestean, arrotz sentitzea.

 

Egoerak zerikusi handirik ez duen arren, nahi ez dudala ere, gogora datozkit anaia zenarekin ospitalean pasatako orduak. Eta, gomuta horiei lotuta, aurreko artikuluan aipatu Kirmen Uriberen "Bisita" poema. Halako gertaera gogor baten koadro zehatza eta hunkigarria  marrazten baitu Uribek, betiereko esaldi hura dakarrena: Bitartean

 

Barka ezazue errepika. Poema hori azken urteotako bidaidea dut…



[1] Eriondo, gaixondo, susperraldi,…

[2] Eder, galant, zirats,…

Nork: habailaria.2008/04/07 01:03:57.341 GMT+2
Etiketak: kronikak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru