Tradizioak pisu handia duen herri batekoak gara. Gure tradizioak patriarkatua gailendu du eta horrek ondorio sakonak utzi ditu; tradizio gehienekin gauza bera gertatu da. Baina tradizio baten zama pisutsuarekin amaitzeko zama dela ikusi behar dugu, horretaz behar gara konturatu. Sexismoarekin amaitzeko bide luze bat aurretik izan arren, lehen pausua eman dugu.
Konklusio honetara heldu ginen: gizonak eta emakumeak diskriminatzea ez dago ondo, zama da, zuzendu beharra. Mezua ulertu eta tradizioa suntsitzen hasi gara. Tradizioaren murruekin amaitzeko dinamita asko behar izan dugu; borroka ugari behar izan dira hau ulertzeko: bozkatzeko eskubidea, Alardeko gatazkak edo eraso sexisten aurkako kanpainak txosnetan. Hitz gutxitan, aldaketa txikiak egiten abiatzen den borroka da.
Orain arte sexismoa eta matxismoa ez ditugu ezberdindu eskutik elkar hartuta joan direlako, baina hau aldatu da. Sexismoak matxismoa gainditu du eta beste era batzuetan agertu da. Hembrismoari buruz ari naiz. Ziurrenik gehienok ez duzue hitza ezagutuko. Ez Xuxenek, ez Euskaltzaindiak. Lezon ospatutako Gazte Topagunean izan nuen hitz horren berri. Gaia jorratzen zen tailer batean parte hartu nuen eta hitza zein adiera, izugarri interesatu zitzaizkidan. Hembrismoa matxismoa bezalakoa da, baina emakumeengan. Hau ere, sexismoaren ondorioa. Beti gertatzen da, norbait zapaltzean defenditu egiten da, bere jarrera gogortu egiten da. Baina zinez deritzot hembrismoarekin ez goazela inora. Ez hembrismoarekin, ez matxismoarekin eta ezta sexismoarekin ere.
Horregatik gizonaren rola finkatu, zehaztu behar da. Orain arte gizarte erlazioetan hegemonia, ekonomian agintea eta etxearen nagusitasuna izan ditu. Trantsizio egoera bat da bizi duguna, botereak emakume eta gizonen artean banatzen hasi direlako. Badakigu zein den emakumearen helmuga berdintasuna, baina zeintzuk dira gizonaren helmugak? Zeintzuk rolak? Topaguneko tailerrean parte hartu zuen antropologoak gizonaren birkokatze honi buruz luze hitz egin zuen. Azaldu zuenez, emakumearen garrantzia etengabe handituz doa: gizartean, politikan, ekonomian; arlo guztietan. Baina emakumeen papera birplanteatu behar dela uste dut. Emakumeak etxean lan egiten zuen eta orain etxean eta kanpoan lan egitera pasatu da. Aurrerapausoa bai, baina hobetzeko asko geratzen zaigu oraindik, ezta?
Aldaketa hauek izan direla eta, gizon asko lekuz kanpo sentitzen dira, ez dira egoera berrira egokitzeko gai izan eta euren haserrea eta krisi emozionala isiltzeko; nagusitasuna mantentzeko biolentziara jotzen dute. Emakumeen aurkako biolentziara, hain zuzen.
Horregatik gizonaren inteligentzia emozionala landu behar dela uste dut, are gehiago, honen apologia egitera ausartzen naiz. Zein da gizonen rola egoera berri honetan? Gizon bat negarrez ikustea, gizon sentikorra, moda gustuko duena edota panpinekin jolasten duen umea ez daude ondo ikusita, ez dira normalak (tradizioaren normaltasunean).
Gizonaren rol hauekin amaitzeko halabeharrezkoa da maskulinitatea lantzea. Malkoak isurtzea, sufritzea, maitemintzea eta panpinekin jolastea gizonen gauzak direlako. Arrosa ez delako emakumeentzat eginiko kolorea ezta urdina gizonentzat eginikoa ere. Ezberdintasun fisikoak dauzkagu, besterik ez.
Arlo hauek jorratu ei dituzte asteburu honetan Barakaldoko Emakumeen jardunaldietan. Ez zidaten sartzen uzten eta, beraz, ez nintzen joan. Hembrismoa ote? Arazo honekin amaitzeko gizon eta emakumeen lana da beharrezkoa, ezinbestekoa. Gizonak kanpoan utzita ez dugu ezer lortuko. Hala ere, ulertzen dut emakumeek emakumeentzat jardunaldi bereiztuak behar izatea, haien gabeziak eta ildo estrategikoak erabakitzeko. Denbora baterako marjinazioa ote?
Feminismoa ez delako emakumeen gauza izan behar.
Emakume borrokalariak, maite zaituztegu!
Idatzi artikulu bat