2012/05/08 00:22:26.990 GMT+2
Joan den larunbatean, maiatzak 5, mendi
bizikletaz egin genuen ibilaldi eder hau. Martinen deia jaso bezain
pronto, prest nengoen Beasaingo lagunekin irteteko eta goizeko
9:00etan hasi ginen. Atzokoan zazpi lagun elkartu ginen:
Martin, Eliseo, Gabi, Alfonso, Jauntxo, Joxe eta ni. Beasaindik
abiatu ginen Lazkaora, bidegorrian zehar, eta handik, Ataunera
errekaz bestalde dagoen bidezidor ikusgarritik.
Ataun San Gregorion bidezidorretik
irten eta Ergoiena auzora eta handik aldapan gora Aia auzotik zehar
Urkillagara. Gero pistaz Lareoko urtegira.
Beste alderaino zeharkatu
eta hango zubitxoa pasa ondoren igoera berriz Enirioraino. Paraje
ederra da hau, Aralarko gehienak bezala.
Gero Jentilarri izeneko
trikuharria ikusi genuen. Gure arbasoen aztarnak zutik diraute
oraindik paraje hauetan.
Artzainak dira inguru hauen zaindari eta
artzain txabolak betetzen hasiak dira dagoeneko. Atzo bertan gora
zihoazen artaldeak pasa genituen. Negua behean igaro ondoren,
eguraldia goxatzen hasi denean, ardiak gora eramaten dituzte. Artzain
gazteak ere asko ziren. Artalde bakoitzean artzain nagusiarekin beste
bi edo hiru gazte zihoazen eta horrek adierazten du urteetan
jarraituko duela usadioak. Soka ez da eten eta, gazteak tarteko, ez
da erraz etengo. Bejondeiela!
Nork: ibiltarixa.2012/05/08 00:22:26.990 GMT+2
Etiketak:
mendi
bizikleta
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/23 01:59:16.582 GMT+1
Martxoaren 1ean hasitako ibilaldi hau
azkenera heldu da. Hasiera guztiek izaten dute bukaera eta hala behar
du gainera. Hiru aste luzetan ibili gara elurretan eta amaiera heldu
da. Arlandako aireportuan gaude sei ibiltari, etxerako hegazkinaren
zain, azken gauari aurre egiten, goiza noiz etorriko zain. Egun luzea
izan da gaurkoa, trasteak batu eta gogorapenak maletan sartzeko eguna.
Emoziorik ere ez du falta izan aireportura bidean gasolina gabe
gelditu garenean, eta hegaldiko txartelak baieztatu gabe genituelako
batzuek.
Baina, bestalde, egun alaia izan da.
Josuk esaten duen bezala, etxera itzultzeko gogoa ez daukan
ibiltarixa, malo. Eta etxean dagoenean ibiltzera irtetzeko gogoz ez
dagoena ere ez da ibiltari. Denok, gehiago edo gutxiago, arrazoi
desberdinengatik, etxera itzultzea desio dugu eta pozik gaude, iritsi
delako ordua eta ondo pasa dugulako elkarrekin. Nire kasuan pakeminak
eta etxeminak tiratzen nau, baina hauek ere badakite berriz
ibilaldixari ekingo diodala, bakarrik edo beraiekin.
Ane, Maider, Imanol, Alito eta Josu
izan ditut azken bidaia lagunak. Aurrez Kike eta Nagore eta gero
Andoni, Eba eta Raul. Ibiltari denok gara ibilaldia ondo ateratzearen
errudun eta horretan meritu gehien gidariak izan du, noski. Gogoan
izango dugu ibilaldi luze hau eta seguru nago, berriz ere, laster
prest egongo garela ibilian ibiltzeko. Hurrengo arte, jarraitu
gaituzuen denoi, zuek izan zaretelako gure ezkutuko zaindari.
Nork: ibiltarixa.2012/03/23 01:59:16.582 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/21 23:50:23.078 GMT+1
Lofoten irlak atzean utzi eta peninsulara goaz. Goiz jaiki gara ferrya hartzeko Moskenesen eta zazpiretarako furgonetarekin ilaran geunden ferrya noiz etorriko zain.

Bitartean gure atzeko italianoekin jardun naiz berriketan. Haiek ere iparraldean ibili dira eskiatzen.
Ferrya 08:00etan atera da eta 11:30ean Bodora iritsi gara.

Eguraldia txarra da gaurkoa. Euritan jaiki gara eta ilun jarraitzen du. Itsasoa ere ez dago bare eta salto batzuk eman ditugu. Hemendik atera eta zuzenean Suedia aldera egin dugu. Bidean ez dago azkar joaterik elur asko dago-eta. Suediara sartu orduko elur maila igo da eta bide osoan izan dugu lagun.

Bide ertzean, gasolindegi batean gelditu gara bazkaltzeko eta mahaiako elurra palarekin kendu behar izan dugu. Arratsaldean nahiko berandu iritsi gara Skellefteara eta hemen aurkitu dugu aterpetxea afaldu eta lo egiteko. Bihar goiz jaikiko gara Estokolmora iristeko.
Nork: ibiltarixa.2012/03/21 23:50:23.078 GMT+1
Etiketak:
bidaia
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/20 23:08:17.185 GMT+1
Atzo gauean, azkenean, Kabelbagen lo egin genuen. Goizean jaiki eta dena lainopean zegoen eta elurra mara-mara.

Svolvaer eta Kabelbag herriak ikusi ditugu goiz goibelean. Herri politak dira, baina neguko giro honekin ez dabil jende asko kaleetan.

Gero
Lofoten irletatik bidaian jarraitu dugu eta Henningsvaer arrantzaleen herritxoan egin dugu geldialdia. Lehenengo kalean bazkaldu dugu, baina sekulako hotza egiten zuen, ikusi besterik ez dago zein keinu ditugun gure aurpegietan.

Gero, herria bisitatu eta arrantzaleen joan-etorriak ikusten egon gara. Itsasontziak bakailaoz beteta sartu dira portura eta hustu ondoren berriz atera dira itsasora. Bakailaoaren arrantza oso inportantea da hemen eta bertatik bizi dira herriko gehienak neguan.
Hemendik hegoaldera joan gara ferrya hartzeko asmotan, baina aurretik Nusfjord herria ikusteko parada hartu dugu.

Herri txiki eta polita da hau ere eta, aurrekoan bezala, bakailaoaren arrantzatik bizi dira bertako biztanleak ere.

Azkenean, bakailao parea eman digute eta bidaia osoko ametsa beteko dut: bakailaoa jatea.
Sorvagenera jo dugu ferrya hartzera, baina iritsi garenean jakin dugu arazo teknikoak direla-eta gaueko hamabiak arte ez dela aterako eta planak aldatu ditugu.

Hemen lotan gelditzea pentsatu dugu eta bihar goizeko lehen ferrya hartzea Bodora joateko. Kostatu zaigu lotarako tokia aurkitzea, baina azkenean, Reineko arrantzale etxe polit batean afaldu eta lo egingo dugu.
Nork: ibiltarixa.2012/03/20 23:08:17.185 GMT+1
Etiketak:
bidaia
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/19 17:30:13.561 GMT+1
Atzo esan bezala
Stokmarknes herrian gaude. Goizean jaiki eta eskiatzera goaz. Eguraldi ederra dugu eta Storheia, hemengo mendi handiena, igotzea pentsatu dugu. Ez da oso altua, baina itsasertzetik irten eta 600 metro igoko ditugu gailurrera.

Eski pistetan zehar egin dugu lehen partea eta gero, pinudian zehar, aldapa gogorra igo dugu lehen leporaino. Hemengo ikuspegia zoragarria da: itsasoa behean, zerua goian eta tartean elurra eta gu, puff...!

Lepora igo ondoren, badirudi berehala iritsiko garela gailurrera, baina berriz ere mendian ilusio optikoak eta iristeko gogoak okertzen gaitu. Beste ordu erdia behar dugu gailurrera iristeko. Gainera tarte handiena izoztuta dago eta lanak izan ditugu zutik joaten.

Goian daukagun ikuspegia eta emozioa ezin da bi hitzetan adierazi. Ipar eskiko eskiekin igo dugu eta meritu handiagoa du, baina beherakoan daukagun aldapan pentsatzeak itzularazi gaitu.

Eguzkiak jotzen du, baina oraindik izotza da nagusi. Hala ere, animatu gara, nahiz eta hasieran konfiantza larregirik ez izan. Zenbat eta beherago egin orduan eta elur hobea dago eta hobeto jaitsi gara.

Hamabietarako behean gaude eta iraupen eskiko pistetan eskiatzen jarraitu dugu. Hemen gozada bat da eskiatzea. Bakarrik gaude pistetan.
Nork: ibiltarixa.2012/03/19 17:30:13.561 GMT+1
Etiketak:
eskia
bidaia
eta
ipar
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/19 14:36:03.249 GMT+1
Kirunatik atera eta egun osoa bidaian.
Lehenengo Abiskora joan gara, orain dela astebete alokatutako makilak
itzultzera. Gero, Norvegiarako mugarantz abiatu gara. Hona gerturatu
ahala menditsuagoa da eta elur gehiago dago mendian.
Muga pasatu
ondoren Narvikera jaisten hasi gara eta itsasoa berehala
dugu begien aurrean.
Elurra itsasoraino iristen da paraje hauetan eta
etxe koloretsuak besterik ez dira ageri elur artean.

Gure helburua Lofoten irletara joatea
da, baina aurrez Vesteralen irletatik pasa behar gara, nahiz eta
guretzat denak Lofoten irlak izan. Sortland herria pasa eta
Stormarknesera iritsi gara Hadseloya irlan. Errepidea itsasertzean dago eta sekulako zubiak daude irla batetik bestera pasatzeko. Kanpin baten gelditu gara eta bungalowa alokatu dugu lo egiteko. Laster hasi
da elurra mara-mara eta lehen zuria bazegoen ere oraindik zuriago
jarri du inguru guztia. Hala ere, kontuz ibili behar da azpian dena
izoztuta dagoelako. Ederra litzateke, mendian minik hartu ez
eta kalean erortzea.
Afaldu eta biharko plana egin dugu.
Goizean eguraldia ona bada eskiatu egingo dugu eta arratsaldean
Lofoten aldera joango gara ferryan.
Nork: ibiltarixa.2012/03/19 14:36:03.249 GMT+1
Etiketak:
bidaia
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/18 18:39:33.201 GMT+1
Larunbatean lasai hartu dugu eguna. Goizean, gosaldu ondoren, batzuk eskiatzen eta besteak furgoan joan gara Kirunatik
Jukkasjärvi herrira. Ezaguna da
Ice Hotel edo izotzezko hotelagatik eta turista asko joaten da bertara hotela ezagutzera. Izotzezko blokeekin egiten dute urtero eta munduko eskultore askok parte hartzen du hotelaren eraikuntzan. Aurten
Jose Pablo Arriaga eskultore markinarra ere hautatua izan da.
Gu ez gara hotelera sartu. Sarrera garestia iruditu zaigu eta kanpotik ibili gara eta samien herri polit hau ezagutzeko hartu dugu goiza. Banakako etxez osatua dago herria eta 400 urteko eliza polita du.

Egurrezkoa da eliza eta barrutik oso argitsua eta alaia. Organua ere ederra du, baina bereziena kapandorrea da.

Gero samien museoa ikusten izan gara eta beraien auzo bat ere ikusteko aukera izan dugu.

Arratsaldean batzuk Kirunako meategiak ikustera joan dira eta besteok lasai-lasai ibili gara. Afal ondoren, gauez, eskiatzera joan gara, eski pistak argiztatuta izaten dira-eta. Gainera aurora boreala ikusteko aukera izan dugu eskiatzaileok. Hotz dezente egiten zuen, baina demasa izan da gauez eskiatuz aurora boreala ikustea.
Nork: ibiltarixa.2012/03/18 18:39:33.201 GMT+1
Etiketak:
eskia
bidaia
eta
ipar
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/17 09:21:37.813 GMT+1
Azken etapa berezia izaten da gehienetan eta oraingoan ere bai. Alde batetik, helburua gertu dugulako lasaiago hartu dugu eta bestetik, hegazkin istripuaren kontu honek pixkat aztoratu egin gaitu.

Haizeak gogor jotzen zuen atzetik, baina ibilbidea oso ondo zegoen militarren makinak eta motoak pasa zirelako. Ondorioz, errazago eskiatu dugu.

Disfrutatzeko eguna izan da. Argazkiak atera eta patxadaz hartu dugu. Hala ere, une batzuetan haizea bortitza izan da eta ez genuen asko ikusten baina uste baino azkarrago iritsi gara Nikkaluotara.
Hau ibilbidean aurkitu dugun lehen herrixka da eta turismora bideratuta dago. Jendea hona etortzen da elurretako motoetan edo txakurrek tiratutako trineoetan ibiltzera eta bertako asko honetatik bizi dira.

Iritsi orduko bertako irrati-telebistakoak etorri zaizkigu istripuari buruz galdezka eta Josu elkarrizketatu dute. Suediako prentsan azalduko garelakoan hainbat txiste egin ditugu.


Hemen traste guztiak desmontatu eta lineako autobusa hartu dugu Kirunara joateko, han dugu-eta furgoneta. Ez da zaila hemen eskiak eta pulkak autobusean sartzea, autobusak prestatuta daudelako.
Nork: ibiltarixa.2012/03/17 09:21:37.813 GMT+1
Etiketak:
eskia
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/16 23:32:31.452 GMT+1
Atzo gauean, gure aterpean, militarren mugimendua hasi zen eta ez genekien zer gertatzen ari zen. Gehienak ohera joanda zeuden eta derrepente militarrez betetzen hasi zen aterpe handia. Berehala konturatu ginen zerbait larria gertatzen zela eta gero jakin genuen hegazkin bat erori zela Kebnekaise menditik gertuan eta bertan zihoazen militarrak desagertuta zeudela.

Gaur goizean jaiki garenean, mobida handiagoa zegoen barruan eta kanpoan. Militar suekoak eta norbegiarrak irten eta sartu, helikopteroak, motoak eta oruga itxurako ibilgailuak joan etorrian.

Nonbait abioia norbegiarra zen eta pasa ginen tokitik distantzia gutxira erori zen.
Aterpe osoa militarrez beteta eta ingurua ibilgailuz josita.
Gosaldu eta berehala atera gara. Bidean ere ibilgailu horietako askorekin gurutzatu gara eta horietako bat ia irauli da gu saihesteagatik.

Han gelditu da ez aurrera eta ez atzera elurretan.
Aurrera egin dugunak gu izan gara, han ezin genuen ezer egin-eta. Eguerdi aldera iritsi gara Nikkaluoktara eta hemen bertako egunkari bateko kazetariak galdetu digute istripuaz.
Gure harridura interneten honi buruzko
berria ikusi dugunean.
Kiruna herrira iritsi ondoren
Aftonbladet egunkarian ikusi dugu istripuaren berria.
Nork: ibiltarixa.2012/03/16 23:32:31.452 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2012/03/16 00:31:17.102 GMT+1
Etapa gogorra gaurkoa ere. Goizeko 6:00etan jaiki gara eta 7:15ean abiatu, gosalduta, kaka eginda eta pulkak prestatuta. Ez pentsa hau hain erraza denik. Eguna ondo hasteko hasierako pausuok ondo eman beharra dago. Aurrez aterpetxeko zaindariak esan digu lehenbailehen ateratzea gomendatzen digula arratsalderako haize gogorrak espero direla-eta.
Irten eta 7 Km.ra txabola bat dago bidean eta errusiarren talde batekin egin dugu topo. Ongi etorria eman eta gurekin argazkiak atera nahi zituzten. Lehenengo neskak Imanolengana gerturatu dira. Zer den gazte izatea!

Gero, 5 Km. pasa ondoren, Singi aterpera iritsi gara. Zaindariak agurtu gaitu eta honek ere aurreikuspen txarrak aurreratu dizkigu arratsalderako.

Zerbait jateko aprobetxatu dugu geldialdia eta 11:00etarako martxan ginen berriz. Gure taldean euforia nabari zen ondo gindoazelako baina ez zuen asko iraun. Uste baino lehenago haizeak gogor joten zigun atzetik.
Nork: ibiltarixa.2012/03/16 00:31:17.102 GMT+1
Etiketak:
eskia
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak