EUSKADIextrem 2013: 1.etapa Gasteiz-Beasain (103 Km)

Alberto Ibiltarixanak | 2013-09-21 00:00

Aurten lehen aldiz hartu dut parte Euskadiextrem 2013 proban. Aurreko urteetan ere izan dut gogoa baina ez dut egoki izan. Egunak edo hasiera/bukaerako herriak ez ditut izan eroso eta bakarrik joatea ez zen nire asmoa. Aurten, Beasainen bukatzen zen eta Martin apuntatu zenez, Eli eta ni ere animatu ginen. Beasainen izateak asko erraztu digu parte hartzea, bertan izan dugulako logistika guztia. Gasteizera Antxonek eraman gaitu eta Martinen etxea izanda nire hotela. Mila esker denei.

Goiz abiatu gara Gasteiz aldera Martinen furgonetan, Jon, Eneko, Eli, Martin, Antxon txoferra eta ni neu. Dorsala eman didan neska ezaguna da, Birginia eibartarra. Gero kontrol askotan elkartu gara eta beti izan dugu animoak ematen. Dorsalak eta txipak jarri, jan zerbait eta nerbioek eraginda komunera. Oso inportantea da komunetik pasatzea irten baino lehen, egun osoan lasai ibiltzeko. Argazkiak atera eta denok prest irtetzeko. Jon eta Eneko joan dira euren lagunekin aurrekaldean irtetzera eta gu atze samarrean atera gara lasai Gasteizko kaleetan zehar. Eguraldi ona dator baina fresko egiten du gure mesederako.

Lasai hasi gara baina tropela luzatu ahala abiadura azkartu da. Bide berdean zehar iritsi gara Ulibarriko urtegira eta, hau inguratu ondoren, Marietan gaude etaparen lehen anoa postuan. Zerbait jan eta edan eta eguneko lehen aldapari ekin diogu. Azkenerako asko gogortzen da aldapa baina lehena denez nahiko ondo gainditu dugu. Hala ere, aldapan gora atzetik aurrera egin dugu txirrindulariak aurreratuz. Gaina hartu ondoren oraindik gorantza jo dugu lokatza artean. Halako batean, Degurixako zelaigunea dugu barrenean eta harako jeitsierari gogorrari ekin diogu. Handik aurrera, Araoz arteko ibilbidea beti beherantza izan da baina bustia zegoenez zati batzuk arriskutsuak izan dira.

Araotzetik Gomistegira, errepidez, aldapaz gora nihoalarik gaztetako oroitzapenak etorri zaizkit gogora. 1970eko Aste santutan Urbian edo Araotz aldean pasatakoak gara. Orduko garai politiko zailetan Ugastegiko txabolan pasatako egunak pasa zaizkit burutik. Eibarko lagunekin harrapatutako mozkorrak eta Oinatiko neskekin egindako ahaleginak oroitzapenetan dauzkat zizelkaturik.

Martinen arrastorik ez daukagu. Nire aurrean zihoan eta orain ez dut ikusten. Hain azkar ote doa? Eli motel samar doa eta animatzen saiatu naiz. Laster gara Gomistegin eta han dator gure atzean Martin. Zer gertatu den, bada araotzen aurrera jarraitu duel ezkerrera hartu beharrean; eta guk uste genuen aurrean zela. Hemen Arkaitz eta Igor elgoibartarrekin elkartu naiz. Gaztez inguratuta gaude eta gu pozik oso atzean ez gaituztelako utzi. Platerkada pasta jan eta edari isotonikoak hartuta egoerari buelta eman diogu eta Urbiarako aldapari beste gogo batekin ekin diogu. Hemen Anna eta Sergi katalanekin elkartu gara eta zati handi batean elkarren ondoan izan ditugu. Azkenean, Anna lehen emakumea izan da.

Aldapan gora berpiztu egiten naiz eta argazkiak ateratzeko beta ere hartu dut. Atzean ikusi dut Udalaitz eta pena merezi du paisaje hori kamaran gordetzea. Azken zatia oinez egin ondoren Urbiarako bidea hartu dugu. Halako batean bizikletatik jeisteko agindua eman digute antolatzaileek. Parke naturala denez, Urbiarako jeitsiera oinez egin dugu antolatzaileen eskariz eta bizikletarako aproposa izan arren, denok oinez jeitsi gara aterperaino. Hemendik berriz aldapan gora Oltza aldera, basoa zeharkatu eta beherantza San Adrianera. Zulotik pasa ondoren ezkerrera egin dugu santi Espiritura. Hemen azken anoa postua aurkitu dugu eta jan-edan azkar bat egin ondoren handik beherako ibilbide bustian murgildu gara. Aldapan behera gehiago sufritu dut beste bi lagunei jarraitzen.

Azken zatia ez da zaila eta azkar egin dugu. Kostata baina bederatzi orduz azpitik heldu gara. Arratsaldeko 6:00etarako Beasaingo plazan sartu gara baina hemen jakin dugu, lehena, Martinen seme Jon izan dela eta 14:30etarako iritsi dela.Hain azkar iritsi da antolatzaileak ere ustekabean harrapatu dituela eta berriz helmugan sartzea eskatu diote argazkiak ateratzeko. Azkarregi bukatzeak halako komeriak dauzka. Gu horregatik ibili gara patxadaz. Eta helmugan garagardo pare bana edan ditugu heldu orduko, azpertuta gaude eta hainbeste isotoniko edaten. Ea biharko errakuperatzen garen.

 


Utzi iruzkina: