Kopenhage: askatasuna eta festa

Alberto Ibiltarixanak | 2012-07-23 17:51

 

Hirira iristeaz bat dena da desberdin. Jende asko kalean, bizikletaz beteta, musika nonahi, festa... Bistan da Kopenhage ez dela Oslo, ezta Stockolm ere. Eskandinaviako kapitalik animatuena eta zaratatsuena da. Nyhavn edo portu berria da jendetsuena eta argazki gehien jasotzen dituena. Belauntziz betetako kanala da turisten elkargunea eta, guk ere, hemendik abiatuz hiria zeharkatu dugu itsasoz eta kanaletatik. Beste ikuspegi bat da uretatik ikusten dena, batez ere eraikinak ikusteko. Opera inguratu dugu eta kristalezko itsasontzia dirudi.

Egun hauetan Jazzaldia dago hemen eta kalean aurki daitezke jazz taldeak. Portuan bertan aurkitu ditugu batzuk eta bertan egon gara entzuten garagardoa edanez. Adin askotariko jendea bildu da han, baina helduak gehiago direla esango nuke. Donostiako jazzaldian egongo ez garenez, hemengoaz gozatu dugu zenbait unetan. Bestalde, gaur, uztailak 14, Frantziako errepublikaren eguna da eta hemengo frantsesek ere ospatzen dute. Kale oso bat hartu dute euren festa ospatzeko jan-edanak prestatuz eta musikaz alaituz.

Bidaian Ramiro eta Anjeles galego-asturianoekin egin dugu topo eta azkenerako bidaia lagun bihurtu zaizkigu eta konplizidadea sortu da gure artean. Uste dut jarraituko duela gure harremanak, izan ere, zeltak eta baskoiak leku beretik etor daitezke-eta, bikingoen herritik.

Igandean hiria autobusez ikusi dugu: Museo Nazionala, Christianborg jauregia, Amalienborg jauregia, Sirenatxoa... Hainbat eraikin eder, baina eraikinak soilik ez dira interesgarri euren inguruko historia ez bada ezagutzen. Gero merkatu plazara joan gara eta jakiak eta edariak ikusten liluratu gara. Bertan bazkaltzeko aprobetxatu dugu eta afaltzeko ere erosi ditugu jan-edanak. Batzuentzat gutxitxo, baina hango prezioak ikusita dagoenarekin konformatu behar. Txileko ardo zuria ederki sartu da eta beste bi botila ere hustuko genituzke baina... mozkorra harrapatzekotan hobe gure herrian.

Astelehena iritsi da eta guk hemen jarraituko dugu nahiz eta beste lau lagunek etxerako bidea hartu. Guk trena hartu eta Selandiako iparraldera joko dugu.



Utzi iruzkina: