Pelikularen izena Se Jie (Mandarinez); Lust, Caution (Ingelesez); Deseo, Peligro (Espainieraz) da, eta 1938 eta 1942 artean japoniarrek okupaturiko Shangai eta Hong Kong-en kokatzen da. Bertan antzerki talde bateko kideek sentimendu nazionalistak jarraituz, urteekin zelula komunista bihurtuko direlarik, Txinako gobernu kolaborazionistako ministroetako bat (Yee jauna) hiltzea erabakitzen du, horretarako taldeko neska gazteena amu bezala erabiliz. Hortik sortuko den erlazioa, erotismo sakonez jantzia, izango da filmaren haria istorio tragiko honetan. Wong Chia Chi-k (Mai anderea) eszena gogor batean dioenak laburbiltzen du filma 'berak suge batek bezala nire bihotzera iristea lortu du, gogor eutsi dio eta kosk egin. Orain nire lana bere bihotzarekin berdina egitea da'.

Pelikula izugarri ona iruditu zait. Film klasikoen ikutua du eta estetikoki zirrara sortzen du. Bi aktore nagusien lanak benetan sinesgarria egiten du pertsonaien arteko erlazioa eta tentsio erotikoa. Zinema asiar hoberenak eman dizkigun eszena eta pasarte erotikoen mailara iristen diren eszenak daude, batzuk esplizituak eta besteak ez, baina azken hauek dira seguruenik film honetan emozioz kargatuen daudenak.
Informazio gehiago filmaren web orri ofizialean aurkitu daiteke, musika ere entzun daiteke bertan, gustatu zaidana ere. bestela trailerrak ikusgai daude Youtuben.
Laburbilduz, Wei Tang aktoreak bizitza ematen dion pelikulako protagonistaz maitemindurik atera nintzen zinetik, neskalagunari atera eta berehala aitortu nionez.

Erantzunak
Nork: Luistxo.2008/01/15 08:26:50.066 GMT+1
http://eibar.org/blogak/luistxo