Egun hauetan Arakilgo Udalak pista batzuk egin ditu aterpera eta Trinitateko baselizara doan bidean, Erga mendiko tontorretik metro gutxira.
Duela hamar urte inguru Udalak baso itxitura gisa egindako bi metroko pista —egun beharrezkoa ez dena— , orain 3,50 metro ditu toki batzuetan, eta zenbait puntutan baita 5,00 metro ere. Pista horren inguruetan hainbat adar egin dira sutako-egurra egiteko eta etorkizunean —proiektuaren arabera betiere— "Udalari diru-sarrera handiak ekarriko dizkion kalitatezko egurra ateratzeko”.
Bestalde, proiektuak honakoa dio: "kontuan harturik erromeriara joaten den jende andana, ezinbestekoa da bertaratzen direnen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea, eta sarbideen egoera kontuan harturik, gaur egun hori ezin da inolaz ere bermatu"
Iratxo elkarteko Mendi Saileko kideok uste dugu egindako pistak ez zirela beharrezkoak. Izan ere, Erga mendira, bertako aterpera edo baselizara Aizkorbetik, Irurtzundik, Latasatik, Erasotik edo Aginagara joan daiteke arazorik gabe. Sekula ez diogu inori entzun bidea handitu behar zenik, eta baso-bide ederra zena bost metroko pista bilakatu.
Zalantzarik gabe, dirutza gastatu da alferrik (25.000 €). Ezin dugu ulertu zergatik Arakilgo Udalak onartu duen obra hori egitea, eta zergatik Nafarroako Gobernuak onetsi duen batere zentzurik ez duen proiektua —150 zuhaitz baino gehiago moztu dira eta baso-pista izugarria egin dute Erga mendia bezain enblematikoa den alderdian, Aralar mendiaren inguruetan—.
IRATXO ELKARTEKO MENDI SAILA. IRURTZUN

Idatzi artikulu bat