Irurtzunen, herri inauteriak, frankismo garaian, debeku eta inposaketaren ondorioz galtzen eta ahazten joan ziren. Gure herrian, duela hogeita bost bat urte arte ez zen neguko festa pagana hau berrospatu izan.
Atakondoa eskolako irakasle erta guraso animoso batzuk, udalaren laguntzarekin asmatu egin zuten Irurtzungo inauteriko eginkizun modernoa.
Hasiera batean, Garizuma aurreko ostiral arratsaldean egiten zen inauteri eguna, eskolan hasi, txaranga batekin dantzatu eta mozorroa erakutsi, herriko kaleak zeharkatu txistorra eskatzen zen bitartean, jarraian txistorra jan eta herri afaria egin eskolako jantokian, egunsentia azaldu arte eta musukariek haizerik gabe geratu arte.
Ez zen pertsonairik asmatu, ez erritu , dantza, jantzi berezirik berreskuratu . Inauteri festak duen plastizitatea, bizi poza, kolorea, ustekabea, ikusmenena, dastamena, ukimena garatzeko garaia berreskuratu nahi izan zen eta lortu zela bistan da.
Saiakera ugari egin dira hogeita bost urte hauetan , ahalegin , lana eta ardura Irurtzungo inauteria errotzeko eta festa partehartzailea bihurtzeko. Eta horrela jarraitzen dugu, indarrak konpartitzen eta gogoa bersortzen.
Aldaketak eta birmoldaketak izan dira eta ia urtero proposamen berriak daude ospakizuna aurrera ateratzeko.
Gaur egun, eskolan hasten jarraitzen du eta agian herriko gazte eta helduentzat larunbateko ospakizuna da garrantzitsuena, haiek bereziki parte hartzen dutelako, baina eskolan egiten dena , haurren partaidetza, irakasle eta gurasoen ardura goraipatu nahi dut.
Aurten, Atakondoan otsailaren 20an, ostirala goizeko jarduna berezia izango da. Gure betiko janzkera, gure eguneroko nortasuna, gure goizetako aurpegi lotiak berraldatuko ditugu. Kanpotik beste batzuk izango gara, barnetik ordea, ez dugu erabat aldatu nahi, hobetu, besterik ez. Hortxe egongo gara zuen aurrean , gure fikziozko eta ipuinetako pertsonaiak erakusten, bizitza emango diegu eta sekulan baino hobe dantzatuko dute.
Jolastoki erdian, protagonista izan nahiean gure Marigorri egongo da. Su eta gar bihurtu behar du, datorren urtean berriz paperezko bihotza eduki ahal izateko.
Desfilea egin ondoren, Guraso Elkartekoaek hamaiketakoa emango digute indarrak har ditzagun herritik barna, txarangarekin joan gaitezen, gure poza, algara, kolore ta magia erakuts ditzagun.
Eskolara hurbil zaitezten animatu nahi zaituztegu eta nahi izanez gero, gurekin mozorratu.

Idatzi artikulu bat