Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/05/03 01:07:11.345 GMT+2

Irakurri, Gozatu eta Oparitu

Aizpea, Irurtzungo Euskara Taldeak, Pikuxar Euskal Txokoak eta Kima Euskara Taldeak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin elkarlanean, “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” kanpainaren hirugarren edizioa antolatu dute. Horretan Irurtzun eta Altsasuko udal liburutegien laguntza izan dugu. Baita Martxueta, Elustondo Estankoa  eta Urteaga liburu-denden laguntza ere. Kanpaina, Irurtzunen eta Altsasun bezala Euskal Herriko 19 herrietan gauzatuko da.

 

Apirilaren 23an hasiko da kanpaina, Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta hiru hilabeteren ondoren garilaren 24an despedituko da. Zergatik uda partean? Uda izaten delako jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

 

Irakurri

Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.

 

Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako 90 liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egonen da eskuragarri. Zerrenda hori Uxue Alberdi idazleak prestatu du, zenbait liburutegitako arduradunek egindako proposamenak bateratuz. Oraingoan ere, ehun liburuetatik 90 berberak izanen dira leku guztietan, eta beste hamarrak Sakanarekin lotura zuzena dutenak dira.*

 

Gozatu

Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, noski, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

 

Oparitu

Azken pausua, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa Euskara Elkarteko kidea izanez gero.

 

            Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

 

            Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:

- Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea.

- Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea.

- Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

 

            Aurrekoetan bezala, egitasmoak bere webgune propioa dauka aurten ere. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak, eta gainera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Horrela, irakurleek aukera izango dute aukeratutako liburuen inguruko iritzi trukea egiteko. Hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri: www.topagunea.org/irakurri

*

 Juanjo Olasagarre: T (trajediaren poza), Alberdania 2008

Jon Arretxe: Fatum, Elkar 2008

Castillo Suarez:  Souvenir, Elkar 2008

Orhan Pamuk: Elurra, Elkar 2007 (itzultzaileak Monika Etxeberria eta Fernando Rey)

Aritza Bergara: Mitologika. Astiberri

Bernardo Atxaga: Sara izeneko gizona, Pamiela, 1996

Maria Markotegi: Izarratu, Txalaparta, 1998

Kima Euskara Taldea: Joxe Iriarte Bertsolaria eta bere garaiko Altsasu, KIMA euskara taldea, 2006

Jose Luis Erdozia; Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste. Nafarroako Gobernua/BIERRIK elkartea, 2003

Jose Mari Satrustegi, Mattin Mottela, Sakanako ipuinak, Ibaizabal,1997

Nork: aizpea.2009/05/03 01:07:11.345 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru