Eskuina negarrez ari da, krisi latza bizitzen ari baikara.
Eskuinak negar egiten du ez duelako zezakeen beste irabazten.
Eskuinak tipula malkoz esaten ari zaizu haudenonarteankonpondukodugula, erruaren izen-deiturak ezkutatzen dituelarik.
Eskuinak negar anpulu lodiz diotsu gerrikoa estutzeko: zure gerrikoa, alegia.
Eskuinek
-euskolabeldunak eta ezker mozorroa daramanak- emozioak kraskatutako
ahotsez esaten dizute ez dagoela dirurik eskoletarako, osasunerako,
erretretak ordaintzeko...
Eskuinak Ai, ze pena! dio aingeru aurpegiz. Eta zintz egin ostean tipula malko lodiak lehortzen ditu hasperenka.
Baina eskuinari arretaz begiratzen badiozu, somatuko duzu nahi gabe atera zaion irri
bat ezkutatzeko
ahaleginetan ari dela; erreparatuko
diozu lerdea dariola dagoela harrapakinari -zuri zeuri- begira.
Ume,
kontuz eskuinarekin: krokodiloari bezala, barailak biktimaren inguruan
estutzeko indarra egiten duenean ateratzen baitzaizkio malkoak eskuinari.
Hala da, bai: zeure gorputza osatzen duen atomo
bakoitza izar baten eztandaren ondoren -supernoba baten ondoren- da sortua. Are
gehiago, seguru aski zure ezker eskuko atomoak eta eskuinekoak, esaterako, izar
desberdinetan sortu ziren. Pentsa dezakezu -eta egia litzateke- zu zeu jaio
zintezen izar bat hil zela.
Pentsatzen
jarrita... adinean aurrera joatea erabili behar dugun ukendu kopuruaren
arabera neur daiteke. Behin berrogeiak aspaldi atzean utzita, izugarri
hazten da gorputzean sakabanatu beharreko krema multzoa: ukondoetako
erroitzetarako baltsamoa, eskuetako arrakaletarako ukendu norvegiarra,
buruko soilgunea babesteko gantzua... Eta gaitzerdi, ez badugu erabili
behar ixilean sufritzeari uzteko beste hura. Adinarekin pitzatu egiten garela, alegia. Eta zentzu baten baino gehiagotan, gainera.
Aspaldian aipatu genuen zientzia f(r)ikzioa eta literatura erotikoaren
arteko harreman estua. Eta, pentsatzen jarrita, oraintsu oso boladan
dagoen autof(r)ikzioa ere kokatu beharko genuke literatura erotikoa
atalean. Ageriko arrazoiengatik.
Ximena Dahm artegatuta zebilen goiz hartan; ez zen
gutxiagorako, egun hartan hasiko baitzen eskolan lehenbizi. Arineketan
zihoan ispilu batetik bestera etxe guztitik. Halako joan-etorri urduri
batean zoruan zegoen poltsa batekin estropozo egin eta luze erori zen
lurrera. Ez zuen negar egin, bai haserretu: -Zer egiten du kakazahar honek hemen!? Amak arteztu nahi izan zuen alaba: -Laztana, hori ez da esaten. Eta Ximenak, lurretik, jakin nahi izan zuen: -Ama, eta zertarako daude, ba, esaten ez diren hitzak?
Denboraren ahoakEduardo Galeanoren testuak dira, Bocas del tiempo liburutik hartu eta ahal bezala itzuli ditudanak.
Andrea eta gizona pantailan, porno heteroa beraz. Telebista soinurik
gabe daukat pornografia ikusteko ez baita beharrezkoa entzutea gaiaz
jabetzeko.
Berriak irakurtzen hasi dira, irudiak lagun: Ertzainak
itzuli dira Haititik eta Rodolfo Aresek egiten die ongietorria kameren
aurrean, aireportuan bertan. Argazkia ateratzen dute. Txakurrak
argazkian. Hondakinetan bila ari izan direnetako txakur batek korrika
egin nahi du aurrerantz baina gogor teinkatzen du uhala polizia batek:
-Geldi hor! Argazkian atera behar dugu eta! esan nahi lioke.
Prentsaurrekoan polizia bat negarrez hasi da igarotakoa gogoratzean, kamerak berari begira.
Hunkigarria.
Berri gehiago: Soldadu espainiarren irudiak orain,
bandera hori-gorri erraldoiaren itzalpean soldaduak ura eta janari
paketeak diruditenak banatzen ari dira. Haur beltzek irribarretsu,
urduri eta kamerari begira hartzen dituzte.
Irudi gehiago: Hegazkin sabel lodiek zerutik
askatzen dituzten kutxak jauzkailuz heltzen dira lurrera. Armada
ezezagun bateko soldadu gehiago ari dira zerutiko opariak banatzen.
Armen mehatxupean lortzen dute soldadu zuriek pobre beltzak iladatan
jartzea elikagaiak hartzeko. Kamerak han dira, begira.
Telebistan ikusten ari naizen exhibizio inpudiko honen guztiaren
aurrean indargabe sentitzen naiz. -Zelan engainatzen gaituzten! otu
zait, antzu.
Hardcore porn, pentsatu dut, porno gogorra. Eta ohartu naiz hard core bihotz gogorra lez itzul litekeela.
Eguneraketa: Porno gehiago. Lehen bi minutuak entzutearekin nahikoa.
Jozulin ez dut izena, baina txikitan Morenito de Zamakoa esaten zidaten; Josu Lezameta lez ere ezagutzen naute eta honako hau naizela esango nuke, nahiz ez orden honetan, beharbada: gurasoa, euskara irakaslea, jazzalea, bateriajole amateurra, irakurle alperra... Burutik pasatzearekin nahikoa ez, eta bertan geratzea erabakitzen duten gaiez ibiliko natzaizue blog honetan, gaiez gai, mitxirrikaren hegaldia bezain aldakor. Denetarik apur bat, ehun eta piku hitzetan, astean behin edo bitan. Gutxi barru neuk baino hobeto ezagutuko nauzue. Hemen aurkituko dituzun begitantziño hauei erantzutea daukazue; horixe nahi nuke, hain zuzen ere. On egin!