Bloga duzuenok
jakingo duzue zer den hozkailua (*): idazten duzu zerbait eta hor geratzen da
karpeta batean hasita, borobildu gabe. Edo momentua pasatu zaiola deritzozu
bat-batean. Hozkailua deitzen diot nik karpeta horri eta hasiko naiz bertatik
gauzak ateratzen, iraungitze data etorriko zaie bestela. Hona lehena:
Ventanal
Etxe aldaketarekin
deskubritzen hasi naiz berriro ahaztutako gauzen dirdira. Disko hau, binilozko
LP-a, aurkitu dut eta hau zeukan itsatsita. Bazen Galdakaon –nire adinkideek
gogoratuko dute- disko denda bat Ventanal izenekoa; bertan Jorgek eta bere
anaiak diskoak, liburuak eta, tarteka eta enkarguz, musika ekipoak ere saltzen zituzten: anpliak, baffleak, platoak, pletinak... (**) Garai hartan klase
partikularrak emanez ateratzen nuen dirutxo hura hilean disko bat eta liburu
bat erosten joaten zitzaidan, garagardo eta tabakorakoa kenduta -hori bai,
lehenengoa lehenengoa baita-. Eta ez ezazue pentsa liburua eta diskoa –batez
ere diskoa- aukeratzea bat-batekoa zenik: arratsaldeak ematen genituen
Ventanalen disko hau eta bestea aditzen, musika ekipo diferentetan entzuten...
Biniloa arreta handiz garbitu eta plato
gainean jarriko genuen eta esango zigun Jorgek: -Mira qué diferencia entre la cápsula cerámica y la magnética... ea
zeinekin entzuten zen ondoen. Hala
pasatzen genituen gaztaroko (***) arratsalde luze haiek, hontaz eta hartaz
berbetan.
Azkenean denda
itxi egin zuten, zer egingo zuten bestela, eta handik urte batzuetara Jorgerekin
topo egin nuen ezustean: Ezkonduta zegoen, Coca-Cola-n zebilen lanean eta anaia
Madrilera joana zen aspaldi.
(*) Blogari
handiek, egunero-egunero idazten duten horiek, hozkailuan testu
atenporalak gordetzen dituzte gaixoaldietan edo ideia-lehorteetan idatzi ezin badute, handik
zerbait ateratzeko. Esan zuen behin Anjel Lertxundik berak ezetz, ez zeukala
hozkailurik eta pantaila zuriaren aurrean jartzen zela egunero-eguneroko mezua
idazteko. Eta pentsatzen dut trapezistarik onenak baino ez direla ibiltzen
sarerik gabe.
(**) Behialako hiztegian
bizi ziren hitzok, gaur egun inork ere erabiltzen ez dituenak.
(***) Ikusten
duzuenez, 1981 hartan erosi nuen diskoa, 18 urte guri nituela.
Oharra: Hau
irakurrita gogoratu naiz Ventanal-eko garai urrun haietaz.

Idatzi artikulu bat