XIXgarren mende bukaeran Buenos Aires hiria Argentinar Errepublika Federaleko kapitala izendatu zuten. Ondorioz, Buenos Aires probintziari beste hiriburu bat topatu behar izan zioten, hobeto esateko, hiri berri bat eraiki zuten, La Plata. Hutsetik sortu zuten probintziako hiriburu hau, eta horretarako bertako arkitekto bati hiria planifika zezan eskatu zioten. Hiri bat oinarrizko zimenduetatik eraikitzea benetan asmo handiko erronka dela aitortu behar da... Behin diseinua zehaztuta, italiar igeltsero tropel batek eman zion forma eta bizia hiri berriari.
Gaur larunbata da, goizeko hamaikak Buenos Airesen. Tren estaziora hurbildu naiz, horko leihatilan txartela erosi dut, bi peso eta erdi, ia musutruk, eta La Platarantz abiatu naiz. Han lagun bat dut itxoiten, Santiago. Nioen bezala, La Plata zehazki diseinatutako hiria da, kuadrarik kuadra, kalerik kale aurretiaz proiektatutako hiria da, guztiz planifikatua, oso pentsatua. Karratu perfektu batean era ia simetrikoan gurutzatzen dira karrikak, etorbideak eta diagonalak. Hasiera batean, kaleek gizon ospetsuen eta leku jakinen izenak zituzten, baina gaur egun sexu eta jatorri espazialik gabeko zenbaki finitoek izendatzen dituzte kaleok. Honela bada, adibidez, Santiago 61 kalean bizi da, 1 eta 115 bitartean...
La Platan unibertsitate publiko garrantzitsuak daude, ingeniaritza fakultatea, gizarte-zientzien fakultatea, medikuntza fakultatea, arkitektura fakultatea... Arte ederretako eraikinaren hormetan diktadura garaian ikasleentzat diru-laguntzak eskatzearren desagerrarazi egin zituzten sei adin txikiko gazteen irudiak ikus daitezke (La Noche de los Lápices)...
Santiago zuzenbide ikasketak ari da burutzen, eta dena ondo badoa aurten lizentziatuko da, hala bedi. Lan eta lan dabil mutila, baina gaur gauean parrandan aterako gara, zer erremedio, nire bisitari ezin muzin egin. Iluntzean, lehendabizi, La Platako Euskal Etxetik pasatu gara bere adiskideen bila, eta gero ‘El Galpón de Tolosa’ izeneko etxe okupatu eta kultur gunera egin dugu erromesaldia... Jai giro galanta topatu dugu bertan, musika alaia, adin guztietako jendea dantzan, enpanada beroak eta garagardo freskoa, artisautza azoka internazionala eta denetariko bandera koloretsuak...
Euskal diasporak aipamen berezi bat merezi duela iruditzen zait. Mahai baten inguruan bildu gara zortzi bat gazte, eta hizketaldi interesgarria izan dugu... Lotsagarria da EAJak nola monopolizatu dituen Euskal Etxeak, dudarik gabe bozka eta interes ekonomikoak bultzatuta. Esan behar da euskaldun askok botere handia lortu zutela argentinar lur eremu zabalak bereganatu ondoren, eta jaurlaritzaren bidez lur-jabe hauen mesedea eskuratu du jeltzaleen hegemonia politikoak urte askoren buruan. Ez hori bakarrik, diasporaren irudikapen kolektiboaz ere jabetu nahi izan da, ai ai ai...
Baina poztekoa da ikustea gazte hauek doktrina ofizial horrekiko iritzi kritikoa dutela, badakitela Euskal Herria Euzkadi baino askoz gehiago dela, ezagutzen dutela euskal preso politikoen borroka, eta babestu ere babesten dutela... Harrigarria da euskararekiko duten kuriositate eta konpromezu hori, eta miresgarria gure herri zaharrarekiko duten maitasuna... Hain urrun egonda, hain daude hurbil...



Erantzunak
Nork: kepa.2010/09/14 15:52:48.027 GMT+2
Nork: kartzel.2010/09/15 23:34:39.804 GMT+2
Abentura bitxiak bizi ditu zuen korrespontsal horrek! "Nik ere, nahi nuke, izan txikia bezalaaa, hain goian, hain trebe, izateko llibre..." a zer nolako enbidia!
Nork: Rocco Dromo.2010/09/16 16:40:30.465 GMT+2
Nork: Kobein.2010/09/17 12:37:59.101 GMT+2
Nork: txit!!.2010/09/21 11:52:15.686 GMT+2
Nork: Gorka.2010/09/28 10:53:30.189 GMT+2
http://www.ibaimusic.com
Nork: monk.2010/10/06 20:40:19.884 GMT+2
"Basauntzen" orroak entzun dire basoan ilunetan, eta, animaliagoak diren ohiu eta zantzoak tabernan, be.
Gaztainek batu doguz basoan, ta Kastaña batzuk be tabernan.
Perretxikotan joan danak...tabernara ekarri dauz Sisa, Nikalo ta Hongoak. Gozo-gozoak barriz!
Mongitan igon beharko da oingoan.
Osterantzean, hemetik, zaharrak barri.
Axular herriko tabernatik, mosu handi handi bat, Axular Begiraino edo...!
Nork: Saioa.2010/10/23 12:23:45.191 GMT+2
Nork: billi.2010/11/08 00:03:12.671 GMT+1