Larunbatean Loiuko aireportuan izan nintzen. Fakturatu eta berehala eskuratu zidaten Europar Batasunak ezarritako segurtasun neurri berriak azaltzen dituen libelo bat. Legalitatearen barruan bidaiatzeko prest nengoela uste nuen, baina txundituta geratu nintzen neurri horietako batek bete-betean harrapatzen ninduela ikusterakoan.
Ez naiz likido edota objektu zorrotzez ari, horietaz txintxo-txintxo libratu bainintzen. Orain arte nahiko ezkutuan mantendu nahi izan duten beste neurri batetaz ari naiz. Antza denez Europar Batasunak LIBURUA objektu arriskutsutzat jo du. Bai, lagunok, hemendik aurrera ezingo dugu liburuekin hegazkinez bidaiatu. CIAk desartikulaturiko plan kriminal eta terrorista baten oinarria omen zen liburua. Bahiketak, txikizioa, masakreak. Dena liburuekin, terroristek aurkitutako arma orain arte eskuragarri horrekin.

Ukitu duzue inoiz liburu-orri baten ertza? Zorrotza da, ezta? Odola eta guzti atera dezake, gogoz egiten bada. Ba imajinatu zer izan daitekeen liburu bat Afganistango entrenamendu zelaietan hezituriko terrorista batentzat. Iaioak omen dira aortak eta bestelako arteriak mozten, edo mozteko mehatxuarekin edozer gauza lortzen.
Gogoan izan, libururik ez bidaietan. Gure segurtasunagatik. Albokoarekin hitz egin dezakegu, edo leihatilatik begiratu.
Dirudienez, epe motzean neurri hau zabaltzeko asmoa dago. Ez bakarrik abioietan, bestelako garraiobide eta eraikin ofizialetan ere murriztu nahi omen dute liburuen sarrera. Liburu batekin bidaiatzea edo eraikin ofizial batean sartzea ezinbestekoa balitz, segurtasun-indarren prezinto berezi bat beharko du liburuak, eta ezingo da aipaturiko tokietan zabaldu.
Liburutegi, eskola eta unibertsitateek ardura berezia izan beharko dute hemendik aurrera. Guardiak, scanerrak eta bideo-kamerak gomendatzen dira apalategien aurrean. Oro har, liburuak erabili eta irakurtzen dituztenen gaineko kontrola saiatuko da, liburu batzuk besteak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela kontuan izanda.
Etxeetan liburuak izatea momentuz ez dute debekatuko, baina, hori bai, liburu-erosleen erregistro zorrotz bati ekingo diote. liburu-denden laguntzarekin. Baten batek liburu gehiegi erosten badu, kontrol bisita bat izango du, autoritateek argitu dezaten kultur-egarri hutsez edo bestelako asmoekin ari den liburu pilaketa bat egiten.
Bestalde, egunotan liburu bat erosteko baimen berezia behar ote den eztabaidatzen ari dira Europako Parlamentuan. Neurri hau onartzekotan froga psikotekniko zorrotz bat igarotzen dutenek baino ezingo dute liburuak erosteko baimena eskuratu.
Azkenik, liburu azoka eta antzekoak Arrisku Handiko Ekitaldi moduan izendatuko dira, publiko masifikazio, kontrol falta eta liburu kontzentrazioagatik.
Beraz, aurtengoa duzue, seguru asko, Durangoko Azokara gerturatzeko azken aukera. Aprobetxa ezazue.

Erantzunak
Aizu, Susa.-koen marketin biral kanpainarako gidoitxoa idatzi duzu nahi gabe. Ea nor animatzen den spota egiten. Nik zera... "Gogoa, gogoa banuela baina, astirik ez, astirik ez..." :
http://www.armiarma.com/emailuok/?p=684
Nork: axi olano.2006/11/29 16:09:10.028 GMT+1
www.blogak.com/zabormila
i-pod sariketak badu irabazlea.
Nork: xme.2006/11/30 11:51:26.289 GMT+1
www.eibar.org/blogak/mendiguren
Ironia "fin" honekin AHTa deskarrilatuko duzu!!
Aupa Katixa,
gurekin jai daukazu. Ipotxa guretzako!
Nork: AHTrik Ez.2006/12/04 13:46:55.223 GMT+1
http://www.blogak.com/goierrikoahtez
Nork: Jabi.2006/12/10 18:21:18.959 GMT+1
http://www.sarean.com
Nork: Amelie.2006/12/14 14:50:42.055 GMT+1
www.blogari.net/azkenportu