AMED

kurdistan 1456150623462 KURDİSTAN | 2006-05-19 18:12

Tigrisen emaria da gerrillarien odola. Isilik igarotzen du armadunaren kontrola. Zelaiak ureztatzeko herri mina dariola, suminondoak loratuz; mendekuaren arbola. Debekatutako hitzez eraikitako etxola, Kurdistan desagertzetik babesten duen oskola. Zerutik datozen bonbak Tigrisi ez zaizkio axola, uraren bidea ezin baita gelditu inola.

Abdullah Duran, Enez Ata eta Ugur Kaymaz, sei, zortzi eta hamabi urtekoak dira Turkiar Ejertzitoak hildako azken terrorista kurduak. Eroritako lau gerrillari kurduren hileta basatiki erreprimitu zuten Polizia eta Ejertzito Turkiarrak. Hemen Ertzaintzak orain gutxi egin zuen moduan. Eta bere etxeko balkoian zeuden haurtxoak hilik suertatu ziren beste hamaika lagunekin batera. Lau eguneko greba orokorraren ondoren gazte jaialdia antolatu zuen gehiengo independentista duen milioi eta erdi biztanleko udalak, haurtxoen oroimenez. Hemen gaude gu, gure musika tresna eta kantuekin. Eta gure joaldiak grabatzen, gure kolore arrarodun ikurrin eta presoen ikurragatik galdezka, uniformerik gabeko txakurrak.

Turkiar Estatuak kurduen existentzia bera ere ez du onartzen. Hogei milioi diren arren. Abdullah Ocalanen epaiketaren harira emandako su-etenak ez du ezer ere aldatu. Ondorioz, frente militarra zabalik da berriro ere. Irakeko kurduen autonomia eta garaipen militarrak enparanoiatuta dauzka Turkiar agintariak. AEBekin harremanak hausteraino.

Europa bitartean, isilik.

Fredi Paia


Utzi iruzkina: