Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/18

Egunkariaren aldeko bertso sorta

SORTA ENTZUN!


DOINUA: Oskorriren "Forjariaren kanta"

Orain bost urte etorri ziren

Guardia Zibilak gurera

eta eraman Egunkariko

langileak espetxera.

Herri oso bat mobilizatu

eta irten zen kalera

esanez ozen, beldurrik gabe

EGUNKARIA AURRERA!

EGUNKARIA aurrera libre

mintzo da Euskal Herria

Faltsukeriak eta gezurrak

ez digu kentzen irria

Hordago handira, aukeratu

erosi beti BERRIA.


Tortura eta basakeria

hori da demokrazia

Egunkariak ikusi zuen

otsoaren justizia

zoritxarrean ohituta gaude

ta heldu zen sententzia:

Euskaldunak izateagatik

zigorra eta desgrazia.

 

EGUNKARIA aurrera libre...
 

Egunkari bat herri oso bat

egun batetik bestera

olatu handi ta gaizto batek

nahi zituen urpera

Urak ez dira etorri eta

oraindik bere onera,
elkar gaitezen ta goazen denok

justizia eskatzera.

 

EGUNKARIA aurrera libre...

 

Gogoan dugu Egunkaria
Eskuan berriz  Berria
Batzuei emango diegu
disgustu ikaragarria

Egun batean agertuko da

espero dugun orria

Euskara libre ta betirako

tinta gorriaz jarria


EGUNKARIA aurrera libre...

Maiteminduta naukazu orain
hau sentimentu larria.
Beste batzuk probatuta dauzkat
baina zu xarmangarria.
Egunero noa zure bila,
sentitu nahi dut herria.
Nola biziko naiz zu gabe
nire bihotza BERRIA.

 

EGUNKARIA aurrera libre...

 

Hurbil zaitezte denok

ta egin borobila

igual sobratuko zen

patata tortila

txalo joko diogu

ta eman muxu pila

non da irabazlea?

hurbildu dadila

 

Festa bukatu eta

ezer ez da berdin

hemen gauden guztiok

gogotsu eragin

badugu hemen lana

ta nahiko zeregin

konpromisoa hartu

ta aurrera egin
 

AGURAINGO BERTSO-ESKOLA

Helduen taldea

Nork: Laube.2008/04/18
Etiketak: helduen-txokoa | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Zenbat gauza irakasten dizkigun internetek...

Forjarien kanta 1911ko Eibarko greba batean sortu omen zela irakurri dut. Sorta herrikoia da, gurea bezala. Akaso gu bezala arituko ziren langile txoro haiek, lana egin beharrean bertsoak egiten... ta uste dut merezi duela blogeak jartzeak... GORA MAIATZAK 1!!!


EIBARKO FORJARIEN KANTA

Gaur forjariak lana utzita
gatoz gustiok kalera,
labeak oso itzaldurikan
jaikera bat egitera,
maillu, burdin ta gaiñerakoak
botarikan bazterrera;
ez degu nai guk berriko sartu
leengo tokira lanera.

Dinbili danba! goiz eta gabe,
su eta keian tartean,
sosegu eta deskantsu gabe
gure buruen kaltean;
orregatikan lanak utzita
gatoz guztiok batean.

Gora ta gora beti, gora forjaria!
langille trebe zintzo da maillukaria.
Lurpera ta lurpera beti nagusia!
ez digute egingo eurak nai guzia.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen bear aiña ogi,
sua emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guziari.

Iru babarrun jatiagatik
orrenbeste neke, pena;
erdi auldua arkitutzen da
forjariaren barrena.
Gure kontura egin oi dute
nagusiak nai dutena,
langilleen bizkarretik gizendu
dute beren poltsa dena.

Oso goizetik lanian asi
su eta keian tartian,
dinbi ta danba! gelditu gabe
guztiz illundu artian,
erropa denak puskatzen eta
osasunaren kaltian.

Ez badigu guri jornalik aunditzen,
berriko gu ez gera lanera biurtzen;
arrazoiakin degu geiago eskatzen,
iñorgandik ez gera gu ikaratutzen.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen biar aiña ogi,
sua emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guziari.

Nork: Burdinbako forjaria.2008/04/18

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.