Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/02/16 16:31:20.054 GMT+1

Liburutegia ezagutzen

Tira, bagatoz bueltan. Klaseko bigarren orduan egon zinetenok (lehenengo ordukoak + Monedero eta Diez jaunak) gogoan izango duzuen moduan, Jose Mari Egaña HUHEZIko liburutegiko arduradunak hitzaldia eskaini zigun bigarren ordu horretan. Hainbat kontu komentatu zituen bertan, eta horiei buruzko galdera-bateria hau prestatu dut Miren Maniasentzat:

  • Zer alde dago aldizkari zientifiko eta jeneralisten artean?
  • Zer kezka dago gaur egun digitalizaturiko formatuekin?
  • Zein da liburuak legalki digitalizatzeko gaur egun dagoen muga nagusia?
  • Gauza jakina da Google-ek hainbat liburu digitalizatu dituela. Euskarazko argitalpenei dagokienez, nor dabil hor aitzindari lanetan?
  • Internetek liburua hil ote dezakeen, horra aipaturiko kezketariko bat. Haatik, liburuak saltzeko plataforma egokia ere bada. Zein da horretan nazioartean aitzindari den enpresa?
  • HUHEZIra etorrita, ba ote dago txokorik liburutegi birtualean liburu berrienak kontsultatzeko? Baldin eta badago, non dago?
  • Zelan jakin dezake liburutegiaren erabiltzaile batek zenbat liburu dituen eskatuta edo euretako batekin mailegu-epea gainditu ote duen?
  • Zelan egiten dira liburu erreserbak? Zein kasutan egin daitezke eta zeintzuetan ez?
  • Zelan kontsulta daitezke aldizkari elektronikoak? Zenbat aldizkari elektronikotara dago harpideturik liburutegia?
  • Zertarako dira erabilgarri sumarioak?

Bueno Miren, horiekin baduzu zati batean ez aspertzeko arrazoirik. Gogoratu, Miren, Beñat eta foro honetan parte hartzera animatzen zareten beste guztiok, erantzunak beranduen jota asteazken arratsalderako egon behar direla, modu honetan nik feed-back-a eskaini ahal izateko. Ez ahaztu, era berean, pasa den astean eskolan ikusitakoa zuen portfolioan (dela bloga, dela koadernoa, dela ordenagailuko karpeta) jaso eta zuen gogoeta propioak eransteaz.

EITBra zoaztenok: ostegunean 13:30ean kafetegian elkartuko gara. Besteak, 14:00ean agertu klasera Google-n bideoa ikustera.

Ondo pasa asteburuan (Tolosan ez ezik, Bilbon ere sekulako giroa egongo da zapatuan...).

 

Nork: chinook.2007/02/16 16:31:20.054 GMT+1
Etiketak: dokumentazioa | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

  • Aldizkari zientifikoek informazio zientifikoa eskaintzen duten aldizkariak dira; gaian adituek idatzitako informazioa aurki dezakegu, alegia. Informazio hori enpirikoa, egiaztatua, frogatua, ona eta adituek ebaluatutakoa izango da. Bestalde, aldizkari generalistikoak (nahiz eta gaur, hilak 19, Andres Gostinen irakasgaian generalistikoen ordezko hitza orokorzalea dela jakin dudan) gai edo genero ezberdinen inguruan kazetariak idatzitakoak izango dira.
  • Internet fluxu informazioaren autopista bilakatu zaigu, eta aldi berean, liburuak editatzeko tresna ere bihurtu zaigu. Izan ere, liburu asko aurki ditzakegu digitalizatuta interneten ( Word edo PDF formatuetan); Google Booksen esaterako. Orain, internetek liburuak digitalki editatzeko aukera ematen digu. Horrenbestez, liburuak desagertuko ote diren beldur gara asko.
  • Hala ere, liburuak digitalizatzeko badaude muga batzuk. Autore liberalak baditugu, beren liburu berriak interneten publikatzeko eskubide osoa ematen dutenak, alegia. Baina beste idazle batzuk ordea, liburuak idatzi eta hortik bizi egin behar dutenak dira. Hauek, beren liburuak publikatu ostean 75 urte pasa behar dira interneten digitalizatzeko baimena emateko. Edo ale kopuru bat saldu interneten zintzilikatu aurretik.
  • Google Books gain badago/badaukagu guk ere, euskal argitalpenei dagokionez, aitzindari lanetan dabilen euskal webgune bat ere: http://www.armiarma.com . Euskal Literatura sarean.
  • Beraz, liburua hilko ote duen ala ez, internet liburuak saltzeko plataforma badela begi bistan da. Horien artean, Amazon enpresakoak ditugu autopista honetan lehenak. Nazioarte mailan, arrakasta handiarekin, aitzindari lanetan dabilen enpresa. Gure artean oso ezagunak ez badira ere, aurki iritsiko dira. Hala eta guztiz ere, baditugu beste plataforma batzuk: El Corte Ingles edo Casa del Libro bezalako enpresak.
  • HUHEZIra etorrita eta gure liburutegiaren antolaketari helduta, badugu txoko birtual bat non erositako azken liburuen berri jakin dezakegun:

http://biblioteka.mondragon.edu:8888/liburutegia/jsp/system/win_main.jsp  HELBIDEAN

Bibliotekako katalogoan, nobedadeak izeneneko link batean klik eginez helduko zarete.

 

  • Nobedadeak linka badago ere, irakurlearen kontua izeneko beste bat azaltzen zaigu. Honen bidez, liburutegian edozein erabiltzailek zenbat liburu dituen eskatuta edo euretako batekin mailegu-epea gainditu ote duen jakin dezake. Weborri honetan, zuon abizenak eta NAN zenbakiak sartu besterik ez duzue. Aurrekoan norbaitek dokumentu batzuk epez kanpo zituela konturatu zen… beharbada pertsona gehiago egongo dira egoera berean, proba ezazue ia ondo dabilen!
  • Edozein modutan, gure liburutegiak badu liburuen erreserbak egiteko aukera baita ere. Horretarako, ez dago internet bidez egiteko aukerarik; zuzenean liburutegiko harrerara jo behar duzue eta bertan, liburuaren erreserba egin. Ez da posible maileguan ez dagoen liburu baten erreserba egitea, noski. Ez dira telefono deiez egindakoak onartzen ere. Badaezpada.
  • Aldizkari elektronikoak Mondragon Unibertsitateko liburutegiko webgunearen bidez kontsultatu daitezke. Liburutegiaren weborri nagusian, ezkerraldeko menuan Aldizkari Elektronikoak aukeran klikatuz helduko gara. Bertan, HUHEZI liburutegia aldizkari mordoetara harpideturik dago, horien artean, honelako gaiak jorratzen dituztenak:

 

Ekonomia eta Enpresa / Economía y Empresa

Hezkuntza eta Pedagogia / Educación y Pedagogía

Orokorrak / Generalidades

Injeniaritza eta Informatika / Ingeniería e Informática

Hizkuntzak eta Literatura / Lenguas y Literatura

Psikologia, Komunikazioa eta Giza Zientziak / Psicología, comunicación, ciencias sociales

 

  • Baditugu eskura aldizkarien sumarioak ere, liburutegiak eskaintzen duen alerta sistema baten bidez, zure posta elektronikoan zuk aukeratutako aldizkari baten sumarioa jasotzeko. Alerta sistemak aldizkari horren edukia jakiteko aukera ematen dizu. Benetan interesgarria.

Bueno Aitor, hor duzu denbora baten ez aspertzeko ere. Egia esateko, ez duzu oso erres jarri ez, lehengaiaren bidez irakasgaian puntu erdi gehiago lortzearena. Hala ere, helburua jarraipena izatea bada, galdeketei erantzuteko behintzat beharrezkoa iruditzen zait, bestela... akabo!

Ondo pasa EITBn zuek!

Nork: Miren M.2007/02/19 21:41:17.665 GMT+1

Joe Miren, ederra erantzuna ee!!!

Nik gauzatxo bat komentatu nahiko nuke autore eskubideak direla eta ez direla. Idazle eskubideak defendatzeko eskubide osoa dute idazleek, baina horrek muga handia dakar, hain zuzen ere, jakintzaren muga. Nire galdera hauxe da: jakintzari mugak jarri beharrean, zergatik ez gara saiatzen jakintza bera konpartitzen, jakintza herrikoiaren alde apustu eginez?

Badakit askok pentsatuko dutela  ideia honek gizartean lekurik ez duela, hala ere, beste multzo handi bat honen aldekoak gara, eta nik uste dut, poliki-poliki gauzak aldatzeko garaia dela.

 

 

Nork: Zuriñe Etxeberria.2007/02/20 11:52:28.269 GMT+1

Ederto. Hau hasi da animatzen.

Oso ideia interesgarria Zuriñek bota duena. Hori da hain zuzen ere Internetek ekarri duen aldaketa nagusienetako bat: kode irekian funtzionatzea, elkarlana, ezagutzaren unibertsalizazioa... Ñabardura asko ere egin daitezke, noski, gauza guztiekin bezala. Zer iruditzen zaizue besteoi?

 

 

Nork: Aitor Zuberogoitia.2007/02/20 12:48:26.183 GMT+1

Ez dakit nik...

Testuan Beñat irakurri dut eta pentsatzen dut ni izango naizela. Dena dela, blog honen irakurle ezin maitegarriagook, ikus dezakezue Aitor Zuberogoitia irakasleak bereizketa egiten duela  ikasleen artean: Miren Manias testu hasieran irakur daiteke, gainera, beltzez nabarmenduta; bestalde, testu amaieran agertzen gara ikasle xeheok izenez bakarrik. Ezin albo batera utzi, Diez eta Monedero abizenen ondoren doan "jaunak" ere. Zein mailatan gaude izenez bakarrik agertzen garenok? Hori guztiori horrela, nola dakit nik Aitor Zuberogoitiak eta Miren Maniasek ez dutela "galdera-bateria" batera prestatu? Ikustekoa baita Mirenek, barkatu, Miren Maniasek nola erantzun dituen galderak. Ataka ezin estuagoan utzi nau!

Haatik, ez dut amore emango eta saiatuko naiz.  Pentsatu dut (lantzean aritzen naiz horretan ere), idatzitakoa errepikatzea baino, ahal den neurrian, osatzea eta neure iritzia eranstea.

  • Lehenengo galderari adibideak gehituko dizkiot. Zenbait aldizkari zientifiko: Advertising Age, Anales de psicología, Economía Política de las Técnicas de Información y Comunicación (EPTIC), El Profesional de la Información eta Uztaro (Huheziko bibliotekako webgunetik egindako lapurreta). Aldizkari orokorzaleen adibideen bila ez naiz atzerrira joango: Argia, Goienkaria, Gaztetxulo eta Aizu!.
  • Bigarren galderari nire hausnarketa gehitu nahiko nioke. Ez dakit, epe laburrean, zenbateraino desager daitezkeen liburuak interneten erruz. Kontuan hartu behar dugu, zein astuna den ordenagailuaren pantailatik irakurtzea eta ez zait iruditzen gozoa izan behar denik folioetan inprimatuta (inprimatzea ere ez da merkea) liburu bat irakurtzea ere. Liburua esku artean izaten ohituegi gaudela iruditzen zait, ohiturak askotxo aldatu beharko liratekeela irizten diot.
  • Zuriñeren ildoari helduko diot, kasu honetan. Guztiz bat nator berarekin eta internet horretarako oso aproposa da. Areago, Wikipedia horretarako tresna da. Bakoitzak dakienaren gainean idazten badu, asko dugu ikasteko era horretako baliabideetatik. Hori bai, jakintza partekatuko dutenek konpromisoa hartu behar dute: idatzitakoa taxuzkoa izan behar da, gainontzekooi ikasteko eta mundua ulertzeko lagunduko badigu.
  • Aurrekoan, Garan zetorren «Euskararen altxor idatzia", gozagarri Klasikoen Gordailuan artikulua erantsi nahi diot puntu honi.
  • Egia da, eros daitezkeela liburuak internet bidez eta Mirenek, barkatu berriz ere, Miren Maniasek idatzi ditu adibideak. Internet bidez erostea, sarri, garestiagoa ere bada bidalketa gastuak direla-eta. Horretaz gain, makinekin hizketan jardun beharrean, dendara joan eta dendariarekin eguraldiaz hitz egiteak ere badu xarma. Beste helbide bat ere eman zigun Jose Mari Egañak: Espainiako Ministerio de Culturaren helbidea. Bertan, Hego Euskal Herriko eta Espainiako liburu guztiak agertzen ei dira. Ez dut egiaztatzen amaitu.

Gainontzeko erantzunak ezin argiago daude eta ez dira eztabaidagarriak.

Hortaz, ez naiz luzatuko.

Alfer-alferrak izan,

eta POZ-POZIK ibili!!!

 

Nork: Beñat Zamalloa.2007/02/20 20:41:41.146 GMT+1

Nik uste informazioari dagokionez ezer gutxi gehitu daitekeela orain arte esandakoari, baina nik ere gogoeta txiki bat egin nahi nuke. Uste dut oso ideia ona bota zuela Jose Mari Egañak esan zuenean "interneteko guztiaz ere ezin gara fidatu!". Eta hori horrela da. Lehen liburuek ziotena egia ukaezina zen, eta orain berdina gertatzen da internetekin. Pentsatzen dugu internet-en irakurtzen dugun GUZTIA egia dela, informazio ona dela, baina hori ez da horrela. Internet-en ere kaka asko ibiltzen da informazio balitz bezala ezkutatuta. Eta behin eta berriro jotzen genuen kontu berera, hau da, iturriak frogatu behar direla, eta ahal den guztietan informazioa kontrastatu.

Beste guztiari ezer gutxi gehituko diogu, ala baaaaa!

Koldo

Nork: Koldo Akordarrementeria.2007/02/21 10:10:30.109 GMT+1

Txalo bero bi Beñat!!

Zorionak.

Nork: Miren M.2007/02/21 12:22:46.568 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru