Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/24 04:50:47.810 GMT+2

Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide taldeak Pasaiako Zentral termiko itxi eta harek sortzen duen energia ordezteko energia berriztagarrien plantak sortzeko proposamena aurkeztu DU.

Lezoko ARALARrek ezagutzera eman nahi du, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide taldeak Pasaiako Zentral termiko itxi eta harek sortzen duen energia ordezteko energia berriztagarrien plantak sortzeko proposamena aurkeztu duela.

- Testuinguru horretan, Aralarretik Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatuko diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egiteko, JAIZKIBIA S.A. markoan, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuarekin elkarlanean, negoziazio mahai bat ireki dezala Iberdrolarekin. Negoziazio horren helburua, ahalik eta azkarren Pasaiako zentral termikoa ixtea, eta ordainetan Gipuzkoak behar besteko energia sortuko duten energia berriztagarrietan oinarrituko diren sistema edo eta plantak sustatzea eta eraikitzea izango da. Gauzak horrela, pentsatzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimena hartu behar duela bere lurraldeari modu horretan eragiten dion azpiegitura baten aurrean eta proposamen zehatza luzatuko dugu hori horrela gerta dadin.

- Gauzak horrela, pentsatzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimena hartu behar duela bere lurraldeari modu horretan eragiten dion azpiegitura baten aurrean eta proposamen zehatza luzatuko dugu hori horrela gerta dadin.

Era berean, ukaezina da Gipuzkoak eguratsera isurtzen duen kutsadura mailan duen eragina. Izan ere, anhidrido karboniko gehien kanporatzen duen azpiegitura da gure lurraldean. Datu batzuen arabera, Gipuzkoako parke mugikor osoak baino gehiago kutsatzen du, eta Hamabosten Europan 2004ean egindako azterketa batean Europako enpresa kutsatzaileenetakoen artean azaldu zen. Enpresak kutsadura maila jaisteko inbertsioak egin arren, agerikoa da, oraindik ere maila altuan daudela isurketa horiek. Gipuzkoa iraunkor batera bidean jasangaitzak diren mailan daudela esan behar da.

Beraz, Pasaiako Zentral Termikoa zentral zaharkitua, egungo garaietara egokitu gabekoa dela erakusten du arestian aipatu dugun guztiak. Horrez gain, Pasaialdeko biziberritze integralerako oztopo garbia da inguruko bizilagunen bizi kalitatearentzat kaltegarri gertatzen delako.

Nork: LEZOko ARALAR.2008/04/24 04:50:47.810 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/10 18:25:27.881 GMT+2

Aralarrek bere poza adierazi du Lezoko EAE-ANVk gutxieneko etikoak onartzen dituelako

Aralar gustura azaldu da Lezoko EAE-ANVk eskatutako gutxieneko etikoak onartzen dituelako. Atzoko udalbatzarrean PSE-EEk aurkeztutako bi mozio ziren eztabaidatzekoak: Isaias Carrasco militante sozialistaren hilketa gaitzestekoa eta ETAren azken agiriari buruzkoa. Eztabaidaren aurretik, Luis Garrido aralarkideak hitza hartu zuen ikusleen eserlekutik, eta dokumentu bat irakurri zuen. Bertan Aralarrek exijitzen dituen gutxieneko etikoak jasotzen ziren. Lezoko alkate Aritz Salaberriak bat egin zuen dokumentuarekin edukiekin.

Luis Garrido aralarkideak hauxe irakurri zuen, mozioen eztabaiden aurretik:

“Alderdi sozialistaren mozioen aurrean Aralarrekook gure iritiza eman nahi dugu. Arrasaten gertaturikoa giza eskubideen urraketa nabaria da, eta hori salatzea derrigorrezkoa gertatzen zaigu. Pentsatzen dugu gizarteak exijitzen digula alderdi politikoei gatazka politikoaren ondorioz ematen diren giza eskubideen urraketen inguruan erantzun komun bat ematea. Horregatik, 3 puntu hauek mahai gainean jartzen ditugu, denon artean eztabaidatu ditzagun. Gainera, pentsatzen dugu hiru puntuok posible direla alderdi guztiek bereganatzea, alderdi guztiek onartzen ditugun minimoak direlako:

  • Edozein biolentzia motaren kontrako gaitzespena eta salaketa adieraztea.
  • Gatazka politikoaren biktima eta familia guztiei babesa eskaintzea.
  • Gatazka politikoa gaindintzeko bide politiko eta demokratikoen aldeko apostu garbia egitea.

Azkenik, Aralarrekook alderdi guztien iritzia jakin nahiko genuke eta aurreratzen dugu Aralarrek bat egiten duela aurrean esandako hiru printzipioekin”.

Garridok dokumentua irakurri ostean, EAE-ANVko alkateak bere adostasuna agertu zuen, eta bertan jasotzen diren hiru puntuak bere egiten duela azaldu. Esan zuenez, edozein biolentzia motaren aurka daude. Era berean, gatazkaren biktima guztiei babesa ematen dietela azaldu zuen. Hirugarren puntuari buruz adierazi zuen bide demokratikoen aldeko apostua egiten ari direla.

Aritz Salaberria alkatearen jarrera ikusita, Aralar gustura azaltzen da Lezoko EAE-ANVk hartutako bidearekin, eta etorkizunean EAE-ANVk bide horri eutsiko dionaren itxaropena azaldu du. Ausardiz jokatu eta jarrera hori zabaltzeko konpromisoa eskatzen diogu EAE-ANVri.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/04/10 18:25:27.881 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/10 16:45:09.988 GMT+1

“Soberanistek gogoeta egin behar dugu, erabakitzeko eskubidea praktikara eraman nahi badugu”

Aralar da alderdi abertzale eta soberanisten artean emaitzei eusten dien alderdi bakarra.

Aralarrek balorazio ona egin du, Hauteskunde Orokorretako emaitzak ezagutu ondoren. Aralarrek orain 4 urteko emaitzei eutsi diela nabarmendu du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. Aralarrentzat emaitzak onak izan diren arren, indar soberanistek gogoeta egitea eskatu du, oro har behera egin dutelako. Hala ere, azpimarratu du Abrilek “Aralar dela alderdi abertzale eta soberanisten artean emaitzea eusten dien alderdi bakarra”.

Ildo horretan, Aralarrek orain hilabete batzuk adierazitakoaren arabera, “agerian geratu da indar soberanista eta abertzaleen metaketa eta elkarlana beharrezkoa dela. Indar abertzaleen arteko elkarlana eskatu genuen orain hilabete batzuk, Euskal Herria Bai aldarrikatu genuen, eta gaurko emaitzek agerian utzi dute herri honek hori behar zuela”.

Gustura lortutako emaitzekin

Aralarren koordinatzaileordea gustura agertu da alderdiak izandako emaitzekin. Izan ere, “orain dela lau urte lortutakoen antzekoak izan dira. Zentzu horretan, pozik egoteko moduko emaitzak dira eta hazten ari den indarra da Aralar. “Aralar izan da alderdi abertzale eta soberanisten artean emaitzei eusten dien alderdi bakarra”. Horregatik, Abrilek azpimarratu du “alderdi sozialistak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irabaztea eta Espainian gehiengo absolututik hurbil gelditzea ez dela, inondik ere, albiste ona Euskal Herriarentzat”.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/03/10 16:45:09.988 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/07 14:53:27.606 GMT+1

Aralarren botoa da Madrilen Euskal Herriko interesak defenditzeko eraginkorrena eta boto errebeldea

Kanpaina irudimentsua egin dugu. Baliabide gutxirekin, baina herritarrengana mezu zuzena, eta kaleko jendearentzat ulergarriak diren mezuak emanez. Eta ez dugu guk esaten hori, zuek, kazetariek nabarmendu dute hori. Izan ere, kanpaina honetan Aralarrek bere leloarekiko fideltasuna agertu nahi izan du. Ezkerra berria eraikitzeko konpromisoa agertu dugu, eta Euskal Herria ezkerretik eraikitzekoa. Kultura politiko berria egiten ari gara instituzioetan, eta hori bera islatu dugu kanpainan zehar, badagoela politika, eta ondorioz kanpaina, egiteko beste modu bat.

Hori da Aralarrek duen balio erantsi nagusia. Ausartak gara politika egiten. Argi azaltzen dugu zer pentsatzen dugun, ezkutatu gabe. Ezker abertzale berria eraikitzen ari gara, zibila eta zabala. Ezkerra eta abertzalegoa ulertzeko beste modu bat. Hiru ideia horiekin aurkeztu gara hauteskunde hauetan: ezker eraginkorra eta eraldatzailea garela; politika egiteko molde berria dugula, eta Euskal Herriaren ahotsaren ordezkaritza garela. Ez du inork Aralarrek bezala ordezkatuko ezkerreko balorerik, ez eta Euskal Herriaren interesak ere.

Eta inkestak inkesta, Aralar da soberanisten artean gorako joera duen alderdi bakarra. Gu gara etorkizuneko indarra, gaurko eta etorkizuneko ezker abertzalea. Eskura dugu Madrilen ordezkaritza lortzea. Ilusioz lepo gaude, eta Euskal Herritarrei, ezkertiar eta abertzaleei dei egiten diegu Aralarren papeletak eskuetan, bozkatzera joan daitezela datorren igandean.

Aralarren botoa da independentziarako bidean jarriko gaituena, gizarte honen aniztasuna bildu eta horren alde lan eginen duena. Aralarrena botorik eraginkorrena da. Aralarrena da boto errebeldea.

 

Nork: LEZOKO ARALAR.2008/03/07 14:53:27.606 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/25 14:48:39.089 GMT+1

Aralarrek udal batzorde informatiboetan parte hartuko du

Haritz Salaberria alkatearen jarrera «txalogarria» izan dela azpimarratu nahi du ARALARrek.

Herriari ezagutzera eman nahi diogu Aralarren aldetik erabaki dugula Udaleko lau batzorde informatiboetan parte hartzea, eta bilkuretan ere bai», adierazi zuen herenegun Luis Garrido Lezoko Aralar alderdiko kideak, Mari Jose Garcia alderdikidearekin batera Udalean egindako agerraldian. Hala, jakinarazi zuten joan den hilaren 19an Haritz Salaberria alkatearekin bilera egin zutela, beren asmoa adierazte aldera. «Batez ere alkatearen jarrera txalotu nahi dugu, Aralarren parte-hartzearen aldeko jarrera duelako, eta guretzako garrantzitsua delako».

Helburuak plazaratuz

Aralar alderdiak batzorde informatibo eta bilkuratan parte hartuko duela zehazteaz gain, aipatutako bileratan zein helburu jorratuko dituen ere adierazi ditu. Lau xede dituzte, hain zuzen. «Lehen helburua hauteskunde programa lantzea da. Maiatzean udal hauteskundeetan aurkeztu genuen programaren proposamenak mahai gainean jarri nahi ditugu, oraindik herriarentzako onuragarriak direla pentsatzen baitugu», nabarmendu zuten herenegun.

Horrez gain, batzordeetan« jarrera aktiboa» izango dutela nabarmendu zuten, EAE-ANVk gehiengo absolutua duen arren, «udal gobernuan eragitea posible» dela azpimarratuz: «Gai izan behar gara gobernuarekin ados gauden gaietan elkarlana bilatzeko, baina baita ados ez gaudenetan proposamen alternatiboak aurkezteko».

Herri partaidetzaren beharra

Hauteskundeetako programa lantzea, «politika aktiboa» egitea eta, era berean, herri partaidetza bultzatzea ere helburutzat dutela adierazi zuten Aralarreko kideek: «Oso beharrezkoa ikusten dugu gobernu honek herriaren partaidetzan esfortzu handiagoa egitea; asko dago oraindik egiteko, eta eragileekin elkarlana bultzatzeko asmoa dugu».

Konpromisoak

Aralar alderdiaren azken helburua, berriz, «kontsentsua» izango da, Garridoren esanetan: «Herriarentzako garrantzia handia duten gaietan kontsentsua bilatuko dugu. Adibidez, Pasaiako badiaren biziberritzean, Donibaneko termikaren inguruan, aurrekontuetan, Arau Ordezkatzaileetan eta antzeko arloetan».

Lau helburuez gain, beste lau konpromiso ere hartu ditu Aralarrek. Lehenak «elkarrizketaren eta negoziazioaren» aldeko apustua egiten du, «herriko arazoak konpontzeko». Bigarren konpromisoa, berriz, Udaleko gaietan eragileen parte-hartzea bultzatzea da; hirugarrena, adostasunetara ailegatzeko konpromisoa. Azkenik, «eskubide zibil eta politiko guztien alde lan egitea, eta eskubideen urraketa ororen salaketa» egiteko konpromisoa du Aralarrek.

Bestetik, herenegungo agerraldian jakinarazi zuten www.blogak.com/lezokoaralar webgunea jarri dutela herritarren eskura, haien proposamenak eta alderdiaren asmoak jasotze aldera.

Gainerako alderdiekin bilerak

Era berean, Luis Garridok jakitera eman zuen Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin biltzeko asmoa dutela, «haiek egoera nola ikusten duten jakiteko asmoz, eta zer egin dezaketen hitz egiteko», zehaztu zuten Aralarreko kideak.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/02/25 14:48:39.089 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/09 22:07:26.075 GMT+1

Aralarrek Garzon epaileak EAE-ANV eta EHAKren jarduera eten izana salatu du

EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoen jarduera guztiak legez kanpo uzteko Baltasar Garzon Espainiako Audientzia Nazionaleko epaileak hartutako erabakia salatu du Aralarrek. Gure ustean, erabaki hori erabat antidemokratikoa da, demokrazian onartezina delako alderdiak legez kanpo uztea.

Azken hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan dute biek, EAE-ANVren kasuan zerrenda batzuk atzera bota zituzten arren, eta orain bi alderdi horiek legez kanpo uztea ulergaitza egiten zaio Aralarri. Lezoren kasuan gehiengo absolutua lortu zuen EAE-ANV-k. Gure ustez, datorren martxoaren 9an Espainiako estatuan egingo diren hauteskundeekin harreman zuzena dauka bi alderdiak ilegalizatzeko erabakiak.

Pertsonek hauteskundeetara aurkezteko duten eskubidearen eta nahi duten alderdia bozkatzeko duten eskubidearen kontrakoa da Garzonek hartutako erabakia. Aralarren ustez, onartu ezin daitekeen oinarrizko eskubideen kontrako erasoa da, eta erabaki horrek oraindik eta gehiago gaiztotzen du giro politikoa.

Aralarrek berriro exijitzen dio Espainiako gobernuari Alderdien Legea bertan behera uzteko, besteak beste, bakerako oztopoa delako. Alderdien Legeak zerbaitetarako balio badu horretarako da, konfrontazioa eta tentsionamendua areagotzeko. Aralarren ustean, bakeak eta normalizazioak guztion arteko ekarrizketak ezinbestekoak ditu, salbuespenik gabe, eta horrelako erabakiekin oztopoak baino ez zaizkio jartzen bakegintzari. Bakegintzan aurrera egin ahal izateko, kontrako bidea landu behar dela pentsatzen dugu; bide demokratikoak indartu behar dira, eta ez bide demokratikoak murriztu, azken urteetan egin den bezala.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/02/09 22:07:26.075 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/07 14:25:47.323 GMT+1

Aralar critica la ausencia de la oposición de los plenos municipales

 Luis Garrido, portavoz de Aralar de Lezo ha expresado la «preocupación» de su grupo «por la ausencia de los partidos que componen la "oposición" en el Ayuntamiento, que decidieron no acudir al pleno extraordinario celebrado el día 30 de enero pasado. En el mismo se debatía el nombramiento de un representante del municipio en el órgano de gobierno de Kutxa». Sobre la inasistencia de PNV, PSE-EE y Ezker Batua al pleno, Aralar quiere llamar la atención del «fraude que supone a la ciudadanía el absentismo político de algunos representantes electos. PNV, PSE-EE y EB no asistieran al pleno, haciendo así dejación de su obligación como concejales elegidos por el pueblo».Muestra su «perplejidad por la inexistencia en Lezo una verdadera oposición al gobierno de ANV, ni una clara voluntad de apostar por propuestas alternativas a dicho gobierno. Parece que la "oposición" no ha digerido los resultados de las elecciones municipales de mayo de 2007. La inasistencia a los plenos es una escandalosa falta de respeto a los votantes y a las instituciones democráticas de Lezo. Los partidos que hacen dejación de su obligación, en especial quien fue elegido con los votos aportados por Aralar deberían explicar públicamente los motivos de su habitual inasistencia a varios plenos. Nos parece que están demostrando con sus actos una incapacidad de trabajar y desarrollar una oposición constructiva al gobierno de ANV. Oposición que no tiene por qué ser de confrontación, sino que puede ser incluso de colaboración por el bien de Lezo».Desde Aralar dicen que se reafirman «en la apuesta por una oposición real al gobierno de ANV en los temas en los que tengamos una discrepancia manifiesta, pues nosotros creemos que hace falta una oposición activa y fuerte, que incida y trabaje, que presente alternativas, que apueste por hacer política, una oposición capaz de negociar y de llegar a acuerdos con quienes gobiernan, una alternativa ilusionante y no acomplejada y derrotista».Por este motivo, Aralar solicitó el pasado 22 de octubre, al alcalde Haritz Salaberria, mediante una instancia presentada en el registro del ayuntamiento, permiso para participar en las comisiones del mismo. «La política de Aralar, en los municipios donde ostenta la Alcaldía como Elgeta, Aretxabaleta y Zaldibia, es impulsar la participación ciudadana en las comisiones y los plenos municipales, incluso de aquellas fuerzas políticas ilegalizadas por los poderes del Estado».

Nork: Lezoko ARALAR.2008/02/07 14:25:47.323 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/31 15:25:59.241 GMT+1

Iñaki Irazabalbeitia eta Aser Lertxundi Aralarren hautagaiak Gipuzkoan

Iñaki Irazabalbeitia kongrsurako eta Aser Lertxundi senaturako, izango dira Martxoko hauteskundetarako ARALARren hautagaiak Gipuzkoan.

Inaki Irazabalbeitiak, Gipuzkoako zerrendaburuak, egin duen agerraldian, azpimarratu duenez, Madrilen euskal errepublikaren aldarria egingo du Aralarrek. "Euskal errepublikak, ordea, ezin du nolanahikoa izan badira eta eredugarri ez diren errepublika asko. Ezkerreko balioak dituen eta Europako testuinguruaren baitan kokatutako euskal errepublika izan behar du".

Politika sozialak, berdintasunak, elkartasunak eta demokrazia parte hartzaileak izan behar dute Aralarren egitasmoen ardatz. Ardatz horiek eguneroko arazoetan eragiten duten eta Madrilen erabakitzen diren politiketan praktikan jarri behar direla azpimarratu du Irazabalbeitiak. "Esate baterako, pentsio minimoak eta lanbide arteko soldata minimoa parekatuz. Beste adibide bat zaborrekin dagoena izan daiteke Madrilen erabakitzen direlako zaborrak kudeatzeko politikak".

Kongresurako Gipuzkoako zerrenda: Iñaki Irazabalbeitia, Ainhoa Beola, Mikel Leunda, Maribel Castello, Iosu Zugasti eta Mariasun Gartzia.

Senaturako Gipuzkoako zerrenda: Aser Lertxundi, Jule Goikoetxea eta Mikel Zurbano.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/01/31 15:25:59.241 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/28 14:24:28.123 GMT+1

ADMINISTRAZIOAREKIN EUSKARAZ JARDUTEKO ESKUBIDEA DEFENDATUKO DU ARALARREK EUSKO LEGEBILTZARREAN

Aralarrek aurkeztutako funtzio publikoaren legea aldatzeko proposamena tramitera onartzen den eztabaidatuko da ostiralean legebiltzarrean, aurtengo lehenengo plenoan. Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak eta Aralarren euskara arduradun Iñaki Irazabalbeitiak prentsaurrekoan azaldu duten moduan, “Gure proposamenarekin bilatzen duguna da bateragarri egitea Euskararen legea eta Funtzio Publikoaren legea. Azken honek ez baitu betetzen euskararen legean jasota dagoen oinarrizko hizkuntza eskubide bat: edozein hiritarrek izango duela eskubidea nahi duen hizkuntza ofizialetan izateko harremanak administrazio publiko eta zerbitzu publikoekin”.

Aldaketa-proposamen horrek bermatu nahi du, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko direla eta herritarra aukeratzen duen hizkuntzan atendituko duela administrazioak, bitartekaririk gabe eta atzerapenik gabe. Izan ere, administrazioarekin harremanak euskaraz nahi izateak atzerapenak eta enbarazuak sortzen dizkio herritarrari maiz.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu du Euskararen Legeak ez duela erabateko euskalduntzea ekarri administrazioan 25 urtetan. Alabaina, gure ekimena babestu ordez, kontrako jarrera hartu du. Ulergaitza da zinez Eusko Jaurlaritzaren jarrera, arazoa badagoela onartuta hori bideratzeko modurik eraginkorrenari muzin egiten diotelako. Beren arrazoibidean usatutako argudioa, bestalde, indar gutxikoa da, Funtzio Publikoaren legearen aldaketa prestatzen ari direnez ez dute egokitzat jotzen Aralarren aldaketa-proposamen partziala. Ezin al zuen, bada, Jaurlaritzak gure proposamena bere egin eta prestatzen ari den aldaketan txertatu?

Aralarrek egin duena da hizkuntzaren gaian kontsentsu zabala lortu zuen legea betetzen joateko proposamen zehatza aurkeztea. Irazabalbeitak azpimarratu duenez, “Ez dator adostasunik apurtzera, ez gaia muturrera eramatera. Guk lanpostu guztiak derrigortasun data izatea nahiko genuke, baina gaur egiten dugun proposamena egingarria, beharrezkoa, eta aurrez ezarrita dauden kontsentsuak apurtzen ez dituena da. Ez da inoren aurkakoa, eskubideak bermatzeko eta ezarritako legeak betetzeko baizik”.

Aralarren bozeramaileek azpimarratu dute “kanpaina demagogikoetatik haratago, argi dago bere hizkuntza eskubideak errespetatzen ez zaizkion hizkuntza komunitatea euskaldunena dela”. Hori dela eta, “Eusko Jaurlaritzaren erantzunak ez du ez hankarik, ezta bururik ere. Planteamendu zehatza egiten dugu eta antzeko zerbait pentsatzen ari direla diote, baina ondoren dagoenak hizkuntza eskubideak bermatzen dituela dio. Berriro diogu, proposatzen duguna dagoeneko kontsentsuatutako lege baten aterkipean garatuko litzateke. Ez da ulergarria horrelako zerbait egiteko dauden oztopoak ikustea, eta gero argudio antzekoak erabiliz beste alor batean urratsak emateko erakutsi duen asmoa. Hezkuntzak bi hizkuntzetan gaitasuna lortzen duten ikasleak hezi behar dituela jasotzen du legeak eta horregatik ari gara une hauetan hizkuntza ereduak berraztertzen eta hizkuntza nagusia euskara izango duen kurrikuluma diseinatzen. Administrazio publikoaren alorrean ere urrats zehatzak eman beharra dago eta hori da proposatzen duguna.

Ezenarrok, ostiraleko plenoari begira dei zehatza egin du: “Iruditzen zaigu bere garaian euskararen legearen alde egin zutenek, eta beraz, edozein hiritarrek administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidearekin bat egin zutenek, funtzio publikoaren legea berraztertzeko aukera honi ateak irekitzeko arazorik ez luketela izan beharko”.

Legebiltzarrean aurkeztutako lege aldaketa proposamena hauxe izan da:

Funtzio Publikoaren 6/1989 legearen aldaketarekin Aralarrek eskatu duena hauxe da: jendaurreko lanpostuetan ari diren funtzionario guztiek herritarrak euskaraz hartzeko gai izan daitezela. Hain zuzen ere, Funtzio Publikoari buruzko legearen V. kapituluaren 97. artikuluari hau gehitzea:

9. puntua. Euskal Administrazio Publikoek eta beren menpeko erakundeek, herritarrek aukerako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko dute eurekiko harremanetan; hartara, aurreko ataletan zehaztutakoez gainera, jendaurreko lanpostu guzti-guztietan derrigortasun datak ezarriko dira 2010eko mugarekin, gehien jota ere.

Nork: luis.2008/01/28 14:24:28.123 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/01/23 18:49:30.743 GMT+1

Aralar bakarrik aurkeztuko da martxoaren 9ko hauteskundeetara

Aralarren asanbladak, aho batez onartu du bart, martxoaren 9ko hauteskundeetara bakarrik aurkeztea. Inolako koaliziorik eratzeko aukera guztiak itxita, Aralarrek garrantzitsutzat jo du indarrak metatzeko aukerak aztertu izana. Aurrera begirako indar metatzeren bat emateko baliagarria izan dela egindako eta izandako kontaktuak, adierazi dute Aralarren koordinatzaile eta koordinatzaileorde Patxi Zabaletak eta Jon Abrilek, hurrenez hurren, Donostiako egoitzan egindako prentsaurrekoan.

Patxi Zabaletaren ustez, Aralarren proiektua sozializatzeko eta Aralar marka indartzeko aukera bikaina izango da datorkigun kanpaina eta horixe izango da gure lana. Euskal Herriko gizartearen gehiengoa abertzalea, aurrerakoia eta bakezalea dela aintzat hartuta, hiru balio horiek ongien defenditzen dituen alderdia Aralar dela iritzi dio Zabaletak. "Jende hori geureganatu nahi ditugu; izan ere, aralarkideok independenteak eta abertzaleak gara, ezkerreko politikak bultzatzen ditugu eta arazoak konpontzeko elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egiten dugu".

Nork: luis.2008/01/23 18:49:30.743 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)