Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/01/28 14:24:28.123 GMT+1

ADMINISTRAZIOAREKIN EUSKARAZ JARDUTEKO ESKUBIDEA DEFENDATUKO DU ARALARREK EUSKO LEGEBILTZARREAN

Aralarrek aurkeztutako funtzio publikoaren legea aldatzeko proposamena tramitera onartzen den eztabaidatuko da ostiralean legebiltzarrean, aurtengo lehenengo plenoan. Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak eta Aralarren euskara arduradun Iñaki Irazabalbeitiak prentsaurrekoan azaldu duten moduan, “Gure proposamenarekin bilatzen duguna da bateragarri egitea Euskararen legea eta Funtzio Publikoaren legea. Azken honek ez baitu betetzen euskararen legean jasota dagoen oinarrizko hizkuntza eskubide bat: edozein hiritarrek izango duela eskubidea nahi duen hizkuntza ofizialetan izateko harremanak administrazio publiko eta zerbitzu publikoekin”.

Aldaketa-proposamen horrek bermatu nahi du, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko direla eta herritarra aukeratzen duen hizkuntzan atendituko duela administrazioak, bitartekaririk gabe eta atzerapenik gabe. Izan ere, administrazioarekin harremanak euskaraz nahi izateak atzerapenak eta enbarazuak sortzen dizkio herritarrari maiz.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu du Euskararen Legeak ez duela erabateko euskalduntzea ekarri administrazioan 25 urtetan. Alabaina, gure ekimena babestu ordez, kontrako jarrera hartu du. Ulergaitza da zinez Eusko Jaurlaritzaren jarrera, arazoa badagoela onartuta hori bideratzeko modurik eraginkorrenari muzin egiten diotelako. Beren arrazoibidean usatutako argudioa, bestalde, indar gutxikoa da, Funtzio Publikoaren legearen aldaketa prestatzen ari direnez ez dute egokitzat jotzen Aralarren aldaketa-proposamen partziala. Ezin al zuen, bada, Jaurlaritzak gure proposamena bere egin eta prestatzen ari den aldaketan txertatu?

Aralarrek egin duena da hizkuntzaren gaian kontsentsu zabala lortu zuen legea betetzen joateko proposamen zehatza aurkeztea. Irazabalbeitak azpimarratu duenez, “Ez dator adostasunik apurtzera, ez gaia muturrera eramatera. Guk lanpostu guztiak derrigortasun data izatea nahiko genuke, baina gaur egiten dugun proposamena egingarria, beharrezkoa, eta aurrez ezarrita dauden kontsentsuak apurtzen ez dituena da. Ez da inoren aurkakoa, eskubideak bermatzeko eta ezarritako legeak betetzeko baizik”.

Aralarren bozeramaileek azpimarratu dute “kanpaina demagogikoetatik haratago, argi dago bere hizkuntza eskubideak errespetatzen ez zaizkion hizkuntza komunitatea euskaldunena dela”. Hori dela eta, “Eusko Jaurlaritzaren erantzunak ez du ez hankarik, ezta bururik ere. Planteamendu zehatza egiten dugu eta antzeko zerbait pentsatzen ari direla diote, baina ondoren dagoenak hizkuntza eskubideak bermatzen dituela dio. Berriro diogu, proposatzen duguna dagoeneko kontsentsuatutako lege baten aterkipean garatuko litzateke. Ez da ulergarria horrelako zerbait egiteko dauden oztopoak ikustea, eta gero argudio antzekoak erabiliz beste alor batean urratsak emateko erakutsi duen asmoa. Hezkuntzak bi hizkuntzetan gaitasuna lortzen duten ikasleak hezi behar dituela jasotzen du legeak eta horregatik ari gara une hauetan hizkuntza ereduak berraztertzen eta hizkuntza nagusia euskara izango duen kurrikuluma diseinatzen. Administrazio publikoaren alorrean ere urrats zehatzak eman beharra dago eta hori da proposatzen duguna.

Ezenarrok, ostiraleko plenoari begira dei zehatza egin du: “Iruditzen zaigu bere garaian euskararen legearen alde egin zutenek, eta beraz, edozein hiritarrek administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidearekin bat egin zutenek, funtzio publikoaren legea berraztertzeko aukera honi ateak irekitzeko arazorik ez luketela izan beharko”.

Legebiltzarrean aurkeztutako lege aldaketa proposamena hauxe izan da:

Funtzio Publikoaren 6/1989 legearen aldaketarekin Aralarrek eskatu duena hauxe da: jendaurreko lanpostuetan ari diren funtzionario guztiek herritarrak euskaraz hartzeko gai izan daitezela. Hain zuzen ere, Funtzio Publikoari buruzko legearen V. kapituluaren 97. artikuluari hau gehitzea:

9. puntua. Euskal Administrazio Publikoek eta beren menpeko erakundeek, herritarrek aukerako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko dute eurekiko harremanetan; hartara, aurreko ataletan zehaztutakoez gainera, jendaurreko lanpostu guzti-guztietan derrigortasun datak ezarriko dira 2010eko mugarekin, gehien jota ere.

Nork: luis.2008/01/28 14:24:28.123 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.