Aralarren asanbladak, aho batez onartu du bart, martxoaren 9ko hauteskundeetara bakarrik aurkeztea. Inolako koaliziorik eratzeko aukera guztiak itxita, Aralarrek garrantzitsutzat jo du indarrak metatzeko aukerak aztertu izana. Aurrera begirako indar metatzeren bat emateko baliagarria izan dela egindako eta izandako kontaktuak, adierazi dute Aralarren koordinatzaile eta koordinatzaileorde Patxi Zabaletak eta Jon Abrilek, hurrenez hurren, Donostiako egoitzan egindako prentsaurrekoan.
Patxi Zabaletaren ustez, Aralarren proiektua sozializatzeko eta Aralar marka indartzeko aukera bikaina izango da datorkigun kanpaina eta horixe izango da gure lana. Euskal Herriko gizartearen gehiengoa abertzalea, aurrerakoia eta bakezalea dela aintzat hartuta, hiru balio horiek ongien defenditzen dituen alderdia Aralar dela iritzi dio Zabaletak. "Jende hori geureganatu nahi ditugu; izan ere, aralarkideok independenteak eta abertzaleak gara, ezkerreko politikak bultzatzen ditugu eta arazoak konpontzeko elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egiten dugu".
Idatzi artikulu bat