Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/10 18:25:27.881 GMT+2

Aralarrek bere poza adierazi du Lezoko EAE-ANVk gutxieneko etikoak onartzen dituelako

Aralar gustura azaldu da Lezoko EAE-ANVk eskatutako gutxieneko etikoak onartzen dituelako. Atzoko udalbatzarrean PSE-EEk aurkeztutako bi mozio ziren eztabaidatzekoak: Isaias Carrasco militante sozialistaren hilketa gaitzestekoa eta ETAren azken agiriari buruzkoa. Eztabaidaren aurretik, Luis Garrido aralarkideak hitza hartu zuen ikusleen eserlekutik, eta dokumentu bat irakurri zuen. Bertan Aralarrek exijitzen dituen gutxieneko etikoak jasotzen ziren. Lezoko alkate Aritz Salaberriak bat egin zuen dokumentuarekin edukiekin.

Luis Garrido aralarkideak hauxe irakurri zuen, mozioen eztabaiden aurretik:

“Alderdi sozialistaren mozioen aurrean Aralarrekook gure iritiza eman nahi dugu. Arrasaten gertaturikoa giza eskubideen urraketa nabaria da, eta hori salatzea derrigorrezkoa gertatzen zaigu. Pentsatzen dugu gizarteak exijitzen digula alderdi politikoei gatazka politikoaren ondorioz ematen diren giza eskubideen urraketen inguruan erantzun komun bat ematea. Horregatik, 3 puntu hauek mahai gainean jartzen ditugu, denon artean eztabaidatu ditzagun. Gainera, pentsatzen dugu hiru puntuok posible direla alderdi guztiek bereganatzea, alderdi guztiek onartzen ditugun minimoak direlako:

  • Edozein biolentzia motaren kontrako gaitzespena eta salaketa adieraztea.
  • Gatazka politikoaren biktima eta familia guztiei babesa eskaintzea.
  • Gatazka politikoa gaindintzeko bide politiko eta demokratikoen aldeko apostu garbia egitea.

Azkenik, Aralarrekook alderdi guztien iritzia jakin nahiko genuke eta aurreratzen dugu Aralarrek bat egiten duela aurrean esandako hiru printzipioekin”.

Garridok dokumentua irakurri ostean, EAE-ANVko alkateak bere adostasuna agertu zuen, eta bertan jasotzen diren hiru puntuak bere egiten duela azaldu. Esan zuenez, edozein biolentzia motaren aurka daude. Era berean, gatazkaren biktima guztiei babesa ematen dietela azaldu zuen. Hirugarren puntuari buruz adierazi zuen bide demokratikoen aldeko apostua egiten ari direla.

Aritz Salaberria alkatearen jarrera ikusita, Aralar gustura azaltzen da Lezoko EAE-ANVk hartutako bidearekin, eta etorkizunean EAE-ANVk bide horri eutsiko dionaren itxaropena azaldu du. Ausardiz jokatu eta jarrera hori zabaltzeko konpromisoa eskatzen diogu EAE-ANVri.

Nork: Lezoko ARALAR.2008/04/10 18:25:27.881 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.