Haritz Salaberria alkatearen jarrera «txalogarria» izan dela azpimarratu nahi du ARALARrek.
Herriari ezagutzera eman nahi diogu Aralarren aldetik erabaki dugula Udaleko lau batzorde informatiboetan parte hartzea, eta bilkuretan ere bai», adierazi zuen herenegun Luis Garrido Lezoko Aralar alderdiko kideak, Mari Jose Garcia alderdikidearekin batera Udalean egindako agerraldian. Hala, jakinarazi zuten joan den hilaren 19an Haritz Salaberria alkatearekin bilera egin zutela, beren asmoa adierazte aldera. «Batez ere alkatearen jarrera txalotu nahi dugu, Aralarren parte-hartzearen aldeko jarrera duelako, eta guretzako garrantzitsua delako».
Helburuak plazaratuz
Aralar alderdiak batzorde informatibo eta bilkuratan parte hartuko duela zehazteaz gain, aipatutako bileratan zein helburu jorratuko dituen ere adierazi ditu. Lau xede dituzte, hain zuzen. «Lehen helburua hauteskunde programa lantzea da. Maiatzean udal hauteskundeetan aurkeztu genuen programaren proposamenak mahai gainean jarri nahi ditugu, oraindik herriarentzako onuragarriak direla pentsatzen baitugu», nabarmendu zuten herenegun.
Horrez gain, batzordeetan« jarrera aktiboa» izango dutela nabarmendu zuten, EAE-ANVk gehiengo absolutua duen arren, «udal gobernuan eragitea posible» dela azpimarratuz: «Gai izan behar gara gobernuarekin ados gauden gaietan elkarlana bilatzeko, baina baita ados ez gaudenetan proposamen alternatiboak aurkezteko».
Herri partaidetzaren beharra
Hauteskundeetako programa lantzea, «politika aktiboa» egitea eta, era berean, herri partaidetza bultzatzea ere helburutzat dutela adierazi zuten Aralarreko kideek: «Oso beharrezkoa ikusten dugu gobernu honek herriaren partaidetzan esfortzu handiagoa egitea; asko dago oraindik egiteko, eta eragileekin elkarlana bultzatzeko asmoa dugu».
Konpromisoak
Aralar alderdiaren azken helburua, berriz, «kontsentsua» izango da, Garridoren esanetan: «Herriarentzako garrantzia handia duten gaietan kontsentsua bilatuko dugu. Adibidez, Pasaiako badiaren biziberritzean, Donibaneko termikaren inguruan, aurrekontuetan, Arau Ordezkatzaileetan eta antzeko arloetan».
Lau helburuez gain, beste lau konpromiso ere hartu ditu Aralarrek. Lehenak «elkarrizketaren eta negoziazioaren» aldeko apustua egiten du, «herriko arazoak konpontzeko». Bigarren konpromisoa, berriz, Udaleko gaietan eragileen parte-hartzea bultzatzea da; hirugarrena, adostasunetara ailegatzeko konpromisoa. Azkenik, «eskubide zibil eta politiko guztien alde lan egitea, eta eskubideen urraketa ororen salaketa» egiteko konpromisoa du Aralarrek.
Bestetik, herenegungo agerraldian jakinarazi zuten www.blogak.com/lezokoaralar webgunea jarri dutela herritarren eskura, haien proposamenak eta alderdiaren asmoak jasotze aldera.
Gainerako alderdiekin bilerak
Era berean, Luis Garridok jakitera eman zuen Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin biltzeko asmoa dutela, «haiek egoera nola ikusten duten jakiteko asmoz, eta zer egin dezaketen hitz egiteko», zehaztu zuten Aralarreko kideak.
Idatzi artikulu bat