Kanpaina irudimentsua egin dugu. Baliabide gutxirekin, baina herritarrengana mezu zuzena, eta kaleko jendearentzat ulergarriak diren mezuak emanez. Eta ez dugu guk esaten hori, zuek, kazetariek nabarmendu dute hori. Izan ere, kanpaina honetan Aralarrek bere leloarekiko fideltasuna agertu nahi izan du. Ezkerra berria eraikitzeko konpromisoa agertu dugu, eta Euskal Herria ezkerretik eraikitzekoa. Kultura politiko berria egiten ari gara instituzioetan, eta hori bera islatu dugu kanpainan zehar, badagoela politika, eta ondorioz kanpaina, egiteko beste modu bat.
Hori da Aralarrek duen balio erantsi nagusia. Ausartak gara politika egiten. Argi azaltzen dugu zer pentsatzen dugun, ezkutatu gabe. Ezker abertzale berria eraikitzen ari gara, zibila eta zabala. Ezkerra eta abertzalegoa ulertzeko beste modu bat. Hiru ideia horiekin aurkeztu gara hauteskunde hauetan: ezker eraginkorra eta eraldatzailea garela; politika egiteko molde berria dugula, eta Euskal Herriaren ahotsaren ordezkaritza garela. Ez du inork Aralarrek bezala ordezkatuko ezkerreko balorerik, ez eta Euskal Herriaren interesak ere.
Eta inkestak inkesta, Aralar da soberanisten artean gorako joera duen alderdi bakarra. Gu gara etorkizuneko indarra, gaurko eta etorkizuneko ezker abertzalea. Eskura dugu Madrilen ordezkaritza lortzea. Ilusioz lepo gaude, eta Euskal Herritarrei, ezkertiar eta abertzaleei dei egiten diegu Aralarren papeletak eskuetan, bozkatzera joan daitezela datorren igandean.
Aralarren botoa da independentziarako bidean jarriko gaituena, gizarte honen aniztasuna bildu eta horren alde lan eginen duena. Aralarrena botorik eraginkorrena da. Aralarrena da boto errebeldea.
Idatzi artikulu bat