Atxagaren _Lekuak_ aitzakiatan I

No profile photo Bidartekoan | 2008-08-12 17:13


 Pro-Hemio / Etartea

Dio Cicerok, bere Topica liburuxkan topikoak bi gauza izan daitezkeela; lehendabizikoa argudioen jesarleku edo kokagunean.
Pentsa dezagun norbait doakiola abokaturen bati (edo filosofoari, segun eta Thesia edo Hypo-Thesia den, hau da galdera orokorra ala zehatza, eta sentitzen dut Ibon Sarasolak erdi aroko tesi kontzeptuetan oinarriturik kudeatu ohi dituen gerra pribatuengatik...); diot, badoakiola pertsona bat abokatuari gauza edo causam batekin. Abokatu horrek behingo batean begiratu behar dio galderari ea defendagarria denentz, eta hori bakarrik egin ahalko du baldin eta badakien argudiorik zelan bilatu.

Ciceroren ikaskidetzat jotzen den batek ...ad Herennium erretorika liburua idatzi zuen lehentxeago. Edozelan ere, hor ematen dira argudioak nondik atera, edozein kontuz ari garela ere. Demagun etimologian oinarritutako argudioak, eta orduan egiten dugu: ekonomia eta ekologia; biek hasieran Oikos, etxea, eta bigarrenez batak 'logoi', hau da berba edo tractatusa (ia-ia Wittgensteinen Proposizioa), eta bigak 'gnomoi' jakintza edo proberbioa (Aristotelek bere Erretorikan gnomé berdinduko du lehen proposizio orokorrarekin). Hortik, hau da, etimologiatik atera zitezkeen munduko Testa Koroatuak zuhaitzak landatzeaz gain beste zerbaitera jartzera, baldin eta National Geographic-ek aspalditik ez balu ataza Orwelldarrari ekin, alegia, "ekologista" dioen lekuan "kontserbazionista" jarri.

Baina topoi argudioen jesarleku diren aldetik idatzi izan dut neu aspertzeraino behintzat, estilo liburuek lokailuez zihardutenean erakutsi zurruntasun faltsu eta kaltegarriaren kontra nebilenean (nahiz eta uste dudan ez dudala sekula irakurlerik izan, baina hori endemikoa da gurean, eta beharrak bikoiztera garamatzana etengabean), azken batez ez dut inoiz autoritatetiko argudiorik erabili, eta horixe da Euskalerri obediente eta esaneko honetan abokatu hark hartuko zukeen argudio eraginkor bakarra. Aski da honetaz.

Bigarren zentzuari eutsi baino lehenago, esan dezagun intuitiboki zentzu biok lotuta daudela. Joan Mari Lekuonak behin esan zidan bezala, "zuek gazteok sentimentua duzue, guk zaharrok memoria, eta hizkuntza batez ere memoria da". Hortik aurrera Chomsky bazter utzi eta hasi nintzen linguistika kognitiboan lanean, nire kalterako, Euskalerriko kadira guztiak Chomskydarraioak baitira... Baina sartu nintzen kulturek duten metaforizatzeko edo kontzeptualizatzeko moduez ikasten.

Hortik ikasi dut "diot" horren -i- esangura zaharra (=eman) lotuta dagoela guri debekatutako "deutsat" horregaz (=eutsi) zelanbait egoera pragmatiko edo eszena berberaren bi aldeak edo ikarrak baitira. Ez da kasualitatea, edo Kardaberazek esango zukeen bezala "zeian edo azokan saltzen ez da".

Baina egia da bigarren adiera dramatikoagoa dela, erakargarriagoa, biziagoa. Pentsa dezagun Athenaseko Amphi-teatroari begira  gaudela; hiru maila daude. Mircea Eliadek hitz egingo liguke hiru maila ontologikoez, zeru-lur-infernuaz; Arestik hitz egingo liguke munduko ardatzaz, eta erretorika modernoa ikasitako euskalariren batek hitz egiten ahalko liguke erregistroen ordez dekoroaz.

Orain pentsa dezagun urtean zehar zein izan den euskal jendeak izan duen antzerki bakarretako bat: meza. Begiratu erretaulari, han duzue anfiteatro ugaritua. Kasuan ez dira elkarren ispilu, edo ispilu artez, bederen, gehiago da erdigunetik bazterretara doan garrantzia.

Erretorika klasikoak, eskutan erabiltzeko lehen aipatu ad herennium bezalakoek izango zuten zati bat oroimena lantzeari lotuta. Platok honi azpikeria zeritzon, baina zorionez jendea konturatuta zegoen badaezpada bere elkarrizketak idatzita zeudela eta beraz ez zirela bat ere naturalak. Beraz, ez zela zilegi hizlariari bapatekotasun intelijentea eskatzea etengabe, guk bertsolariei bezala (normala denez ez dute gehienetan jario intelijenterik sortzen).
Eta, bai, erretorika ikasketek oroimena lantzeko eta laguntzeko teknikak azaltzen zituzten.
Bata zen imajinatzea teatroaren aurrean zeundela, eta orduan argudio printzipalak erdialdean kokatuko zenituzkeen, eta horrela zure testuko argudio guztiak garrantziaren arabera; iruditaratutako espazio hori zutabe eta zutabe arteko habiekin hornituta zenuen, eta erraz sartu ahal zenituen argudiook hortxe. Horregatik antzina apaizek atzea ematen zioten jendeari: "Behin Maria Elizara eta bertan ipurdiaz aldarera" zioen Izpazterreko errefrau batek.
Baina horixe da kontua, leku edo habia horiek ziren lociiak edo topoiak. Ni kontu horietaz nenbilenean hasi zen Atxaga listariaren kontuaz ere. Lekuak beraz... topoi.


Utzi iruzkina: