Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/05/02 22:47:45.162 GMT+2

Ezpeletako herri miresgarriari

"Gizona herri batetik ken daiteke bainan, herri bat ez daiteke gizonaren bihotzetik ken."

leituko duzue ondoko istorioa, hamar aldiz errana izan da Ezpeletako etxe gehienetan eta orokorki iparralde osoan.

Hoinbertze gertakari, jende ahantzi edo ez orhoit nahi, behar izanen nituen horiek izkiriatu..., jasan zutenak biziz direno.

Agian holako hixtorio xume batek, argituko duela eskuararen egoeraz jakin nahi duenak.

Ezpeletako eskuaraz izkiriaturik -

Euskaraz mintzatzeagatik gaiztigua ukan deat !

"Errientsa berri bat etorri zen, baina ez eskola ttipikoa... Eta segidan erran zaukun hura zela errientaren "egiazko" ordaina. Lehen solasetarik beretik ohartu ginen ez zela eztiño haietarik eta hain segur larderia bortitzenaren azpian atxikiko gintuela pentsatu genuin. Ez ginen engainatu. Gure errientsa berria "animale gogorra" zen. Aboza ozen, begia zorrotz, beldurra ematen zaukun. Gu, ordu arte, frango goxoki ohituak, ez genuin beste beharragorik oi ! Bestalde, horra nun erraten zaukun, norbait entzun zuela euskaraz haren kontra mintzo eta kasu eman genizan zeren bera Arrosarra zenaz gero, euskara konprenitzen eta mintzatzen zuela guk bezain ongi!

Horren jakitateak, halere, halako bat egin zaukun, halako plazer bat bezala, To; Euskaldunak ere izaten ahal ziren beraz errientsa... Bainan gure "plazerak" ez zuin luzaz iraun. Laster ohartu gabe ginen gure "euskalduntsa" euskararen etsai errabiatu bat zela : errekreazione denboran zenbait hitz euskaraz erran baikenizkion, gain-gainetik debekatu zaukun hari euskaraz mintzatzea, baizik-eta, euskara jende basa eta zozoen mintzaira bat zelako!...

Bestalde, gure errientsak uste zuin frantsesaren ongi ikasteko euskara ahantzi behar zela. Beraz, erabaki hau hartu zuin : errekreazione denboran ere denok bethi frantsezez ari izan behar ginuila.

Ordu arte nola ari ginen, xuxen ez nekike errateko, hain segur, kliskun-klaskun, bi mintzairak nahasketatzen genituzkeen, baina errientsa debekuak ondoriotzat ukan zuin, sekula baino gehiago euskara entzuten zela errekreazione denboran.

Egitate horren aintzinean errientsa arrunt haserretu zen eta zernahi erran zaukun. Baina aldi hartan ez zen mehatxuetan gelditu.

Errekreazionerakoan jats bat hartu zuin eta gutarik bati eman, erranez :-"norbait entzun dukanean euskaraz ari, aski diok hari pasatzea... harek gero bertze bati eta eskolara sartzeko momentuan jatsa eskuan atxikiko duenak, gaiztigu bat ukanen dik!"....

Bistan da, errekreazione denboran, jatsa hamar eskutarik pasatu zela, halabainan nor ez zen euskarara lerratzen ? Jatsa eskuan zegoena, gaiztiguaren beldurrak segidan "poliza" bat bilakaratzen zuin, bere lagun hoberenaren ukatzeko eta saltzeko gai zena.

Lehen egunean, uste dut, ez nuila hitzik atera eta nik bezala beste ainitzek. Baina, biharamunean pilotan hastera gindoazelaik, mila-miliunka aldiz bezala, bota nuin "JO!".... Ordu berean, jatsduna ondora etorri zitzautan, baizik-eta euskaraz mintzatu nintzela. Nik eztez. Hark baietz : "Jo!" erran nuila eta "Jo!" euskaraz zela. Hainbesteraino durduzatua nintzen non ez bainakien geihago"Jo!" frantsezez ala euskaraz zen ere. Euskaraz zatekeen, zeren luzaz gaben eskolako ate ondoan plantatu behar ukan bainuin, nire jatsa eskuan. Inoiz ez dut ahantziko zer bihotz-zimikoa izan zen hori enetzat. Lehenik afruntua, gero gaiztigua :

Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque, Je ne parlerai pas en basque..............

"ez naiz euskaraz mintzatuko" ehun aldiz idatzeak, nahiz eta ez, gure izpiritua "lantzen" zuin. Eta nola ! Eta sekula berriz "harrapatuak" baldin baginen, gaiztigua doblatua zen, erran nahi baita, berehun aldiz idatzi behar ginuila : Je ne parlerai pas en basque.

Bestalde jats "zikin" hori dela medio, eskolako haurren artean ez zegoen gehiago lehenagoko konfiantza bera. Elkaren beldur ginen. Beldur ! Batak ziotsan berzteari : " hiregatik izan nuk punitua, ez deat ahantziko!" edo indartsua batek ahulago bati "salatzen banuk, muturra hautziko deat!" eta zenbat horrelako. Hortarik zetozen samurgo eta hisiuak Hots; errientsa berriak ekarri dauku : elkarren artean ezin-bizia !

Eta jazartzerako partez, burua apaldu dugu... errautsa milikatzerainokoan : euskaraz mintzatzeko lotsa, ahalge ginen.

Gure errientsa, aldiz haro haunditu zen...Ezpeletako eskolako haurrek frantsesa mintzatzen zutelako Tamanrasset-ekoek bezain ongi. Funtsean, ez ote zaukun aski usu errepikatu : - "La France est une et indivisible de Dunkerque à Tamanrasset".

Kasik urte bat gurekin egonik, egun batez, errientsa berria joan zen.

Errient bat etorri zitzaukun, baian ez lehenagoko hura. Sekula ez ginakon salatu "jatsaren hixtoria". ez zuin balio : Errekreazione denboran, denak frantsezez ari ginen, batio ez zen ari euskaraz...

Ez ginen gehiagorik euskaraz mintzo... on ne parlai plus en basque...

Nork: mhalty.2006/05/02 22:47:45.162 GMT+2
Etiketak: euskara iparralde ezpeleta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.