Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/10/07 13:41:47.411 GMT+2

EMAKUMEOK ETA HILEKOA

 

Ziur aski Hizkuntza Eskola honetan irakasle bai ikasle gehienok emakume gara, hori dela bide egoki iritzi diogu hurrengo  aldarrikapena eta proposamenak egiteari:

Emakume izateagatik, maiz, hala konpresak nola tanpoiak erosi behar izaten ditugu, gure hileroko beharra betetzeko. Dena den, produktu horien Balio Erantsiko Zerga ehuneko hamaseikoa da, hau da, luxuzkoak diren materialei ezartzen dieten  bera. Beraz, hilekoa edukitzea zertzat jo behar dugu: apetatzat ala behartzat? 

Gure ustez menstruazioa isuri naturala da; gainera,  sahiestezina dugu, kromosomak hala eskatzen baitu. Horregatik gure proposamena BEZa ehuneko zazpira jeistea da,   funtsezkoak diren produktu guztietan bezala.

Baina,  aldi berean,  beste modu batzuk eman nahi dizkizuegu,  hainbeste diru ez ordaintzeko eta  gure ama lurra zaintzeko ( Badakizue emakume batek 10.000 konpresa eta tanpoi inguru erabil ditzakeela bere bizitzan zehar?). Horiek  gutxienez.

Noizbait  "copa de luna" edo "copa menstrual" izeneko tresnari buruzko informazioa jaso duzue?

Kopa horrek  bost zentimetroko ezkilaren  itxura du. Merkeaz gain, ekologikoa  da. Bi eredu daude, bata jario gutxirakoa eta bestea normala edo oparoa den fluxurakoa. Askotariko markak daude merkatuan (Mooncup, Lunette, Divacup, Ladycup,...). Gehienak Finlandian sortzen dira medikuntzan erabiltzen diren silikonarekin. Ez daukate latexik, hipoalergenikoak eta seguruak dira. Barruko erabilera dute, tanpoia izango balitz bezala eta isuria jasotzen da han, galerarik eta usainik gabe. Bakarrik  4-8 orduan behin hustu behar duzu, uretan  garbitu eta berriro kokatu.

 Beste aukera bat  da konpresa ekologikoak erabiltzea, kotoizkoak dira eta ehunez eginda daude. Erabili ondoren garbigailuan garbi daitezke. Ez daukate azalari edo inguruari kalte egiten dieten klororik ezta beste produktu kimiko edo sintetikorik ere. Badakizue urtero  miloika konpresa botatzen ditugula eta zabortegietan  usteldu ezinean geratzen direla ehunka urtetan zehar ?

Orain zuei dagokizue kontatzea zer iruditzen zaizkizuen proposamen hauek. Bestalde, beste ideiaren batzuk bururatzen bazaizkizue, blog honetan konta diezazkigukezue.



Nork: bertxo.2008/10/07 13:41:47.411 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2008/10/03 20:11:26.547 GMT+2

Eroriz zazpi aldiz, ikasten da zaldiz

Edo nahiago baduzue: "Eroriz ikasten da oinez."
Ongi etorri guztiok gure blogera ikasturte berri honen hasieran. Urtean-urtean gure labea bero-bero izan dadin egur trontzo galantak batzuetan, ezpal meheak beste batzuetan, sutondoan sartu eta sartu ibili gara. Kontua da suari itzaltzen ez uztea, garrak baditu hobe, baina txingarrak ere balio du denboraldi baterako.
Hemen ez dago aurpegia eman beharrik. Badakizue gaitzizena erabil dezakezuela, inork ez du jakingo nor izan den erantzuna eman duena. Elkarri zor diogun errespetua baino ez da eskatzen eta parte hartzeko gogoa. 
Hasi baino ez gara egin, doi-doi lekukoa jaso dugu. Aurrekoek listoia altu utzi badigute ere,  guk eutsi egingo diogu. Ez da hala? Gogoan izan heltzeko abiatu egin beharra dagoela. Erortzen garen bakoitzean tirita jarri eta aurrera.

Nork: bertxo.2008/10/03 20:11:26.547 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/15 20:53:36.004 GMT+2

PIROPOAK

       Udaberrian gaudenez eta eguzkiak gogor joko gaituenez edo hori espero dugu behintzat -hori bai San Prudentzio eguna pasa eta gero- eta denok primeran dakigun bezala garai honetan neska eta mutil katxarroak polit- politak jartzen direnez, zer deritzozue piropoak botatzeko prestatzeari? Ondo, ezta? Hori dela eta  txapelketa bat antolatu dugu, gure artean piropo politena nork aurkitu, hain zuzen ere  . Txapeldunari gure mirespena eta, bloggari esker, ospe handia eta nork daki baita telebistan agertzeko aukera ere agian.

 

       Zuek ere piropoak botatzen jakin dezazuen zenbait gomendio emango dizkizuegu:

 

       Piropoak maitekorrak bai, baina leial- leialak ez dira. Ez dira bihotzeko azukre koxkorrari esatekoak bakarrik; aitzitik, jende guztiak du ezaugarriren bat piropeatzeko modukoa. Baina denei ezin zaie piropo bera bota, pertsonalizatuak gustukoagok baitira, bakoitzaren neurri-neurrira egindakoak.

 

       Laburra, bi aldiz hobea, piropoetan ere. Pertsonaren grazia hitzez islatzen dute, irudi indartsuak sortuz. Txiste eta publizitate hizkeraren antz handia dute, eta benetako sormen lana, balio handiko lan artistikoa dago esaldi pikaro hauetako bakoitzaren atzean, egileak, espero duen ordaina beti jasoko ez badu ere.

 

       Eta bukatzeko eta grina pizteko, hor dituzue piropo batzuk:

 

  • Erabat gaztetuta zaude!
  • Bai polita zaudela!
  • Hori mutila, hori!
  • Udaberria bera baino ederrago zatoz!
  • Mesedea egiteko modukoa zara eta!

 

Nork: bertxo.2008/04/15 20:53:36.004 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/03/17 10:44:55.807 GMT+1

AZTERKETARIK GABEKO EUSKARA IRAKASKUNTZA!

Hona hemen Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleok azterketei buruz dugun iritzia.

 

Aurten beste urte batzuetan bezalaxe, ekainean kurtso bukaerako azterketa bakarra izango dugu, non urte osoan egindako lana eta ahaleginak eskualdi bakar batean jokatuko ditugun. GAIA ala EZ GAI.

 

Hiru ordu eta hamabost minutu ditugu idatzizko froga egiteko eta berrogeita bost ahozkoa egiteko, lau ordutan frogatu behar izaten dugu dakigun guztia, gainera, kasu gehienetan emaitza erabakigarria denez,  urduritasuna eta estresa sortzen dira eta ondorioz, egoerak gure kontra egiten du, izan ere, askotan ezer gogoratzen ez dugula geratzen gara, ez aurrera ez atzera, eta ez gara ezer egiteko gai izaten.

 

Bestalde, ikasleok ezin dugu hain denbora gutxian eta naturaren kontrako egoera horretan gure maila behar bezala azaldu.

 

Hori dela eta, aurten oker hori saihesteko asmoz, gure euskara jakite-maila neurtzeko ohiko azterketa erabili ordez, ebaluazio etengabea erabil dadila proposatzen dugu.

 

Gure eskaera indartzeko 3.000 sinadura bilduko ditugu eta manifestu honekin batera eskolako zuzendariari emango dizkiogu.

 

 

            SINATZERA GONBIDATZEN ZAITUZTEGU          

 

AZTERKETARIK GABEKO ESKOLA    BATEN ALDE!  

Nork: bertxo.2008/03/17 10:44:55.807 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/03/17 10:38:57.021 GMT+1

MAITASUN HITZAK, GOXOKI.

Bergarako Jardun elkarteak antolatu duen Amodiozko Gutunen XVI. Lehiaketa irabazi du Alaitz Sarasola ordiziarrak. Epaileek, «oso ondo idatzia eta naturala» dela diote.

Ana maitea:

Ana eta ez ama, ama ere bazaren arren. Gaur gutun bat idatzi dut zuretzat. Emakumeak, ama izatean, eme izateari uzten diola esaten zuen batek, eta nik horren aurkako borrokan osatu nahi izan dizut eskutitz hau.

Badira hamar urte elkarrengana bildu ginenetik. Bitxia zen hasierako ezjakintasuna: bi ezezagun hezetasun bila, nondik hasi ez genekiela, mingain eta esku, eskean beti. Denborak eman zigun gure loturaren ezagutza. Beldurrak sendatu eta harremana sendotu genuen. Eta gero, bat gehi bat, hiru bihurtu ginen. Eta beranduago, bat gehi bat, lau. Baina zure izateari begira, gaur ere, mila ezaugarri aurki ditzaket Ana harenak. Zuk, ordea, amatasunera mugatu duzu Anatasuna, eta barruti horretan niretzako lekurik aurkitu ezinda nabil.

Noizbehinka esaten didazu betiko izango zaitudala emazte eta maitale, baina ale gutxi probatzen dut aspaldian. Zure lentzeria garbigailutik atera eta eskegitzean bakarrik ukitzen dut, eta izarek... ohartzerako ohera sartzen zaizkigun umeena bai, baina zure lurrin usainik ez.

Neurekoia naizela esango duzu akaso, baina ni erabat zeurekoi sentitzen naiz, Ana; zurekin pentsatu, zurekin gozatu, zurekin amestu... zure izaten jarraitu nahi dut. Zuk, berriz, ez didazu lehengo arretaren erdirik eskaintzen. Ez erdirik, eta ez laurdenik. Niganako desioa desertu bilakatu zaizulako irudipena daukat; beti umeen atzetik, beti ama izan behar horretan. Zenbaitetan enbarazuan ere ikusten dut nire burua.
Eta beldur naiz. Ez dakit zure printze izatetik zure printza izatera igaro ez ote naizen. Harreman bat ontzetik hondartzera pauso txikiegia dagoelako. Gure umeak ororen gainetik, bai. Ados nago. Baina haurrak aurren, eta ni zenbatgarren?

Ni Gaizka naiz, aita izateaz gain, eta zu Ana, ez ama bakarrik. Eskertuko nizuke beraiei segika ibiltzen zaren bezala, niri segika ibiliko bazina sarriago. Umeekin jolasten duzu, baina nik ere jolastu nahi dut zurekin. Eta ez dut konprenitzen zergatik ez duzun hori gogoan izaten, maitea. Guraso paregabe askok pareta jotzen baitu, bikote izateari utzi eta bi torpe bihurtuta.

Badakit; ahula naizela eta zerutik zorura aitaren batean erortzen naizela esango didazu beste behin. Baina kontuz ibili, bihotza: eskuak laztu zaizkizu, niri laztanak oparitzeari utzi zenionetik. Nik maizago entzun nahi ditut gure maitasun doinuak, elkarren musika, elkarri musuka... Eta ez esan sentimentalegia naizenik. Arrak ere ez gara harrizkoak, eta bihotz barruko nire orruek hitz egiten dizute idatzi honetan.

Zein beharrezkoa den batzutan: marrazki bizidunetatik haratago joan, eta elkarrekin filma interesgarri batean galtzea; lauko mahaian biok bakarrik afaltzea; plastikozko ahate horiak gorde, eta suzko begiradak bainerako jolasetan itzaltzea; esnatu berritan zirriak gosaltzea; batak besteari besarkatuta binakako bakardadearen beroan kiskaltzea... Zein beharrezkoa den batzutan.

Besterik ez, Ana; kariño osoz idatzi dizut gutuna. Horra nire eskaera, nire aitortza. Hau bakarrik edo hau guztia adierazi nahi zizun zure umeak ez ezik, zure uneak ere behar dituen Gaizkak.

 Zer erantsiko zenuke zuk?

Nork: bertxo.2008/03/17 10:38:57.021 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/04 14:46:45.568 GMT+1

Ze asmo oporretarako?

Aste Santua hurbiltzen ari denez (eskerrak!!!), batek baino gehiagok izango du bidaiaren bat bere buruan; beste askok, ordea, etxean geratu behar izango dute. Izan ere, gaur egun bidai-agentzia batera hurbiltzen garen bakoitzean erakustokiari erreparatu eta, sartu baino lehen, etxerako bidea hartzen ohi dugu berriz. Hala ere, batzuok gure maletak hartuko ditugu atseden hartzeko asmoz, uda heldu arte falta zaigun denbora hobeto jasateko eta indarrak berritzeko, baina zoritxarrez guk pentsatutakoa, gure nahia, alegia, behin baino gehiagotan ez da betetzen.

Ez al zaizue gertatu antolatutako bidaia batean oso urrun joatea ezagunik ez topatzeko, eta hara non zuen auzokide batekin bidaia osoa egitea? Edo zuen ametsetako hotelera heldu bezain laster eltxoz beterik zegoela konturatzea?  Edo urte osoan oporrak izan ez, eta joateko eguna heldu bezain laster  besoa haustea? Edo pasaportea erakusterakoan iraungita zegoela konturatzea aireportuan bertan?

Anima zaitezte eta kontaizkiguzue zuen asmoak aurtengo Aste Santurako, etxean geratzea edo kanpora joatea nahiago duzuen. Horrez gain, zeuei edo ezagunen bati oporretan edo oporrak prestatzerakoan pasadizoren bat gertatu bazaizue jakin nahi izango genuke, ea besteok zerbait ikasten dugun eta hurrengo batean kontuan hartzen dugun.

 

Nork: bertxo.2008/03/04 14:46:45.568 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/02/15 13:12:44.910 GMT+1

SEGAPOTOAK

NOLA BIZI "SEGAPOTO"RIK GABE?

Badirudi,  poltsikoan hamaika lagunek  daramagun sakelako telefonoa  kaltegarria  dela. Izan ere, Amerikatako zein Europako unibertsitate batzuetan egindako  azterketen   arabera, bi motatako kalteak sor ditzake: alde batetik, uhin  elektromagnetikoek eragiten dituzten tumoreak, garuna erradiazioen eraginpean  jartzen delako; eta bestetik, mezuak behin eta berriro bidaltzen baditugu,  erpuruak mina hartuko du, atzamarreko artikulazioak hain zuzen ere.

Oro har,  arazoa ez dago  telefonoan bertan, baizik eta bera baliatzeko moduan, hau da, mugikorren bidez luzeegi hitz egiten dugu.

Gainera, sakelako  telefonoaren konpainiek gero eta  erraztasun handiagoak  ematen dizkigute erabilera sustatzeko.  

 Beraz,  hori jakinda, zer pentsatzen duzue? Behar baino  gehiago erabiltzen dugu tramankulu hori? Bere erabilera  murriztu daiteke? Beldur gara teknologia berriaren etsaiek ohartzen digutenaz?

 

Nork: bertxo.2008/02/15 13:12:44.910 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/02/15 13:05:49.820 GMT+1

Nork: bertxo.2008/02/15 13:05:49.820 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/12 17:05:36.325 GMT+1

Hiru behien zergaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu,  probatu helbide hauetan:

http://www.visitnavarra.es/eus/organice-viaje/recurso/Ocio-y-cultura/3996/Tributo-de-las-tres-vacas.htm

 

http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/M/ManezaundiArtikuluak102.htm

Nork: bertxo.2008/02/12 17:05:36.325 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2008/01/15 17:41:39.474 GMT+1

INAUTERIAK

Inauteriak badatoz…

 

Dakizuenez aurten inauteriak oso hurbil ditugu! Otsailaren lehenengo asteburuan, hain zuzen ere. Euskal herrian ohitura handiko jaiak dira, baina badakigu benetan nondik datorzen inauteriak?

 

Inauteriak aitzakiatzat hartu dezakegu normalean ezin ditugun gauzak egiteko; hala lotsa galtzeko mozorroekin, nola jendea ezagutu. Gainera, ez daude gaizki asteburu on bat pasatzeko, lagunekin egoteko, jende berria ezagutzeko, eta barre batzuk botatzeko.

 

Hori dela eta, atseginak dituzue jai hauek? Nola igarotuko dituzue? Badaukazue mozorroa prestatuta, ala oraindik ez daukazue ideiarik zer mozorro jantziko duzuen? Zuek egindakoak ala erositakoak? Ausartak zarate hotzari aurre egiteko mozorro beroekin, ala gustukoa duzue oihal gutxi dauzkaten mozorroak? Mozorratuta gaudenean atseginagoak gara pertsonekin? Edo jarrera ezberdina izaten dugu? Zergatik?

 

Laster ditugu hemen, beraz lasaitasunez hartuz gero, inauteriak harrapatuko gaituzte…

 

Nork: bertxo.2008/01/15 17:41:39.474 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)