Amonaren indarra

neretto 1456151779299 Gazi-gozoetan barna | 2017-12-06 22:43

Umea garrasika hasi da amak alde egin duela ohartu denean. Ritak besoetan bildu ditu 8 kiloak, eta esku zaintsu batez burua bularrean pausarazi dio. Umeak atzera egin du hasieran, temati, baina noizbait amore eman du amonaren gainean. Pasabidean atzera eta aurrera hasi da Rita, erdi ahaztutako sehaska kanta harekin txikiaren makakorroak estali nahirik. Atzera, aurrera, atzera, aurrera. Haurra tarteka lasaitzen da, arnasa berreskuratu ondoren ozenago ekiteko. Amonak umea mugitu, besoekin sehaska egin eta kulunkatu du. Garondoan giharrak tenkatzen sumatzen ari da, baina ez du denborarik ornoetan gora doazkion ziztakoei arretarik emateko, umea leher eginda egonagatik ere, ezin baitu loak hartu. Titia ateratzerik balu, sikiera, baina aspaldi xukatu zizkioten hiru seme-alabek, eta ezin arma hartaz baliatu. Orain besoak baino ez ditu, eta eztarria. Beso inurrituak eta eztarri lakartua. Hamar, hogei, hogeitamar minutu korridorean gora eta behera; Ritaren gerrialdea kitto esateko zorian dagoela, erabat baretu zaio umeari arnasa eta begi hezetuak itxi ditu. Minutu pare batez luzatu ditu amonak badaezpadako kulunkak, gerrialdearen deiadarrari entzungor.

Umea sehaskan askatu duelarik, behatzak banan bana mugitu behar izan ditu besoak oraindik soinari erantsita dituela ziurtatzeko, bizkarra luzatu gerriak bira egin dezakeela baieztatzeko. Belaunak artean kexurik agertu ez duelako pozik, logelatik irtetear, garraxi batek tenkatu dizkio lasaitutako gihar guztiak. Atzera eskaini dizkio txikiari besoak, garondoa, eztarria, gerrialdea eta, orduan, baita belauna ere. Haurra esker oneko azaldu da, eta berehala bildu ditu betazalak. Badaezpadako kulunken ondoren, Rita besaulkian jarri da, umea lo magalean. Jaramonik ez gorputzaren kexuei. Auzokidearen hitzak oroitu ditu, “Ez dakit nondik ateratzen duzun indarra, emakumea!”. Bilobaren masail gorrituei so egin die, esku txiki perfektuei. “Galdetzea ere!”, erantzun dio bere buruari.


Utzi iruzkina: