Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (V)
Gazte ginen , gazte...
Hauxe bilakatu zaizkit egunak
estutzen nauen bakardadearen konpainia
hura gero eta gehiago maitatzeari beldur
atsegin mingarria ematen baitit
oso maitatzen hasia bainaiz,
Bakardadea
"bakardade sasoian bizi gaituk,
bakarminez oldartuak"
Sarriren gazi-gezak
nere erraietan uztarri
"Oi Bakardade, Bakardade!"
balitz bederen poeten erresuma
balitz amodio galduen usaina,
soilik ilunpetako emaria
baina merkealdietan ikusi izan dut,
jendartean pagotxa bila.
Ezpain ezezagunetan ernatu zait
ene desiraren bortitzak lizundua,
Ez da amorante makala
irudimenarekin hirukotea osatzea
onartzen duenean.
Ederra da nere bakardadea
Udazkeneko tristeziaren
kolore gorrixkaren antzerakoa
Bakartasunez
busti ohi ditut larunbat gauak
Sarriren letrak,
oroitzapena izateari utzi dion
ustezko irri majikoa,
sabaiko armiarma sarea,
kokteleran ,
eta topa!
Tristeziak harrotzen dizkit igandeak
aldika iragazi zait astegunetara
Ajea nostalgiaren erresumina izanik
ez da malkoentzat tarterik
koktelek gorputza idortzen baitute;
Bakardadeak halaber.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: