Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/01/08 08:01:17.259 GMT+1

Zeroz azpitik

Gero eta gehiago fidatzen naiz belarri kutsatugabeekin. Atzo, egunero bezala, gaueko albistegia ikusi genuen ETB1en. Egunokin Euskal Herrian izaten ari garen hotzaldia aipu zuten, eta halako batean aurkezleak esan zuen bihar ere [gaur] tenperaturak zeroz azpitik izango zirela. Eta ondokoak salto egin zuen: "Zeroz azpitik! Zero azpitik izango da, ezta?".

Arin eta txarto baino astiro eta seguru hobe denez, liburuetara jo nuen argi bila, erantzun aurretik. "Zero azpitik baino ez da ageri", arrapostu nik.

Ereduzko Prosan ere erabatekoa da emaitza. ZTCn, zeroz azpitik behin ageri da, eta zero azpitik dozena bat aldiz.

Beraz, hankaz gora, atzekoz aurrera... baina mahai azpitik eta zero azpitik.

Nork: Block.2009/01/08 08:01:17.259 GMT+1
Etiketak: zeroz_azpitik postposizioak zero_azpitik eguraldia | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/01/05 08:02:08.410 GMT+1

Zein zan Sanson? Sanson Sanson zan

Hilkintza lazgarria gertatzen ari da Gazako lurraldean, berrogei kilometro luze eta hamabost zabal baizik ez den lur pusketa horretan (horregatik esaten diote Gazako zerrenda).



Badakigu Sanson, israeldar epailea, ibili zela lurralde hartatik (han galdu zen plazeraren amoreagatik), Toraren arabera, eta, zuetako askok jakin ez arren, Bizkaiko alde hau ere korritu zuen, Asier Bidartek, nire lagun handiak, Lezama inguruan batutako Sansonarriaren ipuinari jaramon eginez gero.

Gatozen baratxe-baratxe harira. Duela egun batzuk Hamasek haserre-egunerako deia egin zuen. Halaxe izendatu zuten, behintzat, Berria egunkarian borrokarako egun hori. Dena den, erdarazko kateak ere eskura ditugunez, laster ohartu nintzen ordain hori ez zela bete-betekoa. Espainiako kateetan, día de la ira entzuten zen; frantsesez, journée de colère, eta ingelesez, day of the wrath.

Kontua da zer iradokitzen duten ira, colère edo wrath hitzek. Alegia, ele guztiek hartzen dute beren esanahia beste eleekiko harremanean, esanahi-sare batean. Gutxi dira konnotazio bereko sinonimo petoak. Hala, erdal hitz horiek zerbait jainkozkoa adierazten dute; zerbait handi, alimalekoa. Esaterako, ingelesezko hitzak Steinbeck-en The Grapes of Wrath liburua ekarriko digu gomutara (depresio handitik krisi-denbora honetara).


Ez al zen hitz egokiagorik euskaraz hori zehatz (ñabardura guztiez horniturik) adierazteko? Orotariko Euskal Hiztegian begiratuz gero, Jainkoaren hira era askotara ageri da: hira, kolera, haserre, samurgo, haserretasun, haserrekuntza...

Hartara, tradizioari dagokionez, haserre ere aitzakiarik gabekoa da, baina badu arazo bat, eta ez txikia: arras polisemikoa da, orokorregia. Hira ugaria izan zen gure idazle printzipalen idatzietan, baina XVIII. mendeko erdialdeaz geroztik urri ageri da. Gisa berean, hiztegiak (Orotarikoan dena ez baita deskribapen soila) ohartarazten gaitu idazle txukunenen testuetan aserre, aserretasun edo aserkuntzarekin batera ageri dela.

Zer da bada ira edo kolera  gaiztoa eta eragabea? (Gerriko)
Zer da iria edo aserretasuna? (Busturiko kristau-ikasbidea)
Anhitz gauzak egiten derauka giristinoari gaitz eta kalte, eta hetarik bat da, eta are buruzagietarik, hira, kolera, haserretasuna, mendekatzeko desira desordenatua. (Axular)
Axularrek ematen digu beste arrasto bat. Kolera edo hira irakurtzen dugunean (guk oso-osoan ulertzen ditugu hitzok; ez saratar eskolagabe haiek bezala), mendeku-gosea hautematen dugu. Hots, kolera edo hira emankorrak dira, eta haserrea, ez (edo ez du zertan hala izan).

Le Robert Micro hiztegiak (2006) areagotzen du gure goganbeharra.

ire. colère.
colére. 1. Violent mécontentement accompagné d´agressivite.
Zergatik aukeratu da, bada, haserre? Bistan denez, erdal kutsurik batere ez duen aukera bakarra delako. Haserretasun hautaturik, menturaz (ez diot erabat seguru), polisemiaren eremua murriztuko zatekeen. Dena den, ñabardura asko galduko lituzke irakurle euskaldunak. Hobe zatekeen, inondik ere, hira-eguna edo kolera-eguna aukeratzea.

Batzuetan, iruditzen zait hirurehun hitzekin eraiki nahi dugula hizkuntza oso bat, eta hori ezinezkoa da, eta, gainera, ezin da.

Interneten bilaka, hainbat ikerketa aurkitu ditut gizakiak egunean erabiltzen duen hitz kopuruari buruz. Ez dakit denak guztiz fidatzekoak diren, baina, tira, ezin uka daiteke Lur hiztegi txikietako zerrenda nahiko eta sobra dugula.

Eta euskaraz, horrekin batera, bada beldur handi bat, askotan agertzen dena, ahalik eta hitzik ezagunenak erabiltzera behartzen gaituena. Hasier Etxeberriari, esaterako, irakurri diot ez zaiola onartzekoa begitantzen euskarazko liburuak irakurtzean dozena bat bider hiztegira jo behar izatea.

Idazleen beldur hori (orain erabat aldenduko gara testu honen sorburuko helburutik) ezin hobeto jaso zuen Atxagak Obabakoak liburuaren gaztelaniazko aurreneko edizioan (1989).

[...] Porque, naturalmente, escribir es lo artificial, y ese artificio que es el lenguaje literario es algo que va formándose con el tiempo y con el trabajo de muchas personas, adaptándose así a las necesidades expresivas de cada época.

Una de las consecuencias de ese trabajo es, por poner un ejemplo, la invisivilidad de ciertas palabras. Cuando un lector lee, en castellano, una novela con mucho diálogo, es muy probable que no vea los continuos dijo, respondió y replicó del texto. Las palabras están ahí, pero le ocurre con ellas lo que con los árboles de su paseo favorito: que las ha leído tantas veces que ya no repara en ellas.

Escribiendo en euskara, yo no tengo problemas con dijo (esan), o respondió (erantzun); pero empiezo a tenerlos con replicó (arrapostu), debido a que esta palabra no le es familar al lector, porque se trata de un árbol que conoce pero que, sin embargo, nunca ha visto en ese paseo. Así las cosas, el escritor vasco sabe que su lector se detendrá en esa palabra, que supondrá una interferencia.
Mende batzuk lehenago esana zuen Axularrek hori. Hobena ez zela euskararena, irakurlearena baizik. Eta oraindik horretan gara. Atxagaren arrazoibidea ez da erabat zuzena (besteak beste, arrapostu eta erantzun sinonimo garbiak baitira), baina esplikazioa guztiz balekoa da ulertarazteko erdaldunei (geuri ere, gaztelaniadun garen aldetik) zein den euskarazko sorkuntzaren herrena edo muga.

Axularrek aipatu zuen Sanson bere liburuan, gizonezkoak haragiaren bekatutik eta emakume engainagarriengandik aldentzeko, eta atzera eramaten gaitu Gazara. Salam!






Nork: Block.2009/01/05 08:02:08.410 GMT+1
Etiketak: lexikologia palestina haserre_eguna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/01/01 00:01:17.283 GMT+1

Urte berri, asmo berri

Lehenik eta bat, inork ez dezala pentsa urtezahar gauean idazten ari naizenik: modernitatearen gauzak dira hauek.

Blogerako urte berrirako asmoak:
  1. Etxeko liburuetan markaturiko esapide, hitz eta pasarteak biltzea.
  2. Lagunen ekarpenak jasotzea.
  3. Aditz-elipsiaren ezkutukia argitzea.
  4. Han-hemengo liburutegietako argazkiak erakustea.
  5. Strunk-en estilo-liburukoak amaitzea.
  6. Ikastaroetarako apailaturiko materialak jasotzea.
  7. Orozkoko alkateak "Sustraiak" saioan (2008-12-20) esanikoak hitzez hitz transkribatzea.
  8. Leginetxeren pasarteren bat euskaratuta ematea.
  9. Itzulpen-ariketa batzuk eskaintzea.
  10. Orotarikoan ikusiriko pitxi batzuk agerira ekartzea.
Erdiak beteta, ni pozik.


Nork: Block.2009/01/01 00:01:17.283 GMT+1
Etiketak: asmoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/24 08:12:26.402 GMT+1

Idiaren urratsean gabiltza

Aurtengoak honaino iritsi dira; Anxuberrorekikoak ere bai.

Badira oraindik metaforazko esapide batzuk (batzuk hemengoak, gehienak nonahikoak):
Gerlaren hastapenean xori-gizonek etzuten bertze lanik egiten, bazterren ikertzea baizik, nun nor zabilan ikusteko, tropen harat-hunat guzien berri jakiteko, kanoieri norat jo erakusteko.

Ikusiko duzu odol hotzeko gizonak direla.

Alamanak ziren hasi kitzikan; guk arrapostu oren erdi batez, toki hartako tresna guziekin, handi eta tipi, erauntsi bat igorri baitzuten izugarria. [Erreparatu, orobat, handi eta tipi aposizio miragarriari].

Idiaren urhatsean gabiltza. Seguretik ari gira, dakigulakotz zeri gauden, zer xede dugun, zeren ondotik gabiltzan.
Heiagorak:
Debruen urdeak, ez othe dut bada oraikoan enea hilen!
Zenbakien erabilera berezia:
Han ere, etsaiak zazpi ahalak egin ditu, berriz ohiko lekuaz jabetzeko.

Koordinaziozko hitz-elkarteak:
Athe-leihoak ere zabalik daude, gau eta egun, ohoinen beldurrik gabe.

Marne ibaiko urlo honekin finituko dugu.

Osagarri guzier!

Nork: Block.2008/12/24 08:12:26.402 GMT+1
Etiketak: anxuberro lokuzioak esakuneak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/23 08:03:03.401 GMT+1

Tragikoa dena

Badira urte batzuk liburuak binaka irakurtzen ditudala, bat euskaraz eta beste bat erdaraz (dela ingelesez, dela gaztelaniaz). Batzuetan, gurutzatu egiten dira irakurgaiak eta diskurtsoak. Orain, Juanjo Olasagarreren T eleberria eta, aurreko batean aipatu nizuenez, Milan Kunderaren The Curtain saiakera-liburua ditut ohe ondoan.



Lartxo litzateke esatea elkarren osagarri direla, baina, neurri apal batean, ez daude oso urrun. Olasagarreren liburuan greziar tragediari buruzko eskolak hartzen ditu pertsonaia nagusiak. Aldizkatu egiten dira tragediari buruzko apunteak eta pertsonaiaren bizikizun tragikoak liburuan barrena. Areago, atal gehienak unibertsitateko oharrekin hasten, eta hari nagusiko kontakizunarekin bururatzen. Kunderak ere oso aintzat hartzen du greziar tragedia, historiaz, literaturaz eta, oro har, munduaz jardutean.

Olasagarreren liburua maila jasokotzat daukat, sofistikatutzat (ederra hitza!); betegarririk gabeko narrazio jantzi eta esanguratsua da, ene ustez. Hala ere, nork atzeman ditzake greziar tragediari buruzko aipamen guztiak? Nork ekar xoko eta garai hauetara?

Irakurle arruntak ez du izaten harreman handirik mundu klasikoarekin. Guk Plautoren lan bat edo beste irakurri genuen UBIn; ez besterik. Greziar komediaren ereduak baliatu zituela irakatsi ziguten, eta horra guztia. Presokratikoak, Sokrates, Platon... landu genituen Filosofian. Platonen haitzuloko itzalak baino are gutxiago geratzen da horretatik guztitik. Hegel ere aipatzen da bi liburuetan, baina zer arraio dakigu hartaz? Asko jota, idealismoa sortu zuela, eta Marx eta Engelsen aurretikotzat har daitekeela.

Zer uler dezakegu Olasagarrek aipu dituenean Eskiloren arkaikotasuna, Sofoklesen jainkoen gizakiekiko axola gabezia eta Euripidesen gizakien arteko jainkoekiko mundu ezaxola? Erudizioaren bristadak sumatzen ditugula hitz horietan, zer besterik?

Bidaian ibilita ere atxikitzen da kultura horren ziraia, axalekoa. Mizenasen, ahalegindu zaitezke Agamemnon eta Klitemnestra irudikatzen, aldats gora, jauregiko bidean. Gida turistikoan irakur dezakezu Ariadna eta Teseoren istorioa, Naxosen zaudela, eta neskaren itxaronaldi debaldekoa imajinatu. Litekeena da batek baino gehiagok Oresteren itzulerari buruzko Sarrionandiaren ipuina irakurri izana. Baina ezagutza porrokatu eta sakabanatu horretan ez dago inolako sistemarik; intuizio maxkal bat, gehienera ere.



Kunderak hutsune batzuk tapatzen dizkigu, greziar tragedia dakarkigunean, inguruko mundua endelegatzen saiatzen ari dela. Eta honela mintzo zaigu:
Antigonak inspiratu zuen Hegel: bi antagonista daude bekoz beko, eta haietako bakoitza zeharo atxikirik dago bere egia partzial eta erlatiboari, zeina guztiz justifikatutzat jotzen baitu. Biak prest daude egia horregatik beren bizia sakrifikatzeko, baina bakarrik nagusitu daitezke aurkaria erabat suntsituta. Biak dira, aldi berean, zuzen eta errudun.

[...] horrek dakarkigu giza egien erlatibismo saihestezina.
Horra hor tragediaren mamia, azaldu eta eguneratua. Izan ere, Kunderaren liburua xeheagoa da, zuzenagoa, hainbeste itzulingururik gabekoa. Olasagarrek, berriz, eleberrigintza baliatu du, hori eta beste gauza asko azaleratzeko. Eleberrietan iradoki egiten da (edo, bederen, hala behar luke), gertaeren eta pertsonaien bidez; ez da diskurtso edo teorietarako eremu emankorra. Idazleak zulatu egin behar du gauzen esentzia, esentzia horien izenik ahomentatu ere egin gabe. Hori da desafioa. Saiakerak ez dauka abstrakzio (itxurakeria) horren beharrik.

Bi liburuak bikainak dira.

Zerbait eskatzekotan, hurrengo argitaraldirako erratak mehazteko eskatuko genieke Alberdaniako arduradunei.

Nork: Block.2008/12/23 08:03:03.401 GMT+1
Etiketak: the_curtain kundera olasagarrare t tragedia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/18 08:16:45.134 GMT+1

Desmarkatu

Politikan eta hedabideetan, hitzek, mendreenak ere, berebiziko garrantzia daukate.

Jon Alonsori entzun nion Brigada Gorriek Aldo Moro hilko/exekutatuko zutela iragartzeko plazaratutako agiriak zirrikitu bat utzi zuela pentsatzeko ez zutela berehalakoan hil behar. Gerundioak (esequendo adizkiak) eragin zuen interpretazio lauso hori (euskaldunok ere badakigu zerbait sasigerundioez, ezta?).
Concludiamo quindi la battaglia iniziata il 16 marzo, eseguendo la sentenza a cui Aldo Moro è stato condannato.


Zalantza hark oso gutxi iraun zuen, baina, itxura batean, italiar gehienak estekatu zituen. Oso garai bizi eta gogorra izan zen hura, berunezko urteena. Italiako Alderdi Komunista bere gorenean zen, eta Moro haiekin gobernuan aritzeko prest agertu zen. Gaur egun, oraindik ere ez dago garbi nor egon ote zen hilketa haren atzetik. Akorduan al duzue CIAren Galdio sare behiala entzutetsua?

Euskal Herrian ere, izaten dira ñabardura doiz beteriko adierazpenak. Azpeitiko gertakariek agerian utzi dute lexikoaren xorroxtasuna: batzuek gaitzetsi dute; beste batzuek dolua agertu dute, eta, oraintsu, AHTren Aurkako Elkarlaneko kideak desmarkatu egin dira.

Gure ume-denboran futbolariak ziren desmarkatzen zirenak. Egingo nuke euskaraz txukunago litzatekeela bat egiten ez dutela adieraztea, baina ezin jakin seguru hori esan nahi zuten.

Izan ere, nork uka hitz egokien hautuaren garrantzia hemen eta han, atzo eta gaur?
 

Nork: Block.2008/12/18 08:16:45.134 GMT+1
Etiketak: politikako_hizkera hedabideak azpeitia semantika aldo_moro | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2008/12/16 08:01:10.180 GMT+1

KrisiaisirK

Asteburuan jakin dugu britainiar gobernua kexu dela hedabideak krisi-garai honetan izaten ari diren jokabidea dela eta. Itxura batean, aski da susmorik mendreena agertzea edo jendea bankuen kanpoaldean ilaran erakustea, kalte handia egiteko finantza-erakundeei.



Oraindik ez digute sinetsarazi geurea dela krisiaren errua kakajario hutsak izateagatik, baina larri ibili.

Soka guztiek bi mutur dituzten ber, hizkeraren zuzentasun politikoak ere baditu bereak. Lehengoan, ekonomialari baten testuan aurkitu nuen horren adibide bikaina: enplegu-doikuntza. Termino zehatza da, aseptikoa, zientzia-hizkerari dagokiona. Azken batean, garrantzizkoena ez da zeinu linguistikoa bera, norberari iradokitzen diona baizik.



Ez da oso gai jostagarria, baina bi titulu parez pare ipinita aise igarriko duzue zein den britainiar gobernuaren gogokoa eta zein ez.
  • Etxebizitza-merkatuak egokitu beharko du ekonomiaren motelaldiaren aurrean.
  • Krisiak gogor jo du etxebizitza-merkatua.
 

Nork: Block.2008/12/16 08:01:10.180 GMT+1
Etiketak: hedabideak eufenismoak krisia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/15 08:02:12.928 GMT+1

Estiloaren osagaiak (V)

7. Paragrafoa testuaren unitate gisa erabili: paragrafoa bat, gai bat

Paragrafoa idatzi ondoren, hura banatzea onuragarri den aztertu.

Gaiak paragrafoka banatzearen helburua agerikoa da: irakurleari laguntzea. Paragrafo bakoitzaren hasiera seinale bat da, gaiaren garapeneko beste urrats bat adierazten duena.



Eleberrigintzan, esaterako, bilakaera handia izan du paragrafoen antolaerak. Flaubert-ek, esaterako, bere lanen azken edizioetan batu egin zituen paragrafoak, eleberrigintza antzerkigintzatik urruntzeko asmoz. Kontzientziaren isuriaren estreinako zantzuak izango ziren haiek.

***
Letra etzanezkoak geureak dira.

Nork: Block.2008/12/15 08:02:12.928 GMT+1
Etiketak: elipsiak elements_of_style estiloaren_osagaiak estilo_liburuak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/12 08:00:34.375 GMT+1

Marrazoak, marranoak, marratxoak, marrak...

Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak liburu alegorikoa erosi nuen lehengo batean. Ez nuke literatura-iruzkinik egin nahi, baina, aitortuko dizuet, nahiko etsirik nago argitaletxeen liburu-objektuaren politikarekin. Ez dut esango liburuak mamirik ez daukanik, barru-hutsa denik, baina Sarrionandiaren arestiko lanekin zimiko hori izan dut. Eta ez ditu argitaletxe bakarrak plazaratu, horratik. Lasai, neska-mutilok, ez, ez naiz "totemizazio"az mintzatuko.



Hala ere, ez dugu Sarriren liburura horregatik jo. Probestu nahi izan dugu hitz elkartuen idazkeraz bi hitz egiteko.

Argia zabaltzen ari zen, behe-lainoak eta iluntasuna deseginez, eta argietarantz inguratzen ginenok mundua luze eta zabala dela ikusi genuen lehenengoz, eta auzo herriak genituela. (33. or.)

Ikustekoak ikusita zeuden gure lagun haiek. Geu ere konturatuak ginen, inguruko eremuetan auzo herriak genituela. (38. or.)
Auzo(-) herri bitara uler daiteke:
  • auzo-herriak: auzo eta herriak (dvandva edo koordinaziozko elkartea)
  • auzo(-)herriak: auzoko/ondoko herriak
Testuan marratxorik ez erabiltzeak erabat eragozten du polisemia hori, marratxorik gabeko aukera bakarra bigarrena baita.



Nork: Block.2008/12/12 08:00:34.375 GMT+1
Etiketak: hitz_elkarketa auzo sarrionandia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/12/10 07:53:33.206 GMT+1

Irudizko esanahiak

Hiztegietan bigarren adieratik aurrera ageri diren irudizko esanahi horiek dira irudi ihartuak. Kontu handiz hartu beharrekoak dira, hizkuntza guztietan ez baitira berdinak.

Eman dezagun esaldi honekin topo egiten dugula.
Arimarik ere ez zegoen herrixkan.
Baten batek pentsa lezake: hara kalkoa, erdaraz (gaztelaniaz esan dezagun garbi) ere halaxe erabiltzen delako. Kontuz! Senak eta belarriak erakusten digute halakoak ondo arruntak direla hiztunen ahotan. Zilegi da irudi hori baliatzea.

Har dezagun beste esaldi hau:
Ramon Saizarbitoriari zor diogu berrikuntza hori.
Bada, zor irudizko hori ere balekoa da, bistan denez.

Egin dezagun aitzina, gozatu aditzarekin "tupust" egin arte.
Ondo merezitako oporrez gozatu zen.
Hor, ordea, egingo nuke hizkuntzak ez duela horretarako biderik ematen inola ere.
Ondo merezitako oporrak izan zituen.
Ondo merezitako oporren poza/atsegina izan zuen.
Izan ere, hizkuntza bakoitza sistema beregain bat da. Arrotz zaiona arrotz zaio.

Nork: Block.2008/12/10 07:53:33.206 GMT+1
Etiketak: metaforak zor irudiak kalkoak gozatu arimarik_ez | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (1)