Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/07/12 23:47:46.201 GMT+2

Helbide berria


Irailetik aurrera, helbide honetan izango gaituzue:
idazkola.com
Ordura arte, oporretan izango gara.

Nork: Block.2011/07/12 23:47:46.201 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/07/12 20:45:01.225 GMT+2

Axular (XIV): Goethe


Askotan gogoeta egin dut Goethe-ren idatzietan ageri den ciudadela interior horretaz. Uste dut Zweig-en eskutik iritsi nintzela Goetheren burutazio horietara (ez dakit xuxen zein izan zen bitartekoa: Castellio contra Calvino edo El legado de Europa).

Zitadela hori zera da: norberaren barruan dagoen eremu babestu besterenezin hori (esentzia-edo).

Aspaldi handiko kontua da, haatik, San Agustinek ere erabili baitzuen bere idatzietan antzeko molderik. Eta Axularrentzat, beraz, ez zen arrotza:
  • Athe hauk behar ditugu hertsi, eta hautzaz eduki kontu, baldin etsaia geure arimako gazteluan sartzetik nahi badugu begiratu.
Izan ere, Goethe itzultzeko ere balio digu Axularrek.

Xabier Mendiguren, Isaiah Berlin-en Giza historia euskaratzean, ez zen askorik aldendu urdazubitarraren lorratzetik:
  • Barne-gaztelu batera —neure arrazoi, neure arima, neure ni noumenalera— erretiratze estrategiko bat egin izan banu bezala da, eta hori edozer egiten dutelarik ere, ez kanpoko indar itsuak, ez giza makurkeriak, ezin du ukitu.
Fini dira Axularrekikoak.


Nork: Block.2011/07/12 20:45:01.225 GMT+2
Etiketak: arimako_gaztelua fortaleza_interior goethe axular | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2011/07/11 20:13:31.100 GMT+2

Axular (XIII): tautologiak


Egungo euskal prosan ez dira oso erabiliak halakoak, debaldeko hitzik ez sartzeko araua dela eta. Hala ere, batzuetan indargarri bikainak dira, gehienetan esanahia argitzeko baliabide huts diren arren.
  • Hasuiña edireiten da alfer-nagiaren landan eta alhorrean, zeren figurat acediam; si molliter tangis urit; si fortiter astringis, non pungit.
  • Haragiaren plazerei, desira desordenatuei, eta egiten dituen kaltei, erremedio emaiten hasi baiño lehen, erran nahi dut gauza bat, eta ibeni pausatu egiazko zimendu bat.
  • Eta nola orai bekhatoreak guztiei egiten baiteraue gerla: hala orduan bekhatoreari ere, guztiek, pagamendu ordaina, moneda berean, bihurtuko diote: eta orai errezibitzen dituzten bidegabe handiez, mendeku hartuko dute.
Gaur egun, marratxoa tartean dela idatzi behar genituzke horiek guztiak.

Nork: Block.2011/07/11 20:13:31.100 GMT+2
Etiketak: tautologiak axular | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/07/10 09:23:31.631 GMT+2

Hizkuntza idatziaren zurruntasunaz


Lehengoan artikulu bikain bat aurkitu nuen Cervantes Institutuak plazaratzen duen El Trujamán aldizkari digitalean: Martín Schifino-ren "Los tiempos que corren".  Itzulbaitaren Antenari zor diot inkontru goxoa, eta, hartara, hango biltzaile finari: Mila Garmendiari.

Ezin hain lerro gutxitan argikiago adierazi zertan den itzulpenetako hizkuntzaren kontserbatismoa. Irakurleak neke handirik gabe egokituko lituzke hango esanak euskarara. Gurean, ezinbestekoa baita sortzaileen (izan idazle, izan itzultzaile) jaidura antzinazale (atzerakoi?) hori, hizkuntzari eusteko kontrapisu gisara.

Luzeago aritzeko berbakizun benetan interesgarria da. Astirik izan artean, ordea, norberak gogoeta egin dezala.

Nork: Block.2011/07/10 09:23:31.631 GMT+2
Etiketak: trujaman idatzia estilistika itzulbaita | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/07/06 17:50:33.879 GMT+2

Bidaia-liburuak


Oporraldietarako, irakurgai arinak atsegin ditut, kaskoa askorik ez berotzekoak, bereziki bidaia-liburuak. Pausaldiaren zaporearen indargarri dira inondik ere.

Gaur, halako burutazioak erabili ditut, Amazon-i eskaturiko liburuak jaso ditudanean. Oporretarako beste irakurgaiekin batera paratu ditut:
  • Ernest Hemingway: Cuentos.
  • Marguerite Yourcenar: Hadrianoren oroitzapenak.
  • Leonardo Sciascia: Muerte del inquisidor.
  • Patrick Leigh Fermor: Mani: Travels in the Southern Peloponnese.
  • Scott Donaldson: Hemingway vs. Fitzgerald.
Berehalakoan konturatu naiz liburu larregi direla hamabost egunerako. Ez dakit xuxen zein eramango ditudan azkenean, baina dudarik ez Leigh Fermorrena eramango dudala, zinez gogoangarria iruditu baitzitzaidan haren A Time of Gifts zoragarria.

Euskaraz, damurik, ez da oso naroa izan bidaia-literaturaren emana, ale batzuk badiren arren lehenagoko (Anabitarte, Batxi, Joanategi, J. Etxepare...) nahiz gaurko idazleen artean (Arretxe, Iztueta...).

Itzulpenak ere eskas izan ditugu. Azkenaldian zenbait euskal argitaletxek kanpoko literatura komertzialari leku egin dioten arren, ez dirudi kontuan izan dituztenik bidaztien kronikak.

Hona hemen proposamen batzuk argitaratzaileentzat:

Gurean erdaraz idatziak:
  • Julio Villar: ¡Eh, petrel!
  • Manu Leginetxe: El camino más corto.
  • Miriam Villar: Bájame una estrella.
Kanpoan idatziak:
  • P. Leigh Fermor: A Time of Gifts.
  • J. Steinbeck: Travels with Charlie: In Search of America.
  • R. Kapuscinsky: Viajes con Herodoto.
  • H. James: Italian Hours.
  • P. Theroux: The Great Railway Bazaar.
  • R. Byron: The Way to Oxiana.
  • D.H. Lawrence: Sea and Sardinia.
  • ...
Bitartean, erdaraz irakurtzen jarraitu beharko dugu.

Nork: Block.2011/07/06 17:50:33.879 GMT+2
Etiketak: bidaiak liburuak literatura | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2011/06/29 20:13:01.726 GMT+2

Ikasturte amaiera


Uztaila ate-joka dugula, datorren ikasturterako asmoen berri ematera natorkizue.
  • Koldo Mitxelenaren liburu-iruzkinetan estilistikaren inguruan esanak ekarri (hastapenetik beretik inork baino argiago izan zuen hark zer-nolakoa izan behar zuen euskara batuak).
  • Jean Etxepareren prosan murgildu, Axularrekin egin bezala, tresna eraginkorrak eskaintzeko gaur egungo testugintzarako.
  • Blogaren itxura berritu eta wordpressera aldatu (laguntza behar nuke, hemengo edukiak hara nola eraman argitzeko, orain artean ez baitut erarik aurkitu).
Datozen asteetan Axularrekikoak egingo ditugu (ezin amaituzko ondarea duela jakinik ere), eta uztail erdialdean oporretan joango gara abuztu amaiera arte.

Jean Etxepareren bihi bat dakarkizuet, aurrekari gisa, erdarazko infantil izenondoa euskarara iraultzeko inoiz burua puskatu behar izan dutenei eskainia:
oharturik halere, jende eskolatu hainitzek ez zutela Eskualduna irakurtzen arruntegi, hertsiegi, haurregi zaukatelakoan.
Pasarte horretan, Gure Herria agerkariaren beharrizanaz ari da midikua, Eskualduna aski ez delakoan. Amelia Hernándezen tesian oinarrituriko Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburuan atzeman dut aipua.

Ezagun dira euskarak izenondoak sortzeko dituen zailtasunak, eta hitzak kategoria finko samarrekoak direla (gaitz da hitz bat aldi berean izen eta izenondo izatea, esaterako, salbuespen batzuk badiren arren: zilar, gazte...). Ingelesek edozein hitz aditz bihurtzeko duten ahalmena guretzat nahi nuke nik.

Nork: Block.2011/06/29 20:13:01.726 GMT+2
Etiketak: egitasmoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/06/28 21:52:43.401 GMT+2

Literatura itzultzea


Asteotan, literatura-lan bat itzultzen aritu naiz. Guztiz nekagarria izan da niretzat, aspaldian ohitura galdua bainuen, baina, era berean, oso emankorra suertatu da beharleku hori, duda-muda interesgarri batzuk sortu baitzaizkit bidean:
  • Zenbateraino den zilegi kohesioa nahita eskas duen testu bat hobeto uztartzea.
  • Zenbateraino den zilegi kapela bitxi mota baten izena, esaterako, kapela soil bihurtzea.
  • Zenbateraino den zilegi puntuazio molde berezi eta, jatorrizkoan, eraginkor bat gurean zenbaitetan estandarizatzea.
  • Zenbateraino den zilegi hari luzeko joskera erlatiboz bete bat bakantzea.
  • ...
Kirola egin ondoko neke alai horren pareko zerbait da galderoi ezin erantzutea.

Nork: Block.2011/06/28 21:52:43.401 GMT+2
Etiketak: itzulpengintza literatura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/06/24 22:32:06.169 GMT+2

Axular (XII): zenbait esapide


Gaur, Axularren zenbait esapide dakarkizuet, zakutoan gordetzekoak guztiak.
Zeren bertzela, haize ona denean, bela egin gabe gelditzen den untzia bezala, geldi ahal zindezke zu ere.

Zerori bakharrik alfer, aise, egitekorik gabe, ongi iana eta hobeki edana zaudenean, eta guztiz ere ohean loz aserik, ardurarik gabe, zauntzanean, egiten duzu zeure baithan barrena, milla pensu eta gogoeta, milla dorre eta gaztelu.

Baiña ai, ai, eta millatan ai.

Zahartzean begietako bista laburtzen da, beharrietan gorreria egiten da: belhaunetan hezueria iartzen da, indarra gutitzen da, aphetitua galtzen da, loa ioaiten da, ikhara ethortzen da, larrua zimurtzen da, illea urdintzen da, burua karsoiltzen da, hatsa khiratsten da.
Azken paragrafoa eredugarri da: behin ere ez da aditza errepikatzen; ez da ez sorturik, ez eraginik, ez ahalbideturik. Eta, lantzean, tirain bortitz batek zaramatza: loa joaiten da, ikhara ethortzen da.Ohargarria da, halaber, aditz laguntzailea beti dela agertzen, perpaus bakoitzak bere hatsa behar balu bezala.

Nork: Block.2011/06/24 22:32:06.169 GMT+2
Etiketak: esapideak axular | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/06/21 20:37:06.133 GMT+2

Ganboar ala oinaztar


Euskaldunok beti izan ei gara banderizoak. Ezerk ez du on-gaitzik; ona edo txarra da, tartekorik gabe. Larramendik aipatu zuen, duela hainbeste mende, euskaldunok berez auzizale ginela (el espíritu pleitista de los vascos).

Eta horretan jarraitzen dugu. Batzuetan gustu-kontuak izaten dira: Atxaga ala Saizarbitoria, Lertxundi ala Laboa... Beste batzuetan txokokeria axalekoak: Ondarroa-Lekeitio, Gernika-Bermeo, Azpeitia-Azkoitia...

Zibilizazioaren gainbeheraren ispilu izan daitezke txikikeria horiek, Atxagari kasu egitera (halatsuko burutazio bat izan zuen asteasuarrak jatetxe batean bikote bat eztabaidan ikusi zuenean ea indabak piperminekin edo gabe jan behar ziren).

Hizkuntza-kontuetara etorrita, esango nuke marraren auziaren garaian gaudela: hitz elkartuetan marra bai ala ez. Istilu latzak izaten dira batzuetan, horratik, gai horren jiran.

Hain aspaldi ez dela, hatxea izan zen bandotan zatitu gintuena: hatxearen aldeko proselitismoa egin behar izan zen herririk herri, eta herri-akademia bat sortu zitzaigun haren aurkari fededunen baranoan (Euskerazaintza):
Auek ziran bide berrietako gazteak; baña Gaztetasunaren gaitza berez sendatzen danean, kontuz ez dedin errapera iñor gerturatu Hatxea eta Batasun atzerakoi ori artzen ez dutenak. Iraultza egiña dago "behin betirako". Gaurko gazteok arazo orretan ez dezute ezer egiterik; dana dago betirako ondo lotua ("atado y bien atado", beste arrek esan zuena berbera).
Atzo, testugile batek deitu zidan marratxorik ez erabiltzea erabakia zutela-eta. Aitortu ere egin zidan nola erabili ez dakitenez nahiago dutela bat ere ez erabili. Funtsean, kontserbatismo handia salatzen dute jarrera horiek.

Atzo, herriko eskolan izan ginen txintxaunetan. Jolastokian abezedario erraldoi bat zegoen, B-tik D-ra jauzi egiten zuena tartekorik gabe. Batzuetan etsigarria da abangoardian aritzea, atzeragoardia deseginda dagoenean; edo, hobeto esanda, abangoardian ari zarelako irudipena izatea.

Deus berririk ez:
Mondragoeren erreketaren kanta (XV. mendea)

Ganboarroc su emaytean asi dira, ta onegaz urten daude beralan Oñeztar barruangoac


Gabriel Aresti (XX. mendea)

Oraindik hementxe gaude
Oinaz eta Ganboa,
Oinaz zaldunaren pean
Ganboa maiz mandoa.
Gure gorroto bizia
ez baita aurtengoa
gure arrazoi guztia
hasarrez hemen doa.

Nork: Block.2011/06/21 20:37:06.133 GMT+2
Etiketak: hatxea marratxoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/06/12 08:12:37.203 GMT+2

Lehena izatearen plazera


Hizkuntza guztietan, adigai bat lehenengoz izendatzearen plazera oharkabea izaten da, ez baita ia horren kontzientziarik. Hizkuntza normalizatu gabeetan, ordea, plazer kontzientea da hori.

Azkenaldian, hamaika herri-hiritako plazetan kanpaturik egon dira manifestariak, batez ere Espainia aldean, benetako demokraziaren galdez. Gaztelaniaz, indignados esan izan zaie, Stéphane Hessel-en Indígnate (Indigne-vous) liburutik izena harturik. Euskaraz, Inma Erreak paratu digu liburua: Haserretu zaitez! Alferrik, antza.

Euskadi Irratian suminduak ziren manifestariok, ia aho batez, jatorrizkoaren esangurari estuago atxikitzen zitzaiolakoan izendapen hura. Hala izan liteke (ez dakit), baina zer ardura dio?

Askotan ikusiak ditut halakoak, Gizarte-kontratua lehenesten Gizarte-hitzarmenaren kaltean, esaterako, ez dakit zer ñabarduraren estakurutan. Norberarena beti da itzulpenik zintzoena, eta, gainera, zer dela eta makurtu behar dut lehendik egindakora nirea egokiago bada (askotan, funtsean, arazoa aurretikoa ez ezagutzea da, baina; ezjakituria)?

Estandarizazioa, autoritas, -atis... Hutsaren hurrengo dira gauzak lehen aldiz (behar bezala) izendatzearen plazeraren aldean.

Erupzioan ari bezala: sumindua zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure sumendia.

Nork: Block.2011/06/12 08:12:37.203 GMT+2
Etiketak: haserretuak suminduak itzulpengintza | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)