Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/12/01 08:48:47.721 GMT+1

ing eta in

Hiztegi Batuan euskarazko hitzak ageri dira, gure ondarekoak nahiz geureganatutako maileguak (Mitxelenaren hitzak erabiliz esateko).

Atzo lagun batek galdetu zidan ea nola behar lukeen: ranking edo rankin edo errankin. Asko dira ingelesetik azkenaldian sartu zaizkigun -ingdun izenak. Irizpidea, ordea, ez da batere argia. Akademiaren hitz-zerrendan, kanpin nahiz camping ageri dira; ranking, berriz, bera aukera bakar. 

Gurean, esaterako, marketin egiten dugu, morfemak (batik bat deklinabidea) lotzean arazorik izan ez dadin. Nola irakurri behar genituzke horiek guztiak? Hiztegi Batuan agertzeak zera esan nahi du: hitzak guretuak direla, eta, hartara, euskarazko moldeei jarraikiz ebaki beharrekoak (ez dira etzanez idazten). Beraz, [ŕankinga] esango genuke, eta ez, [ŕankiŋa].

Hala biz, hala behar badu.

Nork: Block.2010/12/01 08:48:47.721 GMT+1
Etiketak: maileguak hiztegi_batua | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Hala biz, hala behar badu. Baina hala behar al du?

<Hiztegi Batuan agertzeak zera esan nahi du: hitzak guretuak direla, eta, hartara, euskarazko moldeei jarraikiz ebaki beharrekoa>

Adibidez, ottawar Hiztegi Batuan dago (Ottawako herritarra), baina ez dut uste Hiztegi Batuan egoteak berekin dakarrenik ottawar hitzeko <tt> hori pattar hitzeko <tt> bezala ahoskatu beharra.
Edo washingtondar hitzeko <ing> silaba hori [i-n-g] ahoskatu beharra.
"Bai, baina horiek kanpoko leku-izenetatik eratorriak dira" esango dugu. Bai, hala da, baina jentilizioak izen arruntak dira, letra xehez idazten dira eta Hiztegi Batuan daude, parking eta ranking bezala.
Nire ustez, auzi hori "ofizialki" (Euskaltzaindian, alegia) ebatzi gabe dago. Grafia finkatzea da Hiztegi Batuaren helburu behinena. Eta Hiztegi Batuak esaten digu kasu horiek mailegu irentsigabetzat jotzen direla eta horregatik ez zaiela aldatzen grafia. Baina mailegu irentsigabeen ahoskera ez dago finkatua, nik uste.
Hori argitu beharko du Euskaltzaindiak, inoiz Fonetika (edo Ahoskera) batzordea sortzea erabakitzen badu.
Bitartean, nire iritziz, ez genituzke parkinga, ping-ponga, rankinga... hitzak idazten ditugun bezala ahoskatu beharko.

Nork: Alfontso Mujika.2010/12/02 09:39:31.749 GMT+1

Eskerrik asko erantzunagatik, Alfontso.

Nik, behintzat, ez ditut maila berean ikusten jentilizioak eta hitz arruntak. Uste dut rankin ere jaso beharko zutela hiztegian; jaso, bederen.

Nork: Iñigo.2010/12/02 12:47:04.171 GMT+1

Beste bi burutazio:

  1. Alfontsok aipatu duen zerrenda horretako hitz guztiek badute ordain, ustez, jatorragorik: parking > aparkaleku; ping-pong > mahai-tenis; ranking > sailkapen.
  2. Ereduzko Prosa Gaur datu-basean horiek guztiak nominatiboan ageri dira (alegia, deklinabide-markarik gabe), Xabier Mendigurenen adibide batean izan ezik, non ranking-ean ageri baita marratxo eta guzti.
Horiek, gogoetagai.

Nork: Iñigo.2010/12/03 09:19:14.259 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru