Ismail Kadaré Bilbon

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-02-05 07:47
2

Atzo Guggenheimen izan nintzen beste bi lagunekin batera, Ismail Kadaré idazle ezagunaren hitzaldia entzuteko asmoz. Alhondiga fundazioak antolatu zuen ekitaldia, "Gutun Zuria" jardunaldien barruan.

Ordubeteko tartea eman zieten itzultzaileari, interpreteari eta idazleari biografiaz eta autobiografiaz jarduteko. Kadaré erlojua eskuan iritsi zen mahaira, eta hantxe eduki zuen ekitaldi osoan.

Halako batean, itzultzaileak (elkarrizketatzaileak) galdera burutsu horietako bat egin zion Kadaréri:
Duela berrogei urte Harrizko kronika liburuan agertu zenuen umezaroko giroa berriro landu duzu azken lanean. Nola hurbiltzen da idazlea ume-denborara berrogei urteren buruan?
Erantzun labur eta zorrotza eman zion idazleak:
Ez da autobiografia bat.
Itzultzaileari barre inozoa atera zitzaion, eta totelka beste era batera egin zuen itauna. Kadaré-ren erantzuna ezin argiagoa izan zen:
Bai, galdera arras interesgarria da, baina, oso denbora gutxi dugunez, denbora larregi beharko nuke hori behar bezala azaltzeko, eta hobe izango da beste galdera bat egiten badidazu.
Handik atera ginen ez genekiela idazlearen moxtasuna bere errua zen edo antolatzaileen moxtasuna ote zen kulpantea. Nori bururatu zaio Kadaréren literaturaz hain labur jardun daitekeenik (esan osteko interpretazioa tartean dela, gainera!)? Zertarako antolatzen dira halako ekitaldi interruptusak?

Hasier Etxeberriak, berriz, loriaturik entzun omen dio Kadaréri. "Sautrela"n ikusi beharko. Bitartean, Berriako elkarrizketa aski izango ahal da.

H. Etxeberria

H. Etxeberria 2009-02-05 18:13 #1

Sentitzen dut hitzaldia pattal xamar joan bada. Ez naiz harritzen, Kadaré jauna ez baita sinpatiaren erregea, kortesiaren maixua. Baina nik —grabatutako elkarrizketa oraindik ikusi gabetan—, irudipena bakarrik daukat: egoki erantzun zien gure galderei. Duela 5-6 urte ere ibili ginen Kadaréren atzetik, eta ez genuen lortu. Agian horregatik poztu nau hainbeste atzokoak, nahiz eta egia den, guk galdetutako gauza berdintsuak galdetu dituela Berriak ere, eta jada sorpresa ez dagokigula guri bakarrik. Agian espiaren bat edukiko dute Berriakoek Sautrelan, Irune Berrio delakoak, behintzat. Ederki legoke ipuin baterako argumentu bezala. Ez esan ezetz.
Izanak izan, CUESTION DE LOCURA, Kadaréren azkena irakurtzea aski da, idazle honen handitasunaz ohartzeko, erlojuak eta hitzaldiak alde batera lagata. Ikaragarria da, esaterako, Honukitarren istorioan narratzaileak esaten duena: gure hirian ez zen sekula ikusi maitumendutakorik; lurrikarak, izurriteak gogoratzen genituen, baina halakorik ez. Gutxi gora behera. Gehiago hemen: http://www.glotonia.com/2009/02/de-cocineras-albanesas-con-la-mirada.html

Block

Block 2009-02-06 08:11 #2

Antolatzaileei kargu hartu nahi nien. Ezin da ekarri halako itzal handiko idazle bat, eta ordubete bakarrik eman: argazkiak egin eta kanpora.

Bestetik, idazlearen zirtoa bikaina iruditu zitzaidan, ironia gordinez betea.

Nik H dossierra bakarrik irakurri diot, eta aho-gozagarria iruditu zitzaidan. Eskerrik asko gomendioagatik, Hasier.

Utzi iruzkina: