Aburu oso hedatua da hutsetik abiatu behar dugula euskarazko testugintzan. Behin baino sarriagotan topo egin dut jarrera horrekin, debaldeko asmakarien estakuru gisa. Jakina, asmo oneko idazlariak ez dauka horretan errurik, beharbada esan lekioke, hala ere, euskaraz gehiago irakurtzeko edo sortu-nahia bezatzeko. Beste batzuk, aldiz, estandarrari lotzen zaizkio, irudimenik gabe, eta horiei, beharbada, eska geniezaieke lantzean behin bizitasun apur bat eransteko testuei eta gehiago irakurtzeko, irakurtzea beti gakoa baita hizkuntza eragin-eragina izateko. Bego hor predikua.
Gaurkoan, arazo jakin bat ekarriko dizuet, solas-molasik gabekoa:
isolatu aditzaren ingurukoak.
Hiztegi Batuak esana da fisikarako soilik dela egokia, eta gainerakoan hobe dela
bakartu erabiltzea.
Dena den,
Eskualduna aldizkarian aurki daitezke beste aukera batzuk,
isolatu, bakartu, inkomunikatu edo
aparteren ordez baliatzeko.
- Behinik
behin, ekaineko uhaldeak, ginuen erregebide bakarra hautsiz, ezarri
gitu eskualde
guzietarik bazter.
(Eskualduna, 1914-01-02)
- Ganbera
batean zaukaten
berex
etzelakoan osoki bere zentzuaren jabe, edariak hortaratua naski.
(Eskualduna, 1914-01-09)
Gaur eguneko testuetara ere ekar genitzake adierazpide horiek, neke handirik gabe.
- Aurreko asteko uholdeek Qinghai eskualdea ezarri dute auzo-eskualdeetatik bazter.
- Hoteleko bi gelatan eduki dituzte
bereiz A gripeak jotako belgikar turistak.
Bakartuk, berez, ez du ezer txarrik, jakina;
aparte maila apalekoa da. Gogoan izan behar genuke, haatik, automatismoak baztertzeak arnasa ematen diola diskurtsoari.
Idatzi artikulu bat