Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/10/22 07:55:00 GMT+2

Noranzko biko komak

Lehengoan, Gazteberri hilabetekariaren ale bat aurkitu nuen autobuseko jarlekuan, lanetik etxerakoan. Eta harritu egin nintzen, ikusirik artikulu asko euskaraz zeudela. Gainera, bazegoen atal oso bat Euskaltzaindiaren arauei buruzkoa. Dena den, apur bat aztarrika hasiz gero...
Boladak izaten ditut, zerbait ondo ateratzen zaidanean oso pozik nago, ordea, gauzak behar bezala ateratzen ez direnean dena pikutara bidaltzeko gogoak izaten ditut.
Esaldiak, bistan denez, badu zer zuzendu franko, baina guk ordea lokailuari erreparatu diogu gehien bat; haren puntuazioari eta kokapenari, hain zuzen. Txukundu dezagun, bada, paragrafoa:
Boladak izaten ditut: zerbait ondo ateratzen zaidanean oso pozik nago, ordea, gauzak behar bezala ateratzen ez direnean dena pikutara bidaltzeko gogoa izaten dut.
Ordeak hiru kokapen izan ditzake: perpausaren hasiera, erdia edo amaiera. Hartara, gure paragrafoak bi irakurketa izan ditzake:
Boladak izaten ditut: [zerbait ondo ateratzen zaidanean oso pozik nago, ordea], gauzak behar bezala ateratzen ez direnean dena pikutara bidaltzeko gogoa izaten dut.

Boladak izaten ditut: zerbait ondo ateratzen zaidanean oso pozik nago, [ordea, gauzak behar bezala ateratzen ez direnean dena pikutara bidaltzeko gogoa izaten dut].
Esaldia osorik irakurritakoan, irakurlea ohartuko da zein den interpretazio zuzena: ez dago gaitz-ulerturik, baina paragrafoa berriro irakurri beharra dago. Jakina denez, bitan irakurri beharreko esaldiak ez dira ez egokiak, ez eraginkorrak.

Bi komaren arteko lokailuek aurrera eta atzera seinalatzen dute. Beraz, puntu eta komak argituko luke zeri dagokion ordea hori, eta, horrekin batera, puntuazioa ugaritzeko aukera ere emango liguke.
Boladak izaten ditut: zerbait ondo ateratzen zaidanean, oso pozik nago; ordea, gauzak behar bezala ateratzen ez direnean, dena pikutara bidaltzeko gogoa izaten dut.
Hasierako bi puntuen partez puntua ere erabil genezake berdin-berdin, baina apur bat aldatuko litzateke perpausen arteko loturaren kutsua.

Nork: Block.2008/10/22 07:55:00 GMT+2
Etiketak: puntuazioa lokailuak begi_zoliz | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Epa, berriz ni. Jakin ezazu/ezak/ezan irakurtzen ditudala denak, oso gustura gainera. Atxik eta jarrai!

Nork: Patxi.2008/10/23 15:14:46.636 GMT+2

Eskerrik asko, Patxi. Ez dakit orain arteko etorriari eusterik izango dudan. Ahalegindu egingo gara.


Nork: Block.2008/10/24 08:16:16.191 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru