Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/04/28 07:50:23.506 GMT+2

-t(z)earena


Badakizue hemen, labur beharrez, gaiak gaingiroki baino ez ditugula jorratzen. Aspalditik ekarri nahi nituen hona -t(z)earen nominalizazioarekikoak, adibide ugari jaso, eta eraz landu gaia.

Uste dut adibide bat aski izango dela (beharko du izan), ohartzeko hobeto pentsatu behar genukeela benetan haren premiarik dagoen ala ez.
Huts handia izan zen etxera ez deitzearena.
Argi eta klaru dago beste molde hau egokiagoa dela.
Huts handia izan zen etxera ez deitzea.
Hamaika adibide halako atera litezke. Baten batek ekarriko balizkigu banaka batzuk, bihotzez eskertuko genioke.


Nork: Block.2009/04/28 07:50:23.506 GMT+2
Etiketak: -tzearena kalkoak interferentziak | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Nik hiru baditut xoko batean jasoak.
  • “Oztibarre ikastolaren beste ezaugarria txiki izatearena da”. (Hik hasi, 83. zenb., 2003ko abendua).
  • “Nozitutako injustizia bati justiziaz erantzuteko lehendabiziko modua zehaztasun terminologikoa da. Eta gertakizun historikoekin egindako hainbat loturak horixe du arrisku: hurkoaren oinazea tribializatzearena”. (Berria, 2003-09-3, 7. orria).
  • “Hala ere, ezin dugu beste aukera gaitzetsi (tiletik ez erabiltzearena)”. (ItzuL posta-zerrenda, uste dut).

Asko zabaltzen ari den ohitura, nire ustez ere txarra. Izan ongi!


Nork: Patxi.2009/04/27 18:42:15.992 GMT+2

Eskerrik asko, Patxi, adibideengatik. 

Neuk ere egin dut bilaketa xeheagoa "artxibo"etan.


?Bide independienteak dira jaraunspena eta legatua eskuratzearenak [...]
.

Bi bide daude jarauntsia eta legatua eskuratzeko
[...].


Nork: Block.2009/04/29 08:59:02.804 GMT+2

Bai, bistan da sobera dagoela genitibo hori nominalizazioarekin batera. Baliteke erdararen kalko hutsa izatea; hau da, erdarazko "lo del no llamar a casa" literalki itzuli eta "etxera ez deitzearena" atera zaio idatzi duenari.

Dena dela, haratago joko nuk nik eta, atrebentziarik erakutsi nahi gabe, nominalizazio hori berori ere, bere horretan, ez dela egokia esango nuke, iraganeko aspektua behar bailuke, nire iritziz. Honelaxe idatziko nuke nik:

"Huts handia izan zen etxera deitu ez izana."

Bestalde, eta zure blogean idazten dudan lehenengo aldia dela aprobetxatuz, zorionik zintzoenak blogagatik; oso kontu interesgarriak azaltzen dituzula iruditzen zait, batez ere testugintza gogoko dugunontzat.

Eskerrik asko eta ondo segi.

Nork: Alkarterri.2009/05/22 15:36:32.450 GMT+2

Ahaztua izan dut erantzun hau. Barka, Roberto.

Ez dut uste nahitaez deitu ez izana erabili behar denik. Azaldu dezadan apur bat auzia.

Aditz jokatuak markatzen du aldia (iragana), eta hark ezartzen denborazko erreferentzia izen-aditzari (subjektuari).
  • Huts handia izan zen lehenago etxera deitu ez izana.
Aditz jokatuak eta jokatugabeak adierazitako aldiak berberak badira, berriz, ez da zertan haien arteko denbora-alderik markatu. Bistan denez, hizketa-unea ere har genezake erreferentziatzat.
  • Huts handia izan zen [orduan] etxera ez deitzea
nahiz
  • Huts handia izan zen [orduan] etxera deitu ez izana.

Nork: Block.2009/08/03 19:22:34.883 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru