Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/04/12 12:23:28.928 GMT+2

Hamar minutu

Hona hemen Carwskyren lehenengo idatzia. Tipo bitxia da Carwsky, ez du gustuko jende aurrean bere izena (eta batez ere bere izana)azaleratzea. Horregatik sortu du blog hau, iritziak libreki emateko, gomendioak plazaratzeko (musika, zinema, literatura...) eta bere idatziak zintzilikatzeko.

Momentuz ipuin batekin hasi da.

 

HAMAR MINUTU

 

 

 

 

 

            10:50.

            Leiho ondoan zaude eserita. Hanka hautsia aulki gainean jarrita, kalea aztertzen duzu. Astebete lehenago istripua eduki izana ez da aitzakia, berdin-        -berdin egongo zinateke leiho ondoan.

            Leihotik errepide nagusia ikusten duzu, hiriko hesteak ebakiz, lurra bitan zatitzen. Beste alderdiko hormigoizko blokeak behatu dituzu. Han ere leihoak badaude, baina ez da inor ikusten beraien ondoan. Atetik bai. Atetik jendea sartu-  -irtenean ari da. Orain gizon bat irten da, eta berari jarraitzea erabaki duzu, begiradarekin noski. Berrogeien bat urte izango ditu, zuk baino pixka bat gutxiago. Burua soiltzen hasia zaio, baina oraindik gazte askok adinako ile sapa dauka. Jean deituko dela erabaki duzu. Bai, bere aurpegiak ez dizu beste izen batekin loturarik egiteko aukerarik ematen. Bizarra moztu gabe irten da, praka bakero eta jertse beltz zahar batekin. Ogia erostera irten dela suposatu duzu. Bere etxeko azpiko okindegia aurreko astean itxi zuten. Zuk hori oso ondo dakizu, leihotik ikusi baitzenuen hiru egunetan nola hustu zuten. Ez dakizu ogia non erosiko duen, agian zuk aurrean duzun hormigoizko iladaren atzean eraiki zituzten ehundaka pisu horietako batean.

            Jeanek hormigoizko ilada jarraitu du errepideak bailarara daraman norabidean, azken aurreko bidegurutzean, atzealdeko eraikinetarantz desbideratu den arte.

            Zuk ez duzu hiriaren alderdi hori ezagutzen. Arazoa ez da hori ordea. Arazoa Jeanek ere ez duela ezagutzen da. Hori uste duzu behintzat. Errepide nagusitik nahiko aldenduta imaginatzen duzu.

Kale berri asko daude, eta nahiz eta Jeani ezagunak egiten zaizkion ez ditu ondo ezagutzen. Kaleetatik auto gutxi ikus daitezke, baina ikus daitezkeen gehienak beltzak eta handiak dira. Kaleetatik jendea pauso bizkorrez mugitzen da. Bizkortasun horrek jendeari hitz egitea galeratzen diola dirudi. Jeanek alboetara begira dihardu okindegi baten bila, baina jendea bakarrik ikusten du kalean zehar, presaka. Emakume bat gelditu eta okindegi bat non aurki dezakeen galdetu dio. Emakumeak, ikaratuta, bere ondotik alde egin du, eta alde egin duen une berean oihu batzuk entzun ditu bere atzean. Burua biratu eta bi militar ikusi ditu berarengana pauso bizkorrez hurbiltzen. Zer egin ez dakiela, korrika hasi da Jean kale desberdinetatik zehar. Militarrak gero eta hurbilago ditu, baina kaleko jendeak bere alde jokatzea espero du. Militarrak tiroka hasi dira ordea. Jeanek ez daki airera edo jende artera doazen tiroak.

            10:51dira. Zuk nolabaiteko ezintasunez imaginatzen duzu Jeanen korrikaldia. Muletak hartu eta pixa egitera joan zara. Bitartean Jeanen egoeran egonda militarrei aurre egingo zeniela pentsatu duzu, baina berak ez. Berak ez du adorerik.

            Kale estuetatik korrika, maiz aldatzen da kalez Jean, militarrei tirokatzeko zailtasunak emanez. Hala ere gero eta hurbilago ditu eta etsipenez kale estu batetik sartu da. Kalea iluna da. Orain artean igaro dituen artean estuena. Eraikinak askoz altuagoak dirudite, eta karrikaren amaiera urrunegi ikusten du bertara bizirik iristeko. Gelditu egin da. (Hamar segundu kalkulatu dituzu militarrak kale kantoian agertu orduko). Lehenengo pisuko balkoiak altuegi daude. Zortzi segundu. Metalezko ate batzuk daude bi eraikinetan.  Zazpi segundu. Ezkerretara dituen bi ateak zabaltzen saiatu da. Lau segundu. Eskubiko eraikineko aterantza zuzendu da, baina ikutu orduko bakarrik zabaldu da. Hiru segundu. Jean ez da ausartzen barrura sartzera.

            Zu sartuko zinateke. Ez duzu horrelako egoerarik bizi, baina ausarta zara, eta azkarra. Badakizu sartu ezean hil egingo zintuzketela.

            Bi segundu. Bi beso irten dira ate barneko iluntasunetik eta Jean irentsi dute. Segundu bat. Metalezko atea itxi da eta Jeanek zerrail hotsa entzun du, iluntasunean esku batek ahoa estaltzen dion bitartean. Militarrak kale kantoian agertu dira.

            Hamar segundu horietan Jeanek kale estua ezingo zuela zeharkatu pentsatzen duzu. Leihotik haratago hormigoizko lehenengo ilada hautsi nahian dabil zure begirada. Aski zenuke makuluak hartu eta ilada zuk zeuk igarotzea zehar kale batetik. Baina hor jarraitzen duzu, begira eta begira.10:52.

            Jeanek bai. Jeanek ogia erosteko egin du bidaia eta orain iluntasunean dago. Bizkarretik oraindik izerdia dario, baina gutxiago. Eskailera batzuk igo dituzte eta begiak estaltzen dizkion eskuaren atzean argia nabaritu du Jeanek gora heltzean. Aulki batean eserarazi eta eskua aurpegitik kentzean, beldurrez begiratu du ingurura Jeanek. Bere aurrean lau pertsona daude, bi gizon eta bi emakume. Begiak estaltzen zizkion eskua gizon txikienarena zen. Buru soilduak adinean aurrera doan pertsona dela salatzen du, baina artean azala fin eta gorputza sendo mantentzen duela dirudi. Beste gizona gazteagoa da eta sendoagoa. Bizar beltzaren ostean gizon nekatu bat antzeman du Jeanek. Emakume biak paretaren kontra eserita daude. Zaharrena dirudienak begirada zorrotza dauka eta bere seriotasunak kezka sortu dio Jeani. Beste emakumea gaztea da, ile hori eta begi argikoa, eta badirudi Jeanen presentziak ez diola gehiegi axola. Paretetan koadro asko daude. Ez da kontatzen hasi, baina hamarren bat egongo dira. Jean metalezko aulki txiki batean eserita dago. Ohartu da aulki bakoitzeko mahai bat dagoela, eta gehienak zutikakoak. Aulkiak tamaina desberdinekoak dira. Mahaiaren arabera, handiagoak edo txikiagoak. Jeanena ez da zutikako mahaiena bezalakoa. Txikiagoa da.

            Zer, harrituta, galdetu dio gizon txikiak.

            Galdera egin dion gizonari begira geratu da Jean. Ez daki zer erantzun, harrituta ala beldurtuta dagoen. Militarrek baino itxura adeitsuagoa dute. Armarik ez dute bederen.

            Bai, beno, harrituta edo, erantzun du Jeanek erdi totelka.

Lasaitu hadi lagun, gurekin salbu hago. Militarrak ez dituk etxe guztiak arakatzen hasiko pertsona bakarrarengatik.

Jean lasaitu egin da azken hitz hoiek entzutean.

Zu aldiz aspaldi lasaitu zara, puxika hustu duzunetik. Jeani berriz, bost minutu lehenago ez zitzaion inportako aulki metalikoaren gainean pixa egitea ere.

Zer dela eta jarraitzen haute militarrek, galdetu dio gizon txikiak.

Jeanek ez daki zer erantzun. Zentzugabea iruditzen zaio ogia erosi nahi izatearren militarrak jarraika izatea. Ez daki egia esateak zenbaterainoko sinesgarritasuna izango duen, baina ez zaio beste ezer bururatzen.

Ogia erostera etorri naiz. Lehen aldia zen hona nentorrela eta bat-batean militarrak jarraika hasi zaizkit nire ostetik. Korrika hasi naiz kale desberdinak zeharkatzen zuekin topo egin arte.

Ogiagatik ez da jendea atxilotzen, ezta tirokatzen ere, erantzun dio begirada zorrotzeko emakumeak, zerbait gehiago ere egingo zenuen.

Ez, emakume bati galdetu diot ea non dagoen okindegia...

Kinsgerrek aspaldi debekatu zuen kalean hitz egitea, moztu dio emakume ilehoriak leihora hurbilduz. Jendeak hitz egitea, ideiak eta pentsamoldeak elkar trukatzeko arma arriskutsuentzat dauka.

Nor da Klinsger, galdetu du Jeanek.

Diktadore bat, erantzun dio gizon sendoenak, 48an eman zuen estatu kolpea eta harrezkero lau urte daramatzagu ia-ia klandestinitatean, batez ere ezkertiarrak garenok.

Jean izutu egin da. Izerdia irten baino lehen azalaren barnealdean gelatzen nabaritu du. Hankak makil hauskor bihurtu zaizkio eta birikietan ez du aski airerik sortu zaion heriotza kanporatzeko. Orain arte bizi izan duena gogoratu du etxetik irten denetik hasita. Errepide nagusia jarraitu du eta zeharbide batean eraikin horietarantz desbideratu da okindegi baten bila. Lehen ez da ohartu, baina orain ondo gogratzen du. Eraikinen artean sartzean kaleak aldatu egin dira, asfaltozko lurra harlauzaz bete da, eraikinek argitasuna galdu dute, eta jendea. Jendea desberdina zen, inguruan dituen lau pertsonak bezain desberdina.

Zu bai, zu konturatu zara. Nahiz eta besaulkian eserita egon espazio-           -denbora inork baino hobeto kontrolatzen duzu. Agian horregatik sartzen duzu denbora hain espazio txikian, bere izatea ez aldatzeko. 10:53. Komunetik bueltatu zarenetik ez zara leihotik aldendu. Jean izena jarri diozun gizon horren ibilbidea zertan den jakitea baino ez duzu nahi. Bere abentura da gaur goizean zuk daukazun plana. Jean ez da zurekin oroitzen ordea. Ez daki nor zaren ere. Berdin dio benetako edo fikziozko pertsonaia zaren. Orain ogia nola erosi eta etxera bueltatzea bakarrik inporta zaio.

Bere pentsamenduetan galduta, Jean ez da ohartu leihora hurbildu den emakumea hizketan ari dela piztu berri duen zigarroa hatzen artean duela.

Parkatu, moztu dio Jeanek, ni ogia erostera etorri naiz, besterik ez. Ogia erosi eta alde egin.

Pixka bat itxaron beharko duzu. Goiza arriskutsua izaten da, militar asko dabil kaleetatik. Garairik onena eguerdiko ordu bietatik hiruretarako tartea da. Ordu horretan nekez aurkituko dituzu militarrak kaleetatik.

Jeanek paretaren kontra dagoen ordulariari begiratu dio. Ordu erdi falta da. Azken minutu hoietan, lauren artean okindegia non dagoen azaldu  eta bi aholku eman dizkiote. Lehenengoa, burua gutxi altxatzea, ahal dela begirada harlauzetan finkatzea. Eta bigarrena eta garrantzitsuena, hitzik ez egitea. Ordua iristean eskerrak eman eta kale estuetatik sartu da Jean, etxe iladen besarkaden artean.

Goizeko jende andanak etxe zuloetan ezkutatu dira eguerdiko Eguzkitik ihesian baleude bezala. Pauso hots nekatuak entzun ditzake Jeanek bere inguruan, baina orohar isiltasuna da nagusi. Lagunek eman dioten helbideari jarraiki kalean gora joan da Jean. Laugarren zeharbidean eskumatara egin behar du eta kale hori hartuta, ezkerreko kale kantoian dago Milleren okindegia. Handik etxerako bidea Millerek berak azalduko diola zin egin diote. Begirada zapatetan iltzaturik, zehar begiradaz kontatzen ditu kaleak. Bat, bi, hiru eta lau, eskuma. Bat, okindegia. 

Sarrerako atea egurrezko egitura luzea da, bi metro ingurukoa. Alboan leiho bat dago eta bertatik barneko usaia barneratu zaio Jeani. Lurrean, atearen ezkerretara, errotulu bat dago, baina ez du bertan jartzen duena ulertzen. Usaimenak esan diona ezin daiteke gezurra izan ordea eta pauso seguruz sartu da dendara atea barrurantz bultzatu eta gero. Barruan gizon zahar bat dago. Eta bere atzean, apaletan, dozena erdi bat ogi.

Egunon, agurtu du Jeanek.

Egunon.

Ogi handi bat mesedez.

Millerek ( Miller izan behar da derigorrez) burua biratu eta ogi bat aukeratu duenean, Jean ohartu da dirua ahaztu zaiola.

Zuk poltsikoan zeramala pentsatu duzu, baina praketan giltz joko bat bakarrik zeraman. Orain egoera asko aldatzen da.

Jean nola egongo den aztertzen duzu, eta irrifarre egiten duzu. 10:54 dira. Atzo zabalik utzi zenuen liburua irakurtzekotan egon zara. Jeanen egoerak ordea intriga txiki bat sortu du zure heste uhertuetan eta leihotik begira geratu zara.

Millerek ogi handi bat eman dio Jeani. Jean urduri dago

Dirua ahaztu zait. Orain konturatu naiz, esan dio erdi lotsatuta Jeanek.

Diru gabe ezin diat ezer eman, esan dio Millerek. Diktadura hasi zuan egunetik elikagairik garestienetakoa duk. Ni ere larri-larri nabilek.

Jeanen begirada goibeldu egin da. Aukera bakarra okindegira nork bidali duen esatea da, eta hori egin du. Millerek Jeanen begirada eutsi du eta segundu batzuk geroago hasperen egin du.

Ongi da, esan du Millerek. Nahi baduk, nik guztia batzen diadan bitartean, zain ezak dendaren aurrealdea, eta norbait etortzen baduk, kasu egin. Ordu bete barru itxiko diat denda. Bukatzean emango diat ogia. Onartzen duk?

Jeanek ez du berehalakoan erantzun. Ordu bete denbora gehiegi da eta militarrak atzetik dauzka. Beste alde batetik aldiz, denda eremu itxia da eta han barruan militarrekin topo egiteko aukerak askoz txikiagoak dira.

Bai, esan du Jeanek.

Miller gauzak atontzen hasi da ibilera nekatuarekin. Jeanek ez du Miller handik kanpora imaginatzen. Bere irudia buruan iltzatu zaio, aurpegi eta arropa zurituarekin.

Miller lana bukatzen ari den bitartean Jeanek leihotik kanpora jaurti du begirada, zerbait zulatu nahi balu bezala, zuk aurreko hormigoizko eraikin hori zulatzen duzun bezala.

Egoera berdinean zaudetela pentsatu duzu, begiekin bidaiatzen. Zuen artean ordea distantzia dago, eta zuk distantzia hori hauts bihurtu nahi duzu. 10:55 dira. Bost minututan fisikako legeak hautsi nahian jardun zara. Badakizu ezin duzula errepidearen beste aldeko pisuetatik haratago ikusi. Badakizu zure begiradaren helmuga grisa dela beti. Badakizu bita ere zure begiek zer eskatzen dizuten, baina urteetan hesteetan idatzi duzunak begi nekatuei kasurik ez egiteko agintzen dizu, eta nahiago duzu okindegian bezero bat sartzen dela imaginatzea.

Jeanek begirada leihotik atera desbideratu du. Une batez izu dardara batek gorputza zeharkatu dio, militarrak izan daitezkeela pentsatuta.Okindegian sartu dena baina, emakume bat izan da, berrogei urte ingurukoa. Jeanek arropa berri eta garbiei erreparatu die. Emakumeak ogi bat eskatu du Jeani aurpegira begiratu gabe. Jeanek ogia eman bezain laster, dirua eman eta egurrezko ate pisutsua erakarriz alde egin du.

Denbora tarte batez geldi egon da Jean. Ondoren dirua batu eta diru kutxan sartzeko biratu da. Kutxa ixtera joan denean ate hotsa entzun du berriz ere, eta bira ematean bi gizon aurkitu ditu uniformez jantzita eta zizpa banarekin.

Kontxo, kontxo, diru bila etorri eta gainera saria, esan du bietako batek.

Jeani bizkarretik behera izerdi tanta gelatuak jeitsi zaizkio ipurtezurreraino ikarazko hotzikara batean. Ez daki jarraika izan dituen militarrak diren ala ez. Baina berdin dio. Orain esan nahi dut, Jeanek ezin baitu ihes egin.

Miller, ohiukatu du militar batek. Agurea korrika batean bueltatu da barrualdetik.

Zure laguna eramango dugu. Eta kutxako dirua.

Jean ohartu da bera estaltzeagatik, ohikoa baino diru kopuru handiagoa kendu diotela Milleri. Besoetatik helduta daramatela burua biratu du agureari barkamen begirada bat eskainiz.

Kale estuetan barrena Jean zorabiatzen hasi da. Hankak indarra galdu dute eta belaunek zangoen zama ez dutela denbora askoan jasango pentsatzen hasi da. Begirada lurrean finkatuta darama, eta aurrera begiratzeko altxatzen duenean, eraikinen iladak zabaldu eta itxi egiten zaizkio aho handi baten gisan.

Nora naramazue, galdetu du ahots ahulez Jeanek.

Kalabozora. Eta bihar Sikara eramango haute. Hi bezalako jenda sistematik kentzea hobe duk.

Jeanek ez daki zer den Sika. Imaginatzen ahalegintzen da, baina buruak ez du pentsatzeko gogorik ere. Egun osoko neke eta urduritasunaren ondoren gorputzak elikagaia falta zaiola esateaz nekatu eta zorabiatuta lurrera erori da. Ametsetan egingo du, eta bertan ogi erraldoi bat izango du bere atzetik jarraika.

Zuk ere amets egin duzu bart. Ondo gogoratzen zara. Bizikleta batean munduari bira ematen zenion. Erreka eta itsaso guztiak zeharkatzen zenituen bizikletaz. Esnatu zarenean, 8:56ean, orain dela bi ordu (orain 10:56 dira), bidaiatzea gustatuko litzaizukeela pentsatu duzu eta ordu erdiz ideia horri buruz pentsatzen jardun zara. Gero ordea, besaulkian eseri eta leihotik behera bota duzu ideia hori.

Jean kalabozoan esnatu da. Bi metro karratu izango dituela kalkulatu du. Eskuman koltxoi txiki bat dago eta ezkerrean galdara zikin bat. Alde guztietan usain txarra dago. Atearen aurrean, paretaren goiko aldean, leiho egiturako zulo bat dago, burdinezko bi barrote uhertu goitik-behera jarriak dituela. Atea ere burdinazkoa dela egiaztatu du Jeanek. Etsipenez, zulotik begira geratu da. Noizean behin jendearen zapatak ikus ditzake. Burdin sare hura han ez balego, handi irtetzeko gai izango litzatekeela pentsatu du.

Leiho txikitik argi gutxiago sartzen ari dela nabaritu du. Ilunabarra da dagoeneko. Hiria itzaltzen ari da eta Jeanek lehengo aho erraldoiak aspaldi irentsi duela sentitu du.

Lo dagoela kolpe batzuk esnatu dute. Ohetik altxatu orduko atea zabaldu  du militar batek. Militarrarekin batera Miller dator eskuetan ogi bat dakarrela. Militarra beraiekin batera geratu da.

Eman beharrekoa eman eta alde hemendik, esan du militarrak.

Har ezak ogia, esan dio Millerek Jeani, egindako lanagatik hitzartutakoa duk.

Jean, erdi lo, ez da egoeraz ondo jabetu eta justu-justu eman dizkio  eskerrak Milleri.

Jean zutik geratu da ate hotsa entzun eta gero ere. Harrituta dago Millerek kalabozora ogia ekarri diolako. Ogiaren usainak egun osoa jan gabe egon dela gogoratu dio. Ogiaren alde bat hartu eta zati bat kendu dio. Ahora eraman du. Ahokada bakarrean sartu du ogi zati osoa ahora. Gozoa iruditu zaio. Oso gozoa. Egunero jango lukeen ogia, hainbeste oztopo gainditu beharko ez balitu. Beste zati bat hartu du. Eskuekin indar egin eta zatitzen saiatu da. Ogia gogor dago ordea. Jean harrituta dago. Jakinminez zati txikiak kentzen hasi da, ogi barnean lima bat agertu den arte. Barnetik atera eta zulotik begira geratu da. Kaletik ez da oin hotsik entzuten. Barrote bat kenduta bertatik pasatzeko nahiko leku izango duela kalkulatu du. Lima hartu eta burdinezko egitura mehea limatzen hasi da.

10:57 dira. Zu ez zaude lanean. Beirazko egituratik begira zaude mundua erretratatu nahian. Hankak zahar sentitzen dituzu besaulkiaren ondoan. Erlojuari begiratzen diozu tarteka, zuretzat harerik ez balego bezala. Lau egunetako bizarrak deseroso sentiarazten zaitu, baina maite duzu itxura abenturazale hori. Kaleko hotsak irregularrak dira. Munduko hotsen maketa txiki bat dirudite. Hori pentsatu nahi duzu behintzat, zuk ez baituzu mundua ezagutzen. Ezta munduak ere. Zure bizitzarako sistema egitura bat egin duzu ohartu gabe, baina ez da mundu izatera iristen. Espazio eta denbora badauka. Munduak ordea, ez dira hori bakarrik. Horregatik egiten dituzu planak, hesteetan duzuna interpretatzeko. Asmo hoiek ezin dituzu orain egin, hanka hautsia baituzu. Eta berriro hasten zara zure zortea madarikatzen.

Jeanek ez du hanka hautsirik. Barrotea hautsi nahian dabil. Zitroizko argiak aspaldi ezkutatu dira. Burdina goiko aldetik moztu du dagoeneko. Zapata hotsen bat entzuten duenean bakarrik uzten dio limatzeari. Besoetan aspaldi hasi da mina sentitzen. Sorbaldetan inurriak hozka hasi zaizkio eta begirada kaleko iluntasunean lausotzen hasi zaio. Mina baina, barrotea behetik moztean kendu zaio. Lima ogian sartu ondoren, kalean utzi eta gorputzaren hirurogeita hamabost kiloak inurriak ahaztu dituzten besoak altxatu dituzte jauzi egitearekin batera. Kalea isilik dago. Farola bakarti bat edo beste ikus daiteke urrutian. Jean ez da mugitzen. Goitik behera datorren kaleari begira dago. Kale kantoi desberdinei. Gauari.

Zehar kale batetik oin hotsak hurbiltzen ari dira. Jean izutu egin da. Kontrako norabidean zuzendu da. Zapata hotsak gero eta hurbilago entzuten ditu. Pauso bizkor batean datoz. Etsita, lehenengo kale kantoian sartu da Jean. Zutik, paretaren kontra itsatsi da. Pauso hotsak gero eta hurbilago daude. Bi badira behintzat. Pauso hotsak bihotza kolpatzen diote. Bere ondoan geratu dira. Jeanek begiak itxi ditu.

Militarrak buelta eman dutela ohartu orduko Jean negarrez dago. Airea eten bortitzekin hartzen du. Logelako mahai azpian ezkutatzen zen umea bihurtu da Jean.

Jeanek madarikatu egin du. Behin, bi aldiz, mila aldiz. Amorrua sentitu du. Gorrotoa. Malkoak sikatu eta kale nagusira irten da. Militarren kontrako norabidea hartu eta zehar kale bakoitzetatik etxerako bidea zein izan daitekeen begiratzen hasi da. Kale gehienak berdinak dira. Farolen kokapenaren arabera, argi gehiago edo gutxiago, baina berdintsuak. Denbora aurrera doa eta badaki kale nagusitik ibiltzea arriskutsua dela. Zehar kale ilun bat hartzea erabaki du. Hartutako zeharkalea estua da, baina hala ere, zeharkale estuagoak ditu paraleloki mozten dutenak. Lehenengo kale kantoian eskubitara egin du. Une batez gelditu egin da. Bere aurrean bi ermakume daude. Bost bat metro aurrerago agure bat lurrean eserita dago, botila bat jakan sartu ezinik dabilela.

Nora zoaz laztana, esan dio emakume batek, gelditu hemen gurekin.

Ez egin kasorik puta zahar horiei, oihukatu du lurretik agureak, eman niri laguntzatxo bat.

Isilik egon hadi, erantzun diote bi emakumeek.

Jeanek aurrera jarraitu du eztabaidari kasorik egin gabe. Oraindik emakume bien eskaintzak entzun ditzake, baina ez du burua biratu. Hurrengo bidegurutzean aurrera edo eskumatara bakarrik joan daiteke. Aurrerantza begiratu du Jeanek. Hogei bat metrotara farola batek kale kantoia argitzen du. Urrunean badirudi kale zabalago baterako irteera dagoela. Eskumatara aldiz hamar metroko luzeera dauka kaleak. Bukaeran ate zahar bat dago, eta gainean bonbila batekin argitutako afixa bat: Enigma.

“I waited for you” jarri duzu zure musika ekipoan. 10:58 dira. Maite duzu musika hori. Hautsaz elikatzen dela pentsatu duzu maiz, bakardadean indartzen dela. Besaulkitik altxatu eta leihora hurbildu zara. Ondotik, ireki egin duzu, pentagramaren uniformitatearen aurka oldartzen diren notei ihes egiten utziz. Jean oraindik ez da ogia erostetik itzuli.

Ogia besapean eutsiz atea bultzatu du Jeanek. Tokia uste baino handiagoa da. Eskubitara barra luze bat dauka. Ezkerretara lau mahai, launa aulkirekin, eszenatoki txiki baten aurrean. Eszenatokiaren gainean mutil gazte bat piano beltz bat jotzen ari da. Jean barrara hurbildu eta whisky bat eskatu du. Ez dauka dirurik, baina behar izanez gero gelditzen zaion ogiaren erdia emateko prest dago.

Areto ilunean ez dago jende askorik. Bi gizon elkarrekin hitz egiten ari dira mahai baten inguruan. Mahaietatik barrarantz berriz emakume bat hurbiltzen ari da, Jeanengan begirada finkatuta.

Whiskya estalki handia omen da, esan du Jeanen ondoan jartzean.

Jeanek begirada altxatu du. Begi ilunak ditu emakumeak. Beltzak. Ez dio ezer erantzun.

Barkatu, ez nizun eragozpenik sortu nahi.

Emakumearen ahots tonua pixka bat jeitsi dela ohartu da Jean.

Lasai, esan dio Jeanek eta aurpegira begiratu dio. Azal leuna du, zurixka. Ezpainei erreparatu die ondoren. Arrosak. Beltza, zurixka eta arrosa. Zetazko kaleak azken aldiz gozatzen ari dela sentitu du Jeanek eta hitzik esan gabe komunera eraman du Jeanek.

Hasperenak eta bular puztuak protagonismoa kendu diote piano joleari. Bata bestean kiribilduta egon dira minutu batzutan, sexuen usainen konpainian, dardarak eta hasperen nekatuak bandera zuria atera arte. Jeanek gogor besarkatu du emakumea. Lurretik jertse beltza hartu eta emakumearen bizkar biluzia estali du. Elkar besarkatuta, isilik geratu dira. Eskua gora eta behera mugitu dio Jeanek bizkarralde estalitik. Burua altxatu eta begiak itxi ditu. Alferrik, malkoak masailetatik  irristatzen hasi dira dagoeneko.

10:59 dira. Zuk ere isuri duzu zure hazia. Bart izandako ametsa ekarri duzu zure ondora eta ez duzu ezer behar izan gozamen une txiki horretara heltzeko. Orain ez duzu sexuan pentsatu nahi. Jolas aurreko pentsamendu guztiak baztertu dituzu eta une honetan sentsaziorik ez izateak pixka bat kezkatzen zaitu. Agian horregatik ez zara kalera irtetzen. Nahiago duzu gela horren barruan zure sentsazioak bahitzea, estaltzea.

Zergatik ari zara negarrez, galdetu dio emakumeak.

Jeanek masailetako malkoak sikatu ditu besoekin. Emakumea sorbaldetatik heldu eta begietara begiratu dio.

Militarrak jarraika ditut.

Emakumeak ez du ezer esan. Geldi dago. Jean damutu egin da. Azalpen bat zor dio, eta bere abentura kontatzen dio hasieratik amaierara sinetsiko dion jakin gabe.

Bizkor, jantzi, esan dio emakumeak.

Jean harritu egin da. Ez zuen erreakzio hori espero eta geldi geratu da une batez. Emakumea arropak janzten ari dela ikusita ordea, lurretik altxatu da.

Taberna hau ez da militarren gustukoa. Miaketak egiten dituzte uneoro. Zure ostetik badabiltza, hemen izango dira laster.

Jeanek prakak lotu eta ogia besapean sartu du.

Kanpoan dauden emagalduek ikusi zaituzte, galdetu dio emakumeak.

Bai, esan du Jeanek.

Okerrago oraindik. Ate nagusitik irtetea zorakeria litzateke. Kale nagusia hurbil dago eta ziurrenik bi militar behintzat tabernarantz gerturatzen ari dira.

Jean urduritzen hasi da. Ihesaldiaren egoerara bueltatzeak larritu egin du. Etsituta, emakumeari begira geratu da salbazioa aurkitu nahian.

Aukera bakarra leihotik irtetzea da, esan dio emakumeak.

Jeanek gora begiratu du. Kalabozoan bezala sentitu da. Aukera bakarra da, baina ez du emakumea utzi nahi.

Alde egin behar duzu, esan dio emakumeak.

Eskuak lepoan inguratu eta ezpainetan musu eman dio Jeani. Azken begirada elkar trukatu, ogia leiho ondoan utzi eta besoen laguntzaz leiho parera igo da.

Hemetik kale zabal batera irtengo zara. Aurrez-aurre kale estu bat ikusiko duzu. Kale estutik sartu eta korrika egin ahalik eta azkarren. Bukaerara iristean plaza handi bat dago hiru irteerarekin. Ezkerrekoa hartu, esan dio emakumeak.

            Azken begirada jaurti eta pauso bizkorrez zuzendu da aurrerantz Jean. Hogei metro aurrerago kale zabalera heldu da. Aurrera begiratu du, han dago kale estua. Bi metro justu izango ditu. Kalea zeharkatu eta bertan sartu da.

            Bitartean lau militar Enigma-n sartu dira. Galderak eta mehatxuak oihukatzen hasi dira. Putek eta eskaleak Jean han sartu dela esan diete. Mehatxuek eraginik ez dutela ikusirik taberna miatzen hasi dira guztia hankaz gora jarriz. Berehala irten da komunetik militar bat. Badakite nondik alde egin duen Jeanek, ez dago beste aukerarik. Kalera irten eta Jeanen atzetik joan dira. Gazteak dira eta zizpen pisuak ez diete trabarik egiten. Lurreko harlauzetan botek sententzia hotsa ateratzen dute. Jean gelditu egin da. Berak ere entzun du sententzia hotsa. Pauso bizkor eta isila utzi eta izututa korrika hasi da. Harlauzak okertzen hasi direla iruditu zaio. Bat bera ere ez dago bere lekuan. Paretak elkartzen hasi dira. Metro bateko tartea bakarrik dago orain. Bere amesgaiztoetan bezala, aurrera ez duela egiten iruditzen zaio. Atzetik ordea, militarrak gero eta hurbilago ditu. Kale estua infinituraino luzatzen ari da. Ogiak traba egiten dio eskuen artean, baina ez du askatuko lurrera erortzen bada ere. Militarren pauso hotsa hurbil sentitzen du. Berrogeita hamar metrora daude oraindik, baina Jeanek hor sentitzen ditu, bi metrora. Negar egiteko gogoa sortu zaio. Asfaltoa bihotzean. Buelta eman eta berunari itxarotea bururatu zaio. Aurrean baina, zabalgune bat ikustea iruditu zaio, eta indarberrituta, korrika jaraitu du burua gorantz jarrita.

            Zuk badakizu zein izango den bukaera. Film amerikar txarrak ikustera ohitua zaude eta sentsazioak aspaldi gorde zenituen gau-mahaian. 10:59 dira.

            Zabalgunera iritsi denean plaza handi bat ikusi du. Erdian iturri handi bat dago, eta gainean estatua bat. Atzerago, lau eraikinen artean, hiru pasabide. Iturria eskumatara utzi eta korrika hasi da berriz ere. Irteera ehun metrora dagoela kalkulatu du. Izerdia ezpainetatik, burutik pasa zaio eleberri hartako pertsonaiak nola ostia pentsatu zituen hainbeste gauza egoera hartan.

            Gutxi falta zaio irteerarako. Militarrak ordea plazan daude dagoeneko eta bertan dagoen argitasunarekin errazago zaie zizpekin iheslaria harrapatzea. Jeanek hori guztia badaki eta begiak itxita azkenengo metroak madarikatzen duen jainkoarekin batera konpartitu ditu tiro artean. Pauso bizkor baina nekatuek hurbil dute helmuga eta ahalegin bakoitza luzatzen ari dira azkenengoak ez izateko. Bertan du irteera Jeanek, baina argitasun itsugarri batera sartzera doan une berean harrapatu du berunezko bala batek.

            Leihoaren ondoan zaude makuluen laguntzarekin, zutik. Gustuko duzu altuera horretatik begiratzea. Begirada bailarako norabideko azken aurreko bidegurutzean finkatu duzu. Han dator Jean, bere praka bakero eta jertse beltzarekin. Herrenka datorrela iruditu zaizu. Lehen ez zara ohartu herrena zen edo ez. Besapean ogi bat dakar. Ogia erdi janda dago.

            Ez duzu ezer gehiago ikusiko. Zauden tokitik imaginatzea da geratzen zaizun aukera bakarra. Jean ( horrela deitzen bada behintzat) etxera sartu da, eta asmatu dugun istorioak bere buruaz beste egin du.                    

            11:00.

 

Nork: ipuingile.2007/04/12 12:23:28.928 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)