Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/07/12 17:49:32.784 GMT+2

LATINA II-AURKEZPENA

Nork: PAIDEIA.2010/07/12 17:49:32.784 GMT+2
Etiketak: latina | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/06/09 17:35:51.718 GMT+2

MENS SANA IN CORPORE SANO

Rogelio Fernandez Ortea, BERRIA, 2009-VI-9

Emozioez, sentimenduez edo adimen emozionalaz hitz egiten dugunean, ikerketa eta lan unitatea ez da garuna soilik, giza gorputza bere osotasunean baizik.

Gure organismoa, alde batetik, kanpoko estimuluak sistema sentsorial extrozeptiboaren bidez jasotzeko gai da, eta, horretarako, ibilbide neurala erabiltzen duten zentzuak (ukimena, usaimena, dastamena, entzumena eta ikusmena) darabiltza. Bestetik, ordea, gai da estimuluak sistema sentsorial introzeptiboarekin jasotzeko. Sistema horrek gure barne ingurumenaren berri ematen digu. Seinale introzeptiboak odol korrontetik datorren informazioan eta garunari informazioa ematen dion sistema neuralean oinarritzen dira. Funtzio hori seinale elektrokimikoen bidez betetzen da, eta hainbat informazio ematen dute seinale horiek organismoko atalei buruz: gure barnean gertatzen denari buruz, adibidez mina eta tenperatura; gure erraiei buruz; ildaskatutako muskuluei buruz; eta sistema bestibularrari buruz.

Horrek esan nahi du emozioen genesia osatzen duten seinaleak neurri handi batean gure gorputz barnetik datozela. Beraz, osasun fisiko onak osasun mentala hobetu dezake, eta alderantziz. Erantzun emozionalek barne ingurumena eraldatzen dute, eta hor sortzen den gorputz-garun-gorputz kiribil horrek gure osasun egoeraren sentsazioa sortzen du.

Osasuna gure gorputza zainduz hobetu daiteke: jaki osasuntsuekin, kirola eginez eta ohitura osasungarriak izanez bizitza pertsonalean, familian, gizartean eta lan arloan. Baina baita gure mundu emozionala era egokian erregulatuz ere. Gure egoera emozionalak sistema immunitarioan, endokrinoan eta nerbio sisteman duen garrantziaregatik, gure emozioek eragina dute gaixotasunak eta ajeak garatu, sendatu edo okertzeko orduan. Horregatik, nahitaezkoa bihurtzen da emozioen erabilera inteligentea egitea.

Datozen hilabete hauetan izango dugun udaldia eta opor egunak garai egokia izango da orain arte aipatu duguna praktikan jartzeko. Negu luze honetan pilatu dugun estresaz atseden hartu, maite ditugun eta maite gaituzten pertsonekin egon, etxetik kanpo denbora gehiago pasatu kirol pixka bat eginez, gure jateko ohiturak hobetu eta pixka bat zoriontsuagoak izaten saiatu beharko genuke. Orain arte esan duguna denok jakin badakigun arren, lagungarria gertatzen da irakurle guztientzat, eta baita artikulua idazten ari den honentzat ere. Emozionalki osasungarria den uda igaro dezazuela.

Nork: PAIDEIA.2009/06/09 17:35:51.718 GMT+2
Etiketak: latinismoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/06/03 16:09:52.004 GMT+2

DEUS EX MACCHINA

Anjel Lertxundi, Berria, 2009-V-27
Aditu gutxik ezagutzen ditu Alfonso Sastrek bezala antzerkigintzako arkanoak, trepetak eta baliabideak. Baliabide trepetatsuenetako bat, Deus ex macchina izenekoa: antzerki klasikoan, istorioa asko bihurritzen zenean, jainkoren bat jaitsarazten zuten, makina batetik zintzilik, zerutik eszenara, istorioaren korapiloa miragarriki askatzera. Hortik figura literarioaren izena.

Alderdien legeak politikagintzaren libretoa laburtu zuenetik, ezagunak dira eszenategitik bota nahi zituzten antzezleen kolpe eszenikoak, eta halako efektu batez agertu da II-HE ere Europarako pasaporte eske: sorpresazko Deus ex macchina baten modura. Farandula politikoko kritika guztiz gehienak estreinatu aurretik jipoitu du obra. Hala ere, zentsoreek ez dute obraren estreinaldia debekatzeko moduko hutsik aurkitu libretoan.

Otegik butaka enkargatu du palkoko lehen ilaran. Bertatik ikusiko du kolpe eszenikoaren arrakasta.

Nork: PAIDEIA.2009/06/03 16:09:52.004 GMT+2
Etiketak: latinismoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/06/03 15:57:31.710 GMT+2

PREGOILARIEN ZUZENDARIA (VELEIAKO OSTRAKAK)

BERRIA, 2009-V-26

Nork: PAIDEIA.2009/06/03 15:57:31.710 GMT+2
Etiketak: iruña-veleia komikia zaldieroa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:56:12.315 GMT+2

DEMASA

Anjel Lertxundi, BERRIA, 2009-05-13

Hona Excusatio non petita latin-ziri ezagunaren bertsio posible bat: “desenkusa eskatu ez dena, akusazio nabarmena”. Desenkusatuz hasiko naiz: giputza izan arren, pozik nago Athletic finalera iritsi delako, espero dut partida ona ikusiko dugula, eta asko poztuko ninduke zuri-gorrien garaipenak. Desenkusaren barneko tripek Erreal-zale moduan salatzen banaute, zer egingo zaio ba!

Baina desenkusa egin eta gero, nire burua salatzeaz gainera gehiegikeria salatu nahi dut. Eta ez naiz kaleko gehiegikeriaz ari (jendeak eskubide osoa du bere pozak nahi duen bezala ospatzeko), gehiegikeria instituzionalaz baizik, eta, nik dakidala, EITB erakunde publiko bat da.

Beharbada ez naiz jabetzen gertakariak herri honentzat duen garrantzi txit ahaztezinaz, eta hala balitz (beste desenkusa bat dator segidan) barkatuko ahal didate itsumena, uste osoan bainengoen beste batzuek zeudela seko itsu.

OHARRAK (Post scriptum)

Berripaperean agertutako zutabean, excusatio ordez accusatio ageri da. Irakurleren batek nire latin-ziri baten gisa hartu badu, ez zen hori nire asmoa. Hanka-sartzea egin dut besterik gabe. Euskaraz eman dudan, aldiz, ondo dago eta eskerrak! Eta desenkusaka ari bainaiz, betor esaldi famatua berriro ere nire kontra: "Excusatio non petita, accusatio manifesta".

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:56:12.315 GMT+2
Etiketak: latinismoak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:53:30.287 GMT+2

HUELGA ALA GREBA?

Anjel Lertxundi, BERRIA, 2009-V-22

Txirritaren bertso bat buruan nerabilela (huelga bat sortu ta ibili naiz larri…), aspaldiko polemikatxo bat etorri zitzaidan gogora: zergatik esan behar dugu greba eta ez huelga? Lehendabizikoa frantsesetik ez dator ba, eta bigarrena gaztelaniatik? Zergatik da bat egokiagoa bestea baino? Bueltatxo batzuk ematen hasi nintzen auziari eta, bat-batean, argia egin zitzaidan: “Huelga eta gure olgatu iturri beretik zatozak! Tentu, gero! Ez dezala inork pentsa huelga bat olgeta, jostaketa, atsegin hartzea denik!

Pariseko l'Hôtel-de-Ville-ri place de Grève deitzen zioten 1830 arte, bertan zegoen hondarragatik. Eta lanik gabe zeuden langileak hantxe egoten baitziren nagusiren batek noiz kontratatuko, hortik être en grève espresioa, guk gaur ezagutzen dugun greba eman zuena.

Ez dakit akademikoek hori guztia kontuan zuten erabakia hartzerakoan, baina garbi dago ez zirela ez olgetan ez greban egon.

OHARRAK (Post scriptum)

Joxe Angel Ulaziak Monorkiduak testuan utzi didan mezuaren arabera, katalanez vaga deitzen diote grebari. Ez dago esan beharrik iturri bera dutela vaga katalanak eta gaztelaniazko vagok.

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:53:30.287 GMT+2
Etiketak: etimologia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:33:59.176 GMT+2

PHEDRE

Itxaro Borda, BERRIA, 2009-05-16

Heletako Itsasoa kafe-antzokiaz eta Isturitzeko harpeetako bilgune naturalaz bestelako ausa-lekurik ez dudala erranen duzue, arrazoiekin. Euskal Kultura Erakundeak urteko euskarazko diktaketa antolatzen duen egun honetan -ortografiaren jainko bekaitzen begietan bekatu hutsean erraz aurkituko gaituzte gure hizkuntzan berean- arratsaldeko seiak aldera Corinne Lallemand adiskideak Yannis Ritsosen Phedre olerki luze biribilketaria irakurriko du Otsozelaiko ilunpean.

Greziar antzerkigintzako pertsonaia distiratsuenetarik bat da Phedra, hain gogoko ditudan Elektra, Medea eta Antigonarekin batera. Amodioa, gorrotoa, gezurra, manipulazioa, heriotza haragitzen dituen figura femeninoak erraiak inarrosten dizkigu, dudak hantzen, borondate arrazional eta moralaz haratago, abjekziotik guhauren barne-mamu aitorgabeen onarpenera bultzatzen gaituela hitzetik hiltzera. Delphes inguratzen duten mendien izena da Phedra, argitsuak alegia, goizetan ekia jazartzen denean gailur mineralak urrez apaintzen direlako.

Ederra da Phedra edozein mintzairatan, moldeetan, Euripide edo Racinen lumapean, bereziki adibidez, Dominique Blanc-en trakako izar umilak gorputza eskaintzen dionean.

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:33:59.176 GMT+2
Etiketak: euripides literatura elektra medea fedra antigona grekoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:31:08.023 GMT+2

TRISTES

Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XII-26


Itsas Beltzeko kosta. 9garren urtea. Bidaia luzearen ondotik Ovidio «lurraren muturrera» ailegatu berria da: Tomis-era (a terra terra remota mea). Augustok inperioaren azken fronteretara herbestua du. Han hilen da. Baina nik aipatzen dudan momentu honetan, Tristes liburua bukatu berria du. Ez daki hemen hilen dela. Uste du berriz itzuliko dela Erromara, emaztea besarkatuko duela, eta gelditzen zaizkion adiskide gutiak. Tristes bidean hasi zuen, Ioniako itsasoan, uhain oldartuek ontzia kurrinkarazten zutelarik, aurpegia bustitzen: «Oh, zorigaitzeko ni! Zenbat ur-mendi inguruan! Iduri luke zeruko izarrak behar dituztela hunkitu! Nolako errekak (ibarrak) zilatzen diren, itsasoa arrailtzen delarik!». Tomis-en, papiro orritan idatzi testuak prest ditu. Elkarri lotuko ditu volumen zabal bat eginez. Ondotik, guk mapa handiekin edo afixekin egiten dugun gisan, bilduko du liburu osoa, eta igorriko hain urrun den Vrbe-ra : Erromara. Hitzaurrean, Tristes liburuari gomendio batzuk, herbesteko liburua dela gogoraraziz, zorion gabekoa: «...Ez duk ene malurra ahantzi behar... Hoa, liburu enea, agur itzak hain maite ditudan lekuak... Norbaitek han, jendeen artean, ene berririk nahi badik jakin, erraiok bizi naizela... Baina ez hadi mintza gehiegi ... Zerbait gehiago jakin nahi badu, aski dik ene idazkien irakurtzea... Poesia arima barean duk sortzen: ordea, zorigaitzek bapatean ilundu die ene bizia Poesiak eskatzen dik eskribitzeko bakardadea eta baretasuna: ni, itsasoaren nauk menpe, eta haizeen eta negu krudelaren... Longa uia est -bidea luzea duk, propera!- higi hadi!».

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:31:08.023 GMT+2
Etiketak: tristia ovidio literatura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:28:27 GMT+2

DIAGRAMA

Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XII-12

 Arkimedesek zenbakiekin jostatzea maite zuen. Matematika legeen aurkitzea bizian. Mundua matematika legeen esperimentatze leku miresgarria zitzaion. Mundua enigma handi bat zitzaion, galderez betea. Arearioa tratatuan : zenbat legar pikor behar ote da unibertsoaren betetzeko? Stomachion tratatuan: 14 pieza ezberdinekin lauki bat badut, ezberdinki konbinatuz zenbat lauki asma ote ditzaket? Odisearen XII. liburua irakurtzean : Thrinacia (Sizilia) uharteko Helios erregek zenbat behi eta zezen ote ditu? Sirakusako ingeniari jeinutsuena zenez, 212 JK baino lehen, erromatarrek itsasotik eta lurretik atakatu zutelarik, hiriko defentsa hark zuen antolatu. Polibius histolariak dio «Arkimedesek proiektiluak edozein distantziatara igor zitzaketen tresnak asmatuz kalte izigarriak egin zizkien atakatzaileei. Haren katapulten igortzeak hain ziren indartsuak eta zuzenak non ez zuten espazio librerik batere uzten». Sirakusako desertore batek ez balie erromatarrei salatu Sirakusako harresietan zeuden sentinela batzuk ongi mozkortuak zirela, eta orduan zela momentua, Marcellus erromatar jenerala sekulan ez zitekeen sar hirian. Gerla hortan zen hil Arkimedes. Dio Plutarkok : Diagrama baten legarrean marrazten ari zela Arkimedes, gogoa arrunt begien aitzinean zuen matematika probleman biribildua, erromatarrak ziren hirian sartu. Soldadu batek zion manatu segi zezan, Marcellus jeneralarengana joan behar zuela. Arkimedesek ezetz : lehenik problemaren soluzioa zuela aurkitu behar! Soldadu erromatarrak orduan: tragatza kolpe batez zion gorputza zilatu.

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:28:27 GMT+2
Etiketak: arkimides plutarko polibio | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/22 18:25:44.355 GMT+2

ORBIS TERRARUM

Aurelia Arkotxa, BERRIA, 2008-XII-5

 Saint Sever. Hotza, haize ufakoak, euri zurrustak. Azaroaren azken igandean urtero den «Oilokien feria». Arkupetan familia guti batzuk, beren haurrak eskutik, antzara, ahate, indiako oilo, oiloen ikusten. Beneditarren kalaustrapean jende gehiago: pate, gasna, ezti eta erreximentak salmahaietan. Musika banda baten soinu airosak: tronboi, danbor eta eltzagorra. Ni, mapamundiaren sorlekuaren ikustera naiz jina. Hemen, XIgarren mendean, Stephanus Garsiaren eskolak Liebanako Beatusen Apokalipsia kopiatu zuen. Gidarisa heldu da. Egoitza zahar bat. Zurezko eskailera hertsiak. Beatusaren diapositiba triste batzuk. 45garren folioan: mapamundia. Lur obalatua. Inguruan, Ozeanoa: irla, arrain, ontzi. /Septentrio /ezkerretik, «OT mapetan» ohi den bezala. Iperborreako Thule. /Oriens/ berriz, kaskoan. Han, Parabisua. /Occidens /: Mediterraneo itsasoa. /Meridies/: Itsas Gorria. Ezkerreko behereko erdialdean : WASCONIA. Lehen aldia kartografian agertzen dela. Gorago, paraleloki, AQUITANIA. Gorago oraino : bi GALLIAk. Oraino gorago, herri mokor bat, hizki ttipiagoz idatzia: FRANCIA. Gidarisak maparen erreprodukzio handi baten aitzinera garamatza orain denak. Maparen ezkerreko behereko erdialdea besoa altxatuz erakusten du: «/Vous voyez, Stephanus Garsia a représenté la France!/» Dio normala dela Liebanako Beatusaren eragina izatea Saint Severren, Espainia oren baten bidean dela. Nik: mapa horretan ez dela oraingo geografia... Frantzia herri ttipi hura dela... Mapan, Galliak, Aquitania eta Wasconia ez direla Frantzian.... Baina ez du entzuten: Frantziako hexagonoa du buruan.

© berria.info

Nork: PAIDEIA.2009/05/22 18:25:44.355 GMT+2
Etiketak: mapamundi kartografia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)