Jagoba Errekondo, ARGIA (2008/XI/02)
Pikuz
okitutako antzaren gibela gutizia zen, dagoenerako, duela 4.500en bat urteko
Egipton. Nilo neguko balneario zuten antzarek eta nahikoa janean
erreserbatarako koipea pilatzen zuten gibelean. Gibel hutsaren aldean leuna eta
gozoa. Laster ikasi zuten
antzara gainelikatzen. Eta gutizi gorena sortzez gero antzarari onenetik
eman behar: pikua. Garai hartako Saqqarako nekropolian, Mererukaren hilobian,
hegaztiei mokoa zabaldu eta mokadu ederrak sartzen ari diren antzarazainak
harrian zizelkaturik ageri dira.
Cratino poeta grekoak, duela 2.500 urte eskas,
antzarak gainelikatzen aritzen ziren langileak aipatu zituen. Mediterraneo zubi
urdinean zehar zabaldu zen egiptoarren gutizia, baina han bertakoak zuen sona.
Agesilao II.a Espartako erregeari, duela 2.369 urte Egiptora egindako bisitan,
bertako nekazarien gai onenak eskaini omen zizkioten oturuntzan: antzara
gizenak eta aratxea.
Gerora Erromako gastronomoek idatzi eta jaso
zuten iecur ficatum, pikuztatutako gibela. Pikua eta gibel ona
etengabe lotzetik datoz frantsesezko foie, italierazko fegato,
espainierazko hígado...
Zuzenean mokotik urdailera, onilean barrena gaur
egun artoa ematen zaie antzara gutxi batzuei, batez ere ahateei. Azken
ikerketen arabera, industrialki gizendutakoaren aldean, etxean bezala hazitako
gibela finago endurtzen omen da. Mokofinen mauka.
Moko-zurienari ere endur dakioke gibela
horregatik! Bada, Japoniako Shizuoka Unibertsitatean burutu duten ikerlan baten
arabera, beste landare batek senda dezake gibel hori, ahuakateak, Persea
americana. Hepatitisaren birusari aurre egin omen diote ahuakatearen
aterakinarekin.
Afrikan pikoa eta barrabila hitz bera badira,
Ameriketan ahuacuatl deitzen diote ahuakateondoari, barrabilen
zuhaitza, alegia. Binaka
hazten ditu ahuakateak. Fruitu honek aparteko indarra eta kemena eman
eta, pikuak bezala, gorputza ederki berotzen du. Barrabilen zuhaitzak fruituak
ontzen dituen sasoian, badaezpada, neskatoak etxean eduki behar direla diote.
Idatzi artikulu bat