Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/05/04 13:30:20.434 GMT+2

suzko txakurra eta mesianismoa

Suzko txakurrak erresuminagatik barneraturiko indar erreaktiboak errepresentatzen ditu; herri xehearen erresumina eta mendeku nahia islatzen ditu; iraultza sozialetan bukatzen duen sentimendu erreaktiboa baino ez da. Badiouk esan bezala, suzko txakurra ekaitza kolektiboaren, matxinadaren aktore edo bozeramaile iraultzailea da[1]. gizaki nihilista, gizaki erreaktibo eta dekadentea, bizitza beraren aurka altxatzen den gaixotasuna da. gauzak horrela, Nietzsche egungo posmodernismoak egindako analisi politikoari aurreratu zitzaion iraultza politiko-sozialen porrota iragartzerakoan. Iraganean gertatu izan diren iraultza guztietan suzko txakurrak ozenkiegi garrasi egin bazuen ere, ez zuten sekulan lortu benetan lortu beharrekoa; ez zen inolaz ere benetako iraultzarik eman, Albert Camusek ulertzen duen moduan ulertzen baldin badugu iraultza. Ahohandien matxinadak baino ez ziren izan. Askatasunaren edota beste ongiren baten izenean ozenki oihukatu bazuten ere, sekulan ez du iraultza bakar batek historia bitan banatu. Denek izan zuten askatasuna desiratua aldarrikapen, baina saiakera guztiek nahi izan zuten  izaera unibertsala izan. Askatasuna iraultza guztien aurretik joan izan da eta honen izenean gehienetan armak hartzera heldu dira, Camusek esan bezala, erru sentimendua eta biolentzia zabalduz[2]. Modu batean edo bestean, utopia bakar batek ere ez du lortu bere helburua, iraultza bakar bat ere ez da izan benetako iraultza bat terminoa astronomian hartzen duen zentzu bera ematen baldin badiogu. Iraultza bakarra eman daiteke, benetakoa, azkenengoa, historia bitan bana dezakeena[3]. Esan daiteke, beraz, etorkizuneko lagunen komunitateari hots egiten dionean ez duela komunitate utopikorik bilatzen. Ez zuen uste historiak amaieraren bat izan dezakeenik non lortu daitekeen bake mundiala; are gutxiago utopia erlijiosoek aldarrikatutako eta zin eginiko gozoen lorategirik. Utopien alde onak aitortzen baditu ere, ezin du inolaz ere utopia ororen amankomuneko bi printzipio onartu. Lehenengoa, utopiek bilatzen duten homogeneizazioa litzateke. Lehen aipatu bezala, Nietzschek ez zuen homogenizaziorik, aniztasuna baizik, ezberdina izateko eskubidearen gauzatzea. Ezberdintasunaren apologia argia egiten zuen.


Gizateri osoaren garapen osoa da onartu ezin dezakeen bigarren printzipio nagusia. Kultura bakoitzean etengabe eten, apurtu eta atzera egiten duen garapenean sinisten du, baina Sanchez Mecak esan bezala, helburu edo amaiera metafisikorik ez duen garapena litzateke[4]. Horrexegatik, historiaren amaiera aldarrikatu eta iragartzen duten guztien aurka egin zuen. Hegel-ek historiaren amaiera 1807-an jarri zuen, saintsimoniarrek 1830 eta 1848-ko iraultzak azkenengoak zirela adierazi zuten. Era berean, erromantizismo itsu berarekin, Marxek ere historiaren  amaiera iragarri zuen, baina aurrekoak baino azkarragoa izanik ez zuen datarik finkatu. Baina, profeziek, zenbait milioiren itxaropena pizten dutelarik, helburua gauzatu behar dute nonoiz. Camusek adierazi bezala, heltzen da momentu bat non itxaropena etsipen bilakatzen da eta honi aurre egiteko beste bide bortitzagoak eta biolentoagoak bilatzen dira[5]. Doktrina hauek guztiek konpartitzen dute kristautasunarekin, marxismoak ere konpartitzen duen moduan, kultura greziarrarengandik urruntzen dituen mundu ikuskera. Jaspers-ek adierazi bezala, gizakien historia bakarratzat hartzea pentsamendu kristaua da zalantzarik gabe. Camusen hitzetan, Marx jainko historikoaren Jeremias-a litzateke, iraultzaren Hiponako Agustin-a bezala. Oraindik gaur egun, Santiago Castro-Gomez-ek esan bezala, badago profezietan itxaropena duenik. Hardt eta Negrik, adibiderako, Marxen espektroa aldarrikatzen dute; mesiasa gure artean dagoela oihukatzen dute, oraindik ere helburua lortu ez bada ere. gizateria oraindik ere desertuan galdua dagoenaren erakusle. Derridak aitortu bezala, desertuko gizakiak oraindik ere existitzen ez den mundu batean jarraitzen du sinisten oraina aldatu ahal izateko. Baina, Hegelek esan bezala, “izan behar duena” bilatzerakoan munduaz ahaztu egiten da gizakia intentzio hutsen munduan galduz[6]. Ikuspegi honi deitu zion Derridak desertuko mesianismoa. Orainaren ordena ukatuz jartzen dituzte itxaropenak etortzear dagoen eta guztiz ezberdina den beste orden batean. Nietzscheren ustez, ez da lekurik egon behar eguna eta ordua jakin nahi duen mesianismoarentzat. Egoeraren jakitun, mesianismoari kontrajartzen zion Derridak mesianikoa, espektatibarik gabeko itxaropena. Hala ere, Hardt eta Negri bezalako pentsalariek jarraitzen dute mesianismoa aldarrikatzen, mesiasarenganako itxaropenak gauzatu dezakeelako aldaketa desiratua. Hauen ustetan, profeziaren garapenari hasiera eman zaio gure begien aurrean. Baina, Santiago castro-Gomezek argitu bezala, aldarrikatzen den mesiasa ez da inondik inora pertsona bat, ezta zenbait pertsonek osatzen duten talde espezifikoa, dispositibo bat baizik.



[1] Nietzsche, filosofía  y  antifilosofia. Alain  Badiou.

[2] El hombre rebelde. Camus. 129.

[3] El hombre rebelde. Camus. 130.

[4] Nietzsche. La  experiencia  dionisiaca  del  mundo. Diego  Sánchez  Meca, p. 248.

[5] El hombre rebelde. Camus. 246.

[6] Desde la perplejidad. Javier Muguerza. P, 384.

Nork: astrozoro.2008/05/04 13:30:20.434 GMT+2
Etiketak: iraultza nietzsche derrida matxinada camus | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/23 12:33:15.706 GMT+2

utopia


Etimologikoki aztertuz gero, utopia leku-eza bezala ulertu behar dugu. Tomas Morok konposatu zuen aipaturiko terminoa ou eta topos hitz greziarrekin jolastuz leku gabezia izendatzeko hitzen baten premia sumatzen zuelako. Muguerzaren  ustetan, Morok beharbada eu aurrizki greziarrarekin jolastu zuen utopia edo eutopia leku egokia edo errealitate gauzatzeko egokia dena izendatzeko[1]. Nahiago dut, Angel Enrique Carretero jarraituz, utopia errealitatetik urrunduz idealizaturiko munduaren amestea bezala ulertzea. Gauzak horrela, utopia agertzen zaigu modernitatearen hasierarekin unibertso sinboliko-erlijioso kristaua deskonposatzen hasten denean. Orduantxe agertzen diren eraikuntza utopiko handiek, hala ere, jarraitzen dute nolabait kutsu kristaua izaten, ikuspegi kristauaren ondorengoak dira. Itxaropen eta salbazio-nahi zaharra mundura jaisten da utopiaren forma hartuz. Utopiak, forma iraultzailea badu ere, kutsu judo-kristaua jarraitzen du izaten. Baina, modernitatearen krisi honetan, ematen du utopiak ere ez duela bere momenturik onena bizi. Ados nago Muguerzarekin esaten duenean utopiaren amaiera hurbil dagoela[2]. Horrela baino ezin da ulertu egun, antiutopiak baino, utopiaren kritikak hartu duen garrantzia. Ukaezina da modernitatea dinamizatu zuten eredu utopikoen ahuleziaren sinuak gurean daudela. Mendebaldeko kulturan behintzat zentzu bakarradun proiektu utopikoak hilzorian daude. Iraganeko utopiak, idealizaturiko gizartea hobeak, gauzatu edo errealitate bilakatu ez diren neurrian eszeptikotasuna joan da gutxika nagusitzen. Bloch-ek adierazi bezala, utopia bat iruzurra bat izan ez dadin noizbait gauzatu beharko litzateke[3]. Baina utopiek jarraitzen dute utopia izaten, egun bere zentzurik txarrenean ulertzen direlarik, gertatuko ez den errealitatea, leku eza, eta ondorioz  gizabanakoaren askatasuna edota gizateriaren salbazioa aldarrikatzen duen programa politiko ororekiko agertzen du gizartean orokorrean mesfidantza. Masek, egun, ez dute inolako itxaropenik arazo eta konflikto ezberdinen konponbidean. Horrez gero, utopia politikoek ez dute jada masa mugiarazten aspaldi egiten zuten bezala; masak ez du eraldaketa sozialean sinisten. Nietzschek aldarrikatu bezala, egun munduaren garapenaren eta gizateriaren historiaren inguruko fantasiak baztertzen ditugu; masek ez dute inolako garrantzirik eta gizabanakoek mesfidati begiratzen diete.  Egun gizaki handiak baino ez ditugu mirestu behar, jenio eta heroiei kultu estetikoa egitea[4]. Gaztetasunean ezker hegeliarrean sartu izan bazen ere, goiz ikusi zuen Nietzschek hura ez zela betiko eskaloi bat; “Niretzat eskaloiak baino ez ziren; igo nituen, eta horretarako bakoitzetik pasatu behar izan nuen. Baina pentsatu nahi izan zuten nik eskaloi horietan deskantsatu nahi nuela” [5]. Horrela, Nietzschek hamaika definizio edo etiketa jasan behar izan ditu: erromantikoa, ilustratua, bitalista, irrazionalista, anarkista eta beste asko. Baina berak aitortu bezala, horiek guztiak atsedenaldiak baino ez ziren izan haratago heltzeko. Utopiari dagokionez behintzat, bat nator Günter  Wohlfart-ekin esaten duenean ilustrazioaz haratago joan   nahi izan zuela Nietzschek ilustrazioa bera erradikalizatu nahian kontrailustratua bilakatuz[6]. Nietzschek esan bezala, gizateria ez da existitzen osotasun unitario gisa, dibertsitate eta aniztasuna bezala baizik, bizimodu ezberdinak, eta horrez gero, ez du sinisten hobera doan eboluzio unibertsalean. Gauzak horrela, Sanchez Mecak mantentzen duen bezala, gizarte baketsu eta ez-alienatuak aldarrikatzen dituzten utopiekiko mesfidatu agertzen zaigu. Progresuak ez du gizartea osoaren zoriontasuna ekarriko, gizabanako bakoitzak nahi duena bilakatzeko aukera ahalbidetu baizik, ezberdina izateko eskubidea[7]. Ezin du, beraz, ilustrazioaren kulturaren ikuspegi historikoa onartu. Proiektu ilustratuaren izaera unibertsala ukatzen zuen moduan, beste gauza askoren artean, ezin izango zuen sortzen hasiak ziren proiektu sozialistak onartu. Berehala ikusi zuen suzko txakurrak ezkutatzen zuena.

 

“… En  cuanto  al perro  de  fuego, ahora  se  de  que  se  trata; y  asimismo  se  que  son  todos  esos  demonios  de  las  erupciones  y  conmociones, de  los  que  no  solo  las  viejecillas  sienten  miedo.

… ¡Vosotros  entendéis  de  aullar  y  de  oscurecer todo  con  ceniza! Sois  los  mejores  bocazas que  existen  y habéis  aprendido  hasta  la  saciedad  el  arte  de  hacer  hervir  el  fango.

libertad  es  lo que  mas  os  gusta  aullar: pero  yo  he  dejado  de  creer  en grandes  acontecimientos  tan  pronto  como  se  presentan  rodeados  de  muchos  aullidos  y  mucho  humo”[8]. 



[1] Desde la perplejidad. Javier Muguerza. P, 379.

[2] Desde la perplejidad. Javier Muguerza. P, 409.

[3] Desde la perplejidad. Javier Muguerza. P, 400.

[4] Schopenhauer, Nietzsche, Freud. Thomas  Mann, p. 108.

[5] El ocaso  de  los  ídolos. Friedrich  Nietzsche. Clásicos  selección, p. 46.

[6] Fragmentos  póstumos. Friedrich  Nietzsche. Prologo  de  Günter  Wohlfart, p. 14.

[7] En  torno  al  superhombre. Diego  Sánchez  Meca, p. 309.

[8] así  hablo  Zaratustra. Friedrich  Nietzsche, p. 199.

Nork: astrozoro.2008/04/23 12:33:15.706 GMT+2
Etiketak: nietzsche utopia muguerza bloch tragedia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/06 13:41:42.104 GMT+2

oldarkortasuna (III) botere-nahia

Gizaki orok du bere baitan instinto oldarkor hori, indar berriztatzailea, batzuek ezaugarri positibo horien jakitun ez badira ere. bizitza dagoen leku orotan dago oldarkortasuna, eta ondorioz, botere-nahia.

 

            “En  todos  los  lugares  donde  encontré  seres  vivos  encontré  voluntad de  poder  e  incluso  en  la voluntad  del  que  sirve  encontré  voluntad  de  ser  señor… Y  este misterio  me  ha  confiado  la  vida  misma. Mira, dijo, yo  soy  lo  que  tiene  que  superarse  siempre  a  si  mismo… Solo  donde  hay  vida  hay  también  voluntad: pero  no  voluntad  de  vida, sino – así  te  lo  enseño  yo – voluntad  de  poder”[1].

           

Indar positiboa ezagutzen eta erabiltzen ikasi beharra daukagu, eta ahal den neurrian erabilera negatiboa edo pasiboa saihestea. Orain arte oldarkortasunaren ikuspegi negatiboa baino ez da gailendu mendeku nahiari eta botere-nahi erreaktiboari bidea utziz. NIetzschek aldarrikatu bezala, zentzuren batean, antzeztoki honetako obra edo antzezlana etengabe errepikatzen den bera da, dominatzaile eta dominatuen arteko antzezlana, alegia. Gure mundua esklaboen eta jaunen mundua izatera kondenaturik dago, oraindik ere egungo ideologiek Hegelen dialektikatik edaten jarraitzen dutelako; eta zera ulertzera heldu dira, garaileak beti duela arrazoia[2]. Gizaki batzuek beste batzuk hartzen dituzte mendean, eta horrez gero jaio egiten da baloreen bereizketa. Klase batzuek beste batzuk hartzen dituzte mendean, eta horrela jaio egiten da askatasunaren ideia. Historiaren une orok du azkenik bere errituala. Betebehar eta eskubideak definitzen hasten dira. Metodoak eratzen dira. Baina gerrak jarraitzen du, eta gerraren aurka agertzen bagara ere, gerrak ez dizkio bakeari inoiz ez aukerarik uzten. Erregelak ez dira horrela bakea lortzeko pentsatzen, etekin handiena lortzeko baizik, odola isurtzeko. Biolentzia etengabe errepikatzen da antzezlanean[3]. Dominazioaren antzezlan hau bukaezina da eta izango da beti ere agertuko baita jolasten jarraitu edo hasi nahi duen baten bat. Betiereko itzulerak aldarrikatu bezala, dena bueltatzen da den moduan, betiereko errepikapen horretan dominatuak eta dominatzaileak bueltatuko direlarik. Beti egongo da agindu nahi duen batenbat eta agindua bete baino ez duena nahi ere. gutxiengo batek gidatua izan nahi duen masa agertuko zaigu etengabe, masa ezjakituna eta alperra delako, ez duelako bere kabuz pentsatu nahi, autonomiari beldur diolako[4]. Gehiengoa, artaldea, bereziki influenziablea da eta den dena irensten du datorkion moduan. Izpiritu kritiko bakoa da. Berau engainatu eta konbentzitzeko kolore biziko irudiak baino ez dira erakutsi behar, eta irudi horiexek etengabe errepikatu. Horren trukean, gehiengoak heroi edo jaunengandik indar erakusketak eskatu ditu, biolentzia. Dominatua izan nahi du, jaunari beldurra izan. Gehiengoak, artaldeak, bere baitan instinto kontserbadoreak ezkutatzen ditu, tradizioei errespetu fetixista bat eta nola ez beraien existentzia aldatu edo arriskuan jar dezakeen edozein berrikuntzari beldurra[5]. Gehiengoak ez du egia bilatzen, ilusioak baino ez ditu eskatzen lasai bizi ahal izateko. Babes gisa zer edo zerk gidatzen du gehiengoaren barruko gizaki oro besteak imitatzera eta beraiekin batera era berean kontserbatzera[6]. Gehiengoaren barneko beste gizabanakoak hartzen ditu eredugarri eta horrelaxe lortzen du identifikatzea azkenik. Honetarako beharrezkoa du pertsonak edo superni-ak, kontzientzia moralaren babespean, zenbait osagarri psikiko baztertzea. Bazterturiko osagarri psikiko hauek inkontzientean amaitzen dute. Kolektiboak ezarritako balore multzo eredugarriarekin bat datorren oro baztertua da eta itzalaren edo ni-aren parte bilakatzen da. Itzala, edo ni-a Freuden terminologian, da bestaldea, Neumann-en aburuz[7]. Beste alde batetik, lehenago esandakoarekin batera, masak beti nahi du botere ez-mugatu batek dominatua izan[8]. Besteekin batera gehiengo bat osatzeko instintoari batzen zaio jaun edo aita baten beharra. Gizabanakoa osatugabe sentitzen da bakardadean dagoenean. Horrexegatik ukatzen du gizaki orok kolektiboa uztea, ez dute horretan pentsatu nahi ere ez. Gizakia talde-animalia da, jaun edo agintari batek gidaturiko talde baten parte osagarria[9]. Dena errepikatzen da; dena bueltatzen da; dominatu edo dominatuak izan nahi duten gizakiak dauden bitartean jarraituko du aurrera sadomasokismoaren historiak mendebaldeko kulturan.



[1] así  hablo  Zaratustra. Friedrich  Nietzsche, pp. 176-177.

[2] El hombre rebelde. Camus. 164.

[3] Nietzsche, la  genealogía, la  historia. Michel  Foucault. Pre-textos, p. 38-39.

[4] Psicología de las masas. Freud. 144.

[5] Psicología de las masas. Freud. 17.

[6] Psicología de las masas. Freud. 19,23.

[7] Psicología profunda y nueva etica. Eric Neumann. 50-51.

[8] Psicología de las masas. Freud. 64.

[9] Psicología de las masas. Freud. 55,59.

Nork: astrozoro.2008/04/06 13:41:42.104 GMT+2
Etiketak: nietzsche oldarkortasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 10:50:16.490 GMT+2

oldarkortasun aberasgarria (nahiak)

Gizaki primitiboak, bere gainera etorritako gaitz baten ondoren, ez du bere ezinegona edo oldarkortasuna beste baten aurka edo bere barnearen aurka zuzentzen, fetitxe baten aurka baizik. Fetitxeak ez du bete bere eginkizuna, eta horrez gero, bortizki jipoitzen du bere ezinegona baretuz, baina inoiz ez besteren bat edo bere barnea[1]. Egia da gizaki primitiboengan ere mendekua agertzen dela askotan, baina Lipovetsky-k adierazi bezala, mendekua beste modu ezberdin batean ulertzen zuten. Mendekua lege bilakatzen da, erregela fundamentala denak ondo funtzionatu dezan. Munduan aldaketak saihesteko mekanismoa zuten. Mendeku biolentzia giza instituzioa zen. Mundua orekan mantentzera zuzendutako biolentzia zen, bizidunen eta hildakoen artean simetria ezartzeko bidea[2]. Krueltate primitiboak ez zuen plazeri bilatzen mina egiterakoan; plazerra aurkitzen zuten mendekua gauzatzerakoan horrela pairatutako mina edota umilazioak bueltatzen zituelako. Mendekua eta bortizkeria aldaezina zen orden soziala mantentzeko bideak ziren[3]. Estatuaren agerpenak eraldatzen du ikuspegia nahikotxo. Estatuarekin boterea eta legitimitatea mina egiteko edota mendekuak gauzatzeko bakar batzuek esku geratzen da berdintasunarekin amaituz. Gobernari edota dominatzaile boteredunek mina egiten hasi ziren beraien interesengatik, eta inolaz ere ez gizartean oreka bat mantentzeko. Estatuarekin ohoreak eta mendekuak jarraipena izan dute, ohituren krudeltasunak bezala. Gizarte primitiboetan zegoen krudeltasuna guztiz eraldatzen du estatuak bere orden hierarkikoaren bidez[4]. Eliasek adierazi bezala, askatasunez biolentzia askatzen zen gizarteetatik pasatu gara gero inpultso oldarkorrak erreprimitu egiten diren gizartera. Orain gizartearen oreka mantentzeko ez dugu gure oldarkortasuna askatu behar, baizik eta erreprimitu; gizakiari auto-kontrola eskatzen zaio oraingo honetan[5]. Baina gizartearen oreka edota bakea ez dira oldarkortasuna barruan mantentzera bultzatzen gaituen elementu bakarra. Moralitateak zein inperatibo ezberdinek eragin zuzena dute. Gizaki primitiboek ez zuten erru sentimendua guk bezala bizitzen ez baitzuten ezberdintzen ni-a eta superni-a, beraientzat kolektiboa baino ez zegoen eta. Modu batean zein bestean, oldarkortasunak hor jarraitu du, bai gizarte primitiboetan, erdi aroan, modernitatean zein egun. Gauzak horrela, aurreko guzia esan ondoren zera ondorioztatu daiteke, oldarkortasuna gizakiak berezkoa duen instintoa dela, baina, zer nolako instintoa dugu oldarkortasuna? Autokontserbaziorako nahitaez behar du animaliak barnean oldarkortasuna, biziraun nahi bada askotan oztopoak gainditzeko beharrezkoa duelako. Erraz pizten den mekanismo instintiboa dugu beraz oldarkortasuna, Storr-ek adierazi bezala. Bere ustez, oldarkortasuna sexualitatea bezain instintiboa eta innatoa dugu[6]. Baina, sexualitatearekin bezala, oldarkortasunak pizteko behar du ezinbestean kanpo estimuluren bat. Eta ados nago berarekin oldarkortasuna instintu sexuala bezain garrantzitsua dela esaterakoan. Izaki bizidunen joera ez da Darwinek esan bezala bizirautea, joera hori kontserbatzeko instintoak dominatzaile bezala dituen gizakirengan baino ez da ematen eta, gizaki pasiboengan. Nietzschek adierazi bezala, gainontzekoen joera beraien burua gainditzea litzateke, botere-nahia handitzea, eta ez kontserbazio sen hutsa. Freudek esan bezala, errepikapena indarrean jartzen duten instinto kontserbadoreekin batera badira beste batzuk progresatzera eta aurrera egitera bultzatzen dutenak[7]; instintu indartsu hauei Jung-ek nahia deitu zien. Pentsalari honen aburuz, nahia deitzen duen hau gizateriaren konkistarik handienetarikoa dugu, indar sortzailea. Honek ez gaitu gainontzeko animaliengandik bereizten, baina bai esan beharra dago, animaliek instintu mordoa badute ere, nahia kantitate txikitan dutela. Nahia gure barneko ezkutuko  eremu sortzaile horren zatia da[8]. Edozein organismoren barruko indarren moduan, nahiak, botere-nahiak, beraien artean erlazionatzen dira. Nahiek beste nahien gainean baino ezin dute ekin, inoiz ez materia baten kontra[9]. Oldarkortasuna ez da, beraz, bizirauteko soilik beharrezkoa dugun instintoa, gehiago ere bada, Storr-ek adierazten duen bezala. Oldarkortasuna, funtsean, ezin da esan ona edo txarra denik, bizirauteko eta gure burua gainditzeko instintua baino ez da; baina, egia da, lehenago adierazi bezala, instintu hau oso arriskutsua bilakatu daitekeela eta bilakatzen dela blokeatu edo frustratzen denean. Orduan bai esan daiteke nolabait txarra izan daitekeela; baina baditu beste ezaugarri on asko ere, askotan ikusi nahi ez direnak. Clara Thompson-en aburuz, oldarkortasuna ez da zergatik suntsikorra izan behar. Hazi eta bizitza dominatzera zuzenduta dagoen instintua da bai, organismo bizidun orok bere baitan duena. Inpultso honek ere gizakia independente eta autonomoa izatera bultzatzen du etengabe. Storr-ek mantentzen duen moduan, gure burua gainditzera bultzatzen gaituen inpultso horrek aurkariak behar ditu, kontra egiten dioten indarrak. Oldarkortasuna askatu beharra dago, sexualitatearekin gertatzen den moduan, baina, berau askatzeko aurkaririk ez dugun heinean barrura egiten du gure kontra eginez, niaren aurka[10]. Honek ez du esan nahi, hala ere, gizakiak oldarkortasuna askatu behar duenik besteen aurka azken hauek dominatu ahal izateko. Horixe da, Nietzscheren ustez, esklaboak edo pasiboak egiten duen interpretazio okerra. Oldarkortasunak ez du, botere-nahiak ez duen moduan, boterea bilatzen, ezta dominaziorik ere. oldarkortasuna, botere-nahia bezala, ez da borroka darwindarraren moduan ulertu behar. Oldarkortasunak boterea du ez soilik bizirauteko, baizik eta balio aldaketa gauzatzeko ere, suntsitzeko gaitasuna badu ere, sortzeko gaitasuna ere baduelako. Oldarkortasunak, botere-nahiaren indarretan garrantzitsuenetarikoa izanik, gure burua gainditzera bultzatzen gaitu ezinbestean. Nietzschek berak erakusten duen bezala, gure burua gainditzeko gehienetan, ez bada beti, suntsitzearen beharra daukagu, eta horretarako ezinbestez beharrezkoa zaigu oldarkortasuna. Gure burua gainditzeak gure heriotza suposatzen du, berriz ere bizitzara bueltatu ahal izateko.

 

            “Tienes  que  querer  consumirte  a  ti  mismo  en  tu  propia  llama: ¡como  te  renovarías  si  antes  no  te  hubieras  convertido  en  ceniza!”[11].



[1] El malestar en la cultura. Freud. 117.

[2] Lipovetsky. La era del vacio, p. 176-177.

[3] Lipovetsky. La era del vacio, p. 180.

[4] Lipovetsky. La era del vacio, p. 186-187.

[5] Lipovetsky. La era del vacio, p. 190.

[6] Anthony Storr. La agresividad humana, p. 35.

[7] Psicología de las masas. Freud. 113.

[8] Los complejos y el inconsciente. Jung. 39,41.

[9] Nietzsche  y  la  filosofía. Gilles  Deleuze, p. 14.

[10] Anthony Storr. La agresividad humana, p. 73.

[11] así  hablo  Zaratustra. Friedrich  Nietzsche, p. 107.

Nork: astrozoro.2008/04/04 10:50:16.490 GMT+2
Etiketak: nietzsche oldarkortasuna lipovetsky jung freud | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/24 17:16:18.519 GMT+1

oldarkortasuna

Innatoa al da oldarkortasuna bere osotasunean?

 

Oraindik ere gai honek eztabaida biziak pizten ditu. Oldarkortasuna inpultso innatoa da, instintitboa, instinto sexuala bezala espontaneoki agertu nahi dena, edota kanpo egoerari egiten zaion erantzun ez instintiboa? Batzuen ustez, gizakiak ez du berezkoa oldarkortasuna, eta hauxe soilik agertzen zaigu nolabaiteko frustrazioaren ondorioz. Beste batzuen ustez, oldarkortasuna gizakiaren inpultso innatoa da, baina beti niaren aurka bideratzen dena, kanpora oso gutxitan zuzentzen delarik. Nire uste apalean instintiboa da neurri handi batean, inguru sozialak noski eragin itzela izaten badu ere. alde batetik, ez dugu ahaztu behar psikoanalisten azkeneko ikerketek ondorioztatutakoa, jaio berrien artean izaera innato ezberdinak ematen direla, oraindik ere gizartearen hatzaparretan jauzi ez direnean. Eta bestetik, ez dugu ahaztu behar gizakia oraindik ere animalia dela, eta gainontzeko animaliek berezkoa dutela oldarkortasuna. Egia da animalia guztiengan ematen dela oldarkortasuna, berezkoa dela zentzuren batean, baina, Aranguren-ek adierazi bezala, gainontzeko animaliak ez bezala, gizakia oldarkortasun hori extremoetara eramateko gai da. Aranguren-ek esan bezala, gizakia otso bat da gizakiarentzat, otsoa ez dena otsoarentzat. Guztion arteko borroka batetik gatoz denok, eta gure izaera biolento hori gure jainkoetan ere islatu dugu jainko zigortzaileak sortuz. Hauxe eragozteko sortu omen zuen gizakiak estatua, baina estatua ere biolentziaz zipriztindua izan da. biolentzia kutsakorra dela ematen du, hiriaren agintari eta zaintzaileek ere ezin baitute ihes egin beragandik[1]. Baina, zergatik gainontzeko animaliek ez dute gizakiek adierazten duten oldarkortasun bortitz hori? Anthony Storr-ek adierazi bezala, animaliek ez dute gaizkia egiten inolaz ere disfrutatzen. Katuak arratoiarekin jolasten duenean ez du bilatzen  umilaziorik edota mina luzatzerik, mugikorra den beste objekturen batekin bezala jokatzen du bere ehizatzeko gaitasunak prestatzeko eta hobetzeko. Gizakiak aldiz garatzen ditu mina modu ezberdinean eta gehiago egiteko bide berriak, eta askotan mina luzatzeko bide berriak ere asmatzera ailegatzen da besteen sufrimenduak plazerra eskaintzen diolako. Animaliengan ezin da esan sadismorik dagoenik, gizakiak baino ez du ondo pasatzen besteen mina eta pairamenarekin.

Sadismo oldarkor horrek gorrotoa ezkutatzen du mendeku-nahia agertzen denean[2]. Gizakiak, beste animalia askok bezala, badu mekanismo psikologiko bat behin estimulatuz gorroto sentimenduak pizten dituena eta gorputz osoa borrokarako prestatzen duena. Mekanismo hau estereotipatua da, Storr-en arabera, eta instintiboa. Haserre dagoen katu batek haserre dagoen beste edozein katuren baten antza duen bezala, gizaki haserreak ere gainontzeko gizaki haserreen antza du; hori bai, fisiologikoki berdintsu xamar jokatzen badute ere, egia da, gizakiak sentimenduak dominatzeko moduan ezberdintzen direla jaso izan duten heziketaren arabera[3]. Ez dago inondik inora gizon eta emakumeen artean ezberdintasunik zentzu honetan. Teoria batzuek gizonezkoengan oldarkortasuna handiagoa dela defendatzen dute, testosteronak sortzen duela defendatuz. Baina, beste animalia batzuekin egindako esperimentatuek ez dute ezer baieztatzen zentzu honetan. Rhesus tximino irendu edo zikiratuek ez dute oldarkortasun gutxiago adierazten. Gizakiak zikiratuak izan direnean ikusi izan da potentzia edo inpultso sexuala nolabait gutxitu egiten dela, baina oldarkortasunak bere horretan jarraitzen duela. Gizon zein emakumeak oldarkortasun maila berberera hel daitezke, zalantzarik gabe. Testosteronak eragina badu ere oldarkortasunaren garapenean, ez da inondik inora baldintza bakarra[4]. Gizartean dominio sexuala ez dago, Marvin Harris-en esanetan, tamainaren edota instinto oldarkorraren eskuetan, teknologiaren kontrolean baizik. Orain arte pentsatua izan da gizonezkoa oldarkorragoa izan dela eta horrez gero berak  lortu duela emakumearen gainetik gizartearen kontrola, baina ez da hola. Sexua edo generoa eta oldarkortasunaren artean egiten den lotura guztiz artifiziala da[5]. Baldintza berberetan emakumea gizona bezain oldarkorra izan daiteke, estruktura sozial matxista batek baino ez du gizona oldarkorragoa bilakatu gure begien aurrean.  Ondorioz, gizakiak berezkoa du oldarkortasuna, baina heziketak bezala, gainontzeko esparru edo testuinguru sozialak ere badu zeresanik. Gizakiak berezkoa duen oldarkortasuna handitu egiten da neurri itzeletan bizikidetzak eta gizarteak jartzen dizkion mugek sortarazitako ezinegonagatik.  Une horretan, oldarkortasunak edo ezinegonak ez du barnetik ateratzeko modurik aurkitzen eta barrurantz egiten du. Barneraturiko oldarkortasuna ni-aren aurka zuzendua da bortizki. Ezinegona ezin da beste batzuen aurkako oldarkortasunarekin askatu barneratzen den heinean, eta horrexegatik ni-aren aurka zuzentzen da[6]. Ondorioz, mugak jartzen dituen heinean mendebaldeko kultura litzateke mendebaldeko kulturadun gizakiaren oldarkortasuna handitzearen erantzulea.


[1] A  vueltas  con  la  religión. Manuel  Fraijó. Evd, p. 94.

[2] Anthony Storr. La agresividad humana, pp. 134-137.

[3] Anthony Storr. La agresividad humana, p. 29.

[4] Marvin harris. Nuestra especie, p. 245.

[5] Marvin harris. Vacas, cerdos, guerras y brujas, p. 103.

[6] El malestar en la cultura. Freud. 114.

Nork: astrozoro.2008/03/24 17:16:18.519 GMT+1
Etiketak: nietzsche sade instintuak storr freud oldarkortasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/19 09:40:20.673 GMT+1

gorputza-gogamena-kultura


Nietzschek gizakiaren esperimentazio aldakorra bultzatu nahi du, azaleratu, izateko modu ezberdinei irekitzea[1]. Markos Engelken-ek esaten duen bezala, gizabanakoaren identitatea ulertze-eraikitzea zeharo aldatu da denborarekin. Gizabanakoaren ikuspegi erromantikotik manipulatzaile estrategiko baten moduan ikustera pasatu gara, paper anitzak antzezten zituen gizabanakoa gisa. Egun gizabanakoak badaki bere burua askatasunezhautatzeko aukera duela, baina era berean niaren bilaketa amaigabean zeharo galtzen da. Gizakia pertsona ezberdinen arteko erlazio anitza da, pluralitatea. Egoeraren arabera beharrezkoa zaigun identitatea edo izaera askatzea beharko genuke unean behar dugun errola antzeztu ahal izateko. Baina, egia da, gizaki guztiek ezin dutela maskara dantzaldia gauzatu, batzuek ez baitakite noiz erabili behar duten zein eta horrez gero, tokatu zaiona edota ezarri zaiona baino ez du antzezten. Nietzschek aldarrikatzen zuen gizaki dionisiakoa paper ezberdinak egoeraren arabera antzezten ikasitako gizakia da. etengabeko saiakeran bizi dena, izatez badena izatera ailegatu nahi dena. Barnean ditugun indar guztiek, instinto natural zein  forma kultural ezberdinek, elkarrekin borrokatzen dute gorputza guda-zelaia bilakatuz. Indar horiek guztiek quantum bat dute, eta aktiboak zein erreaktiboak izan, guztiek nahi dute gainontzekoak dominatu. Gizakia zentzu bakarra duen indar multzoa da. gorputzaren kohesioa niarena da[2]. Indar batek, instintibo zein kultural izan, aktibo zein erreaktibo, gainontzekoak dominatzen dituenean gorputza finkatzen da, niaren zentzu bakarra. Aspaldi gorputzak ez zuen inolako garrantzirik subjektuaren eraketan, baina gauzak aldatuz joan dira. Gorputzak maskor edo enoltorio hutsa izateari utzi dio akenean. Aldaketek giza gorputza berddefinitzera eraman gaitu ezinbestean, Markos Engelken-ek adierazi bezala; sexualitatearen iraultza eta bere adierazpen publikoa, hedonismoak, osasunaren inguruko kezken handitzea, gorputzari egiten zaion kultua eta abar luze bat izan dira aldaketa hau posiblea egin ahal izan duten eragileak. Gizakiak gero eta gehiago hartzen du gorputza bere izaera edo identitatearen parte garrantzitsu baten moduan. Horrela, Markos Engelken-ekin batera, giza subjektua hirune batek osatua bezla auler dezaket: gorputza-gogamena-kultura. Elementu biologiko zein sozialek baldintzatzen dute gure adimenaren garatzea; elementu hauek ez diote adimenari muga hutsak jartzen, gaitasunak ere adierazten dituzte. Ondorioz, gogamenaren iturria bikoitza litzateke: bata mekanismo biologikoetan aurki dezakegu, eta bestea, aldiz, soziala litzateke. Gorputza elementu plastikoa da, baina indar ezberdinen arteko borroka bada ere, biologikoki neurtu daitezkeen inpultsoetara ezin dugu inolaz ere murriztu[3], lehenago aipatu bezala. Gure barneak fixoak eta malguak diren instintu naturalak ditu, baita kulturak gugan barneraturiko forma edo estruktura sozio-kulturalak; bizitza maitatzera eta gure burua etengabe gainditzera bultzatzen gaituzten indar aktiboak eta bizitza mesprezatu eta besteekiko dependentziara bultzatzen gaituzten indar erreaktiboak; gure barneak baditu agerian eta ezkutuan dauden indarrak. Psikoanalisiak ederki ere jakin izan zuen ezkutuko eta ageriko indarrak bereizten, kontzientea eta inkontzientea; inkontziente mantentzen den sistema psikikoari Freud-ek ni-a deitu zion, eta Jung-ek, aldiz, itzala; besteari, kontzienteari, kulturak sortutakoari Freudek superni-a, eta Jung-ek pertsona. Pertsona edo superni-aren eraketa kontzientzia moralari esker ematen da. Hauxe da gizakiak ezkutatzeko duen mozorroa edo maskorra[4]. Superni-a guk inferitutako sistema psikikoa da, eta kontzientzia sistema horren barneko funtzioetariko bat, beste askoren artean. Kontzientzia ni-aren ekintzak begiratu eta hauek epaituz zentzuratzera destinaturik dago[5]. Kontzientzia jaio zenean gizakiaren gaitz eta ekintza gaizkile guztien hasierari ireki zitzaion bidea[6]. Askotan, ni-a eta berau murriztu eta mugatu nahi duen superni-aren arteko borroka ematen da, lehen esan bezala, erru sentimendua sorraraziz, baretu eziniko kontzientzia. Kontzientzia bare edo garbi daukagu superni-ak sorturiko balore kulturalak komunitateak sortutakoekin bat egiten duenean, bestela, irizpide biak ez badatoz bat sortzen dira kontzientzia arazoak. Kontzientzia moralak bere irizpidea eta edukia aldatuz doa beti ere arau kolektiboen beharren arabera[7]. Kontzientzia morala instintoen ukapenaren ondorioa da. instintoak ukatzeak kontzientzia morala sortzea ahalbidetzen du, era berean, ukapen berriak exijituz. Baina, ukapen instintual oro ni-aren kontrako atake bat da, edo horrela bizi du behintzat ni-ak. Kontzientziarik gabeko animaliek naturarekin bat eginik ez dizkiete instintuei mugarik jartzen, baina naturaren askatasun hotz eta gordina bizi beharra dute. Naturak jartzen dituen arrisku hauei aurre egiteko behar izan zuen gizakiak albokoaren laguntza, elkarlaguntza, eta horrez gero batu ziren zibilizazio sortuz[8]. Freud-ek onartu bezala, hau guztiaren atzean ideia argi bat dago, gizakia ez dela maitasuna poroetatik isurtzen duen animalia maitakorra, soilik defendatzeko atakatzen duen horietarikoa, baizik eta oldarkortasuna berezkoa duen animalia, gainontzeko animaliak baino biolentuagoa. Gauzak horrela, hurkoa ez da soilik elkarlaguntzarakoa edo sexualitaterako onuragarria eta baliagarria den gizaki bat, bere oldarkortasuna gauzatzeko ere balio baitu askotan, umiliatzeko, sexualki bortxatzeko, sufriarazteko edota hiltzeko. Homo homini lupus?  Gizakien arteko liskar amaigabeen aurrean gizartea apurtzear aurkitzen da etengabe. Kulturak gizakiaren oldarkortasunari jartzen dizkio mugak etengabe, baina oso zaila egiten zaio. Azkenik, muga guztien gainetik, agertzen zaigu azkenik bortizkeria edo oldarkortasuna. Horrez gero, uneren batean, amaitzen dugu, Freud-ek esan bezala, hurkoarengan jarritako ilusioak eta itxaropena baztertzen[9]. Uneren batean mesfidati agertzen gara halabeharrez. Giza izaeraz gero eta jakitunago agertzen gara, bere barnean dagoen oldarkortasunaz, eta horrek guztiak ezkortasun edo pesimismo bortitz batera bultzatzen gaitu.


[1] En  torno  al  superhombre. Diego  Sánchez  Meca, p. 159.

[2] Nietzsche  y  el  círculo  vicioso. Pierre  Klossowski, p. 53.

[3] Nietzsche. La  experiencia  dionisiaca  del  mundo. Diego  Sánchez  Meca, p. 124.

[4] Psicología profunda y nueva etica. Eric Neumann. 48-49.

[5] El malestar en la cultura. Freud. 126-127.

[6] Los complejos y el inconsciente. Jung. 21.

[7] Psicología profunda y nueva etica. Eric Neumann. 46-47.

[8] Psicología de las masas. Freud. 152.

[9] El malestar en la cultura. Freud. 102-103.

Nork: astrozoro.2008/03/19 09:40:20.673 GMT+1
Etiketak: nietzsche gogamena gorputza kultura freud | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/04 14:44:15.624 GMT+1

giza natura

Obeditzea eta agintzea gizateriaren garapenean bizirik aurkitu ditzakegun fenomenoak dira, baina ez soilik gizateriaren garapenean, animalien garapenean ere horrela da. boterearen manifestazioak ere animalien munduan ematen baldin badira, ez da harritzekoa animalia den gizakiaren munduan ere agertu izana. Oldarkortasuna, animalien eta gizakien artean ematen den manifestazioetariko bat, naturak erabiltzen omen du bizirauteko estrategia gisa. Animalietan, orokorrean, badira alfa izeneko agintzen dutenak eta agintzen ez dutenak ere, omega izenez ezagutuak direnak. Baina, nola bilakatzen da animalia bat alfa edo omega? Oso arraroa da hasieratik alfa den animaliaren bat aurkitzea, orokorrean merituak egin behar ditu estatus hori bereganatzeko. Guztiengan, dominatzaile eta sumisoengan, bi indar kontraesankorrek borrokatzen dute: dominaziorako joera eta sumisiorako joera. Baina, egia da bi indar horien arteko borrokaren ondorioz ez dela izaki bat dominatzaile edo dominatu bilakatzen, bilakabide honetan aspektu genetiko eta kulturalek eragina baitute. Zein neuritan eragiten digute aspektu genetiko eta kulturalak?

Lorenz-ekin bat eginez, ez dut uste gizakiaren izaera edo jokamoldea soilik inguruak determinatua denik. Badaude instintiboak diren kausak ere. Inpultso edo instintu hauek kanpo eragileek piztuak edota blokeatuak izan badaitezke ere, agertzeko ez dute beti kanpo eragilerik behar, barne eragileren batek bultzatuko balitu bezala. Ondorioz, Lorenz-ek eta Freud-ek berak egin zuten bezala, uste dut gizarte industrializatuaren eta instintu innatoen artean konflikto bat dagoela orokorrean. Gustatuko balitzaidake ere, ezinezkoa iruditzen zait Sartreren existentzialismoak ematen digun ikuspegia onartzea. Sartreren ateismoa nolabait konpartitzen badut ere, ez dut uste jainkoaren heriotzak ezinbestean gizakia absurduan ondoratzen duen. Egia da balore gabeziak bakardadean uzten gaituela dena berrasmatzeko premiarekin, baina gizakia ezin da inolaz ere guztiz askea izan bere hautaketan, barne indarrek eta kanpo eragileek etengabe eragiten baitiote. Egia da, existentzialismoak defendatu bezala, gizakia ez dela helburu finkoren batentzako egina izan, are gutxiago jainkoren batek edota eboluzioak sortua, baina zaila egiten zait unibertsalak diren zenbait ezaugarriren existentzia ukatzea. Ene aburuz, Fromm-ekin batera, giza natura ez da fixoak diren inpultso innatoen batura hutsa, ezta forma kulturaleetara egokitzen bizirik gabeko itzal hutsa. Giza eboluzioaren ondorioa da. gauzak horrela, badira gure barnean eboluzioaren ondorioz fixoak diren heredatutako instintuak. Fromm-en hitzetan, izakiak konplexuagoak bilakatuz doazen heinean desagertuz doa horien instinto naturala. Gizakian bereziki egin dute atzera instintoek, baina atzera egite horrek ez du esna nahi oraindik instintorik ez dugunik. Gizakiak aspaldi borrokatu behar izan du gogorki naturak jartzen zizkion oztopoak gainditzeko gainontzeko animaliek zituzten instintorik gabe honetarako zenbait bide ezberdin bilatu behar izan zituelarik. Baina, egoera zail honek, nolabaiteko instinto gabeziak, giza garapena bultzatu zuen bortizki. Gauzak horrela, Eric Fromm-ek esan bezala, gizakiaren ahultasun biologikoa giza kulturaren kondizioa izan da[1]. Faktore genetikoek eragina izateari uzten zioten heinean gero eta gehiago eragiten hasi ziren lehenago existitzen ez ziren faktore kultural horiek, azken hauek gure barne instintoei mugak eta zedarriak jartzen zizkietelarik. Inkontzientea, eta berarekin instinto natural guztiak inpultso instintibo oro inkontzientetik habitatzen direnetik[2], gero eta gehiago ezkutatuz doan heinean agertuz doa kulturaren produktua den kontzientzia. Horrelaxe sortzen da kultura eta instintoen arteko guda, superni-a eta ni-aren artekoa borroka liskartsua, kontzientea eta inkontzientearen artekoa, indar ezberdinen arteko borroka liskartsua. Gizakiaren barnea, gizakia bera, kaosa da. nietzschek aldarrikatu bezala, gizakia ezkutuan dauden “ni” ezberdinen arteko botere erlazioak da, elkarren aurka borrokatzen duten bizi-indarren multzoa, pentsamendu indarren multzoa Deleuzek esango lukeen bezala[3]. Subjektua, beraz, nia bezala, nahi edo izaera ezberdinen aniztasuna ezkutatzen duen unitate asmatua baino ez da. nia gure pentsamenduak baino ez du jartzen.


[1] Miedo a la libertad. Eric Fromm, p. 59.

[2] Psicología de las masas. Freud. 110.

[3] Nietzsche. Gilles  Deleuze, p. 15.

Nork: astrozoro.2008/03/04 14:44:15.624 GMT+1
Etiketak: nietzsche fromm giza-natura lorenz | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/22 10:18:46.150 GMT+1

gora terrorismoa

terrorista omen da izua zabaltzen duen hori, normalean erabiltzen dugun adieran izua bortizkeria edo oldarkortasunarekin batera badator ere. Izu globalaren garai honetan, ulrich beck-ek adierazten digun bezalaxe, arriskuen beldur ere bizi gara. soziologian adituaren aburuz, egungo arriskuak berriak ez badira ere kasu askotan, modu berrian hartzen ditugu behintzat. etorkizunean gainera etorriko zaizkigun hondamendien arriskuaren beldurrarekin bizi omen gara. halaxe gertatzen da ekologismo berriarekin. zentral nuklearrek sortu dezaketenaren beldur bizi gara, "calentamiento global"-aren beldur ere bizi omen gara asko. arrisku hauek guztiei dagokigu, ez da klase bakar batek paira dezakeen mina, guztion gainera etor daitekeena baizik (klase dominanteek gaitz honen aurrean besteek baino abantaila handiagoak badituzte ere salbu geratzeko). ba...ematen du estatu espainola aspaldiko beste arrisku zahar baten beldur sentitzen dela oraindik ere. baina kasu horretan, mina gizatalde bakar batek paira dezake, eta ez guztiok. izan ere, horrenbeste izutzen duen arrisku hori oso aberasgarri eta osagarri iruditzen zaigu beste askori. euskararen arrisku handiaz ari natzaizue. azkenengo urteotan UNESCOk euskarari buruz agertutako txosten larriarekin bat egin nahiko lukete, eta berau errealitate bilakatu. baina, estatu espainolak bere makinaria guztia martxan jartzen badu ere teoria hori errealitate bilakatzeko, ematen du euskarak ez duela desagertu nahi, eta are gehiago, zabalduz eta hedatuz doala. eta horrek guztiak izutzen omen ditu gobernari eta intelektual espainol nazionalistak. Cesar Vidal bezalako teologo eta sasi-historialariak gure hizkuntzaren aurkako teoria eta ikuspegi nazkagarriak isurtzen ditu, epaileek adierazpen askatasuna murrizteaz gain euskal nortasunarekin zerikusia duen oro itxi edo zentzuratzen dute, eta, anekdota gisa, helbide elektronikora orain dela gutxi sartu zitzaidan euskal herriko emakumeak zetazeo deitu eta beraien titietaz barre egiten zuen sasi-kazetari baten artikulua. baliteke Kosovon azken egunetan gertatutako mugimenduak ere zerbait izutzea. modu batean zein bestean, euskaldunak izutzen ditu, euskarak izutzen ditu, eta beldur horri aurre egiteko zentzu ezkor batean terroristatzat hartzen gaituzte. euskaraz mintzatzen den oro terrorista omen...euskararen alde borrokatzen duena terrorista bada, ni ere naiz terrorista. gora terrorismoa! gora euskara! egunkaria libre!

Nork: astrozoro.2008/02/22 10:18:46.150 GMT+1
Etiketak: euskara terrorista egunkaria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/13 13:43:36.411 GMT+1

egunkaria

Nork: astrozoro.2008/02/13 13:43:36.411 GMT+1
Etiketak: adierazpen_askatasuna egunkaria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/11 17:12:43.255 GMT+1

biktimak eta memoria

Biolentziak eta oldarkortasunak biktimak utzi ditu bazter guztietatik. Benjaminek bezala, askok eta askok nahi izan dute hildakoak berpiztea eta suntsitutakoa berregitea[1]. Nola ez? Baina ez dut uste, Horkheimer-ekin batera, iraganean egindako akatsak eta injustiziak konpondu daitezkeenik; biktimak biktimak dira benetan, ez dute jada etorkizunik[2]. Biktimak oroitzea baino ez zaigu geratzen, besterik ez. Eta ikasi, ikasi akatsak ez errepikatzen, eta etorkizunean datozkigun gaitzak modu hoberenean bizitzen.


Nietzschek adierazi bezala, mina ez da saihestu beharrekoa gauza bat, ezin baikara beragandik ezkutatu. Mina ez da gaixotasun bat, eta ez du bizitza nazkagarri bihurtzen. Horrez gero, mina ez da ahaztu eta saihestu behar den gauza bat, gainditu beharrekoa baizik, azkenera arte berau esperimentatuz[3]. Ongiak eta gaizkiak elkarri eman diote eskua bidai honetan, nahitaez. Ongi jarraia zein zorigaitz jarraia ezinezkoak dira, plazerra esperimentatu ahal izateko mina edota pairamena esperimentatu behar izan dugulako, eta alderantziz. Ongia ezin da gaizkirik gabe izan. Gauzak horrela, mina eta sufrimendua ezin dira bizitza honetatik uxatu, bizitzaren osagarri baitira. Existentziak berezkoa du mina, ongia edo plazerra bezala. Honek ez du esan nahi minaren atzetik joan behar dugunik, baina bai berarekin bizitzen ikasi behar dugula. Mina gogoan izan behar dugu, ahal den neurrian etorkizunean errepika ez dadin. Honetarako oso beharrezkoa dugu memoria, Benjaminek adierazi bezala, gizakiak iraganeko gertakizun ikaragarri eta nazkagarriak errepikatu ez ditzan[4]. Eta, memoria aldarrikatzen den unean, guztiontzako memoria aldarrikatzen da. biktimak ez dira gogoan izan behar ditugun bakarrak, borreroak ere gogoratu behar ditugu ezinbestean, baina inolaz ere mendekua bizirik mantentzeko edota zauriak sekulan ixteko. Zertarako gogoratu orduan borreroa? Gu guztiok bata zein bestea edota biak aldi berean izateko aukera dugulako[5]. Memoria zabala aldarrikatzean biktimen sufrimendua zein borreroen testuingurua kontuan hartzeko da. hala ere, Nietzschek aldarrikatzen zuen memoria selektiboa ekarri beharra daukat hona, ahazten ere badakien memoria; neurri batean, nola ahaztu  behar den ere gogoratu behar dugu. Lehenago garatu bezala, une txarrak gogoan izan behar ditugu berriz errepikatu ez daitezen, baina erretinan gordeta geratzen diren argazki horiek ez dute  erresumin eta mendeku aztarnarik utzi behar. Jorge Mendozak mantentzen duen moduan, gizarteak bizi duen armonia ezaren erantzule bakarra ez da borreroa, biktima ere bada bere erresuminak eta mendeku-nahiak konfliktoa bizirik mantentzen duelako.

 Erresuminaren memoriari ez diogu biderik utzi behar mendeku-nahia agertu ez dadin. Horrexegatik jakin behar da ahazten, mendeku-nahiak iraganeko biktimak etorkizunean borrero bilakatu ditzakeelako eta borreroak biktimak. Talion-en legeak betiereko itzuleran sar gaitzake betiko. Bestetik, biktimak pairatutako injustiziak justu bilakatzen al du mendekua? Berriz ere sartzen gara subjektibotasunaren esparruan. Jorge Mendozak adierazi bezala, gertakizunen inguruko interpretazioak gertakizun horiek bizi izan dituzten talde edo kolektiboen araberakoak izango dira. Ez dago gailentzen den interpretaziorik justiziaz ari garenean, gertakizun beraren inguruko interpretazio ezberdinak baino ez daude. Memoria kolektiboren bidez talde bakoitzak gertakizunaren interpretazioa hurrengo belaunaldiei komunikatzeko aukera izaten du, eta horrela, holokaustoa edota gerra zibilaren inguruko informazio izan dezakete gertakizuna bera bizi izan ez badute ere. baina, ezagutza horrek, nola ez, subjektiboa jarraitzen du izaten, interpretazio bat baino ez.  Belaunaldi ezberdinek jarraipena ematen diote gertakizun edo konflikto bati, gehienek berau bizi ez badute ere. nola eman amaiera ibilbideari? Nietzschek, egoera honen jakitun, diskoaren moduan funtzionatzen duen memoria selektiboa aldarrikatzen zuen, indar zentrifugoaren bidez erresumin eta mendeku-nahi oro gogotik at kanporatu eta indar zentripetaren bidez etorkizunerako positiboak diren irakasgaiak gordetzen dituen memoria. Suntsikorra den oro ahaztu nahi zuen Nietzschek, berak baitzekien gehiegi ahazteak edota txarto ahazteak ekar ditzakeen arazo larriak. Greziar tragediarekin batera, izpiritu dionisiakoarekin batera, greziarrek gogoratzeko eta ahazteko zuten ohitura gurera ekarri nahi zuen. Jorge Mendozak gogoarazten digun bezala, Grezia klasikoan guda baten ondoren garaileak ez zion sekulan galtzaileari gertakizuna gogorarazten. Greziarrak memoriaren ingurukoan lehenak izan baziren, ahaztearenean ere paper berbera izan zuten. Baina, ikuspegi honetan datza lehenago aipatutako ahaztearen arriskuetariko bat. Dominatzaile batzuek ederki ere jakin izan dute ikuspegi hau esplotatzen. Boterea eskuartean izan duten dominatzaile askok jakin izan du herriari nola esan konfliktorik sortu gabe zer gogoratu eta zer ahaztu behar zuten, beti ere dominatzaileen interesen arabera. Dominatzaileek iraganaren ikuspegi bakar bat, beraiei ondo datorkiena, zabaldu nahi dute gainontzeko guztiak lurperatuz. Eta ekintza hau aurpegiratzen zaienean ederki ere dakite arriskua saihesten iraganera begiratu behar ez dela esanez; etorkizunera baino ez da begiratu behar hortxe baitago progresua. Iraganaren inguruko interpretazio aniztasuna oso arriskutsua da boterean dauden dominatzaileentzako. Hala ere, memoria kolektiboek lortzen dute aniztasunak aurrera egitea. Gauzak horrela, gizakiak jarraitzen du sufritu izan duen guztia gogoratzen eta sufriarazi duena ahazten, gaizkia gurekin mantenduz.



[1] A  vueltas  con  la  religión. Manuel  Fraijó. Evd, p. 109.

[2] A  vueltas  con  la  religión. Manuel  Fraijó. Evd, p. 111.

[3] Nietzsche. La  experiencia  dionisiaca  del  mundo. Diego  Sanchez  Meca. Tecnos, p. 170.

[4] A  vueltas  con  la  religión. Manuel  Fraijó. Evd, p. 114.

[5] De  la  realidad  de  la  violencia  a  la  no-violencia  como  utopia. J. Muguerza. Revista  Internacional  de  Sociología 2, p. 118. A  vueltas  con  la  religión. Manuel  Fraijó. Evd, p. 116.

Nork: astrozoro.2008/02/11 17:12:43.255 GMT+1
Etiketak: oldarkortasuna biktimak memoria biolentzia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)