Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/04 10:50:16.490 GMT+2

oldarkortasun aberasgarria (nahiak)

Gizaki primitiboak, bere gainera etorritako gaitz baten ondoren, ez du bere ezinegona edo oldarkortasuna beste baten aurka edo bere barnearen aurka zuzentzen, fetitxe baten aurka baizik. Fetitxeak ez du bete bere eginkizuna, eta horrez gero, bortizki jipoitzen du bere ezinegona baretuz, baina inoiz ez besteren bat edo bere barnea[1]. Egia da gizaki primitiboengan ere mendekua agertzen dela askotan, baina Lipovetsky-k adierazi bezala, mendekua beste modu ezberdin batean ulertzen zuten. Mendekua lege bilakatzen da, erregela fundamentala denak ondo funtzionatu dezan. Munduan aldaketak saihesteko mekanismoa zuten. Mendeku biolentzia giza instituzioa zen. Mundua orekan mantentzera zuzendutako biolentzia zen, bizidunen eta hildakoen artean simetria ezartzeko bidea[2]. Krueltate primitiboak ez zuen plazeri bilatzen mina egiterakoan; plazerra aurkitzen zuten mendekua gauzatzerakoan horrela pairatutako mina edota umilazioak bueltatzen zituelako. Mendekua eta bortizkeria aldaezina zen orden soziala mantentzeko bideak ziren[3]. Estatuaren agerpenak eraldatzen du ikuspegia nahikotxo. Estatuarekin boterea eta legitimitatea mina egiteko edota mendekuak gauzatzeko bakar batzuek esku geratzen da berdintasunarekin amaituz. Gobernari edota dominatzaile boteredunek mina egiten hasi ziren beraien interesengatik, eta inolaz ere ez gizartean oreka bat mantentzeko. Estatuarekin ohoreak eta mendekuak jarraipena izan dute, ohituren krudeltasunak bezala. Gizarte primitiboetan zegoen krudeltasuna guztiz eraldatzen du estatuak bere orden hierarkikoaren bidez[4]. Eliasek adierazi bezala, askatasunez biolentzia askatzen zen gizarteetatik pasatu gara gero inpultso oldarkorrak erreprimitu egiten diren gizartera. Orain gizartearen oreka mantentzeko ez dugu gure oldarkortasuna askatu behar, baizik eta erreprimitu; gizakiari auto-kontrola eskatzen zaio oraingo honetan[5]. Baina gizartearen oreka edota bakea ez dira oldarkortasuna barruan mantentzera bultzatzen gaituen elementu bakarra. Moralitateak zein inperatibo ezberdinek eragin zuzena dute. Gizaki primitiboek ez zuten erru sentimendua guk bezala bizitzen ez baitzuten ezberdintzen ni-a eta superni-a, beraientzat kolektiboa baino ez zegoen eta. Modu batean zein bestean, oldarkortasunak hor jarraitu du, bai gizarte primitiboetan, erdi aroan, modernitatean zein egun. Gauzak horrela, aurreko guzia esan ondoren zera ondorioztatu daiteke, oldarkortasuna gizakiak berezkoa duen instintoa dela, baina, zer nolako instintoa dugu oldarkortasuna? Autokontserbaziorako nahitaez behar du animaliak barnean oldarkortasuna, biziraun nahi bada askotan oztopoak gainditzeko beharrezkoa duelako. Erraz pizten den mekanismo instintiboa dugu beraz oldarkortasuna, Storr-ek adierazi bezala. Bere ustez, oldarkortasuna sexualitatea bezain instintiboa eta innatoa dugu[6]. Baina, sexualitatearekin bezala, oldarkortasunak pizteko behar du ezinbestean kanpo estimuluren bat. Eta ados nago berarekin oldarkortasuna instintu sexuala bezain garrantzitsua dela esaterakoan. Izaki bizidunen joera ez da Darwinek esan bezala bizirautea, joera hori kontserbatzeko instintoak dominatzaile bezala dituen gizakirengan baino ez da ematen eta, gizaki pasiboengan. Nietzschek adierazi bezala, gainontzekoen joera beraien burua gainditzea litzateke, botere-nahia handitzea, eta ez kontserbazio sen hutsa. Freudek esan bezala, errepikapena indarrean jartzen duten instinto kontserbadoreekin batera badira beste batzuk progresatzera eta aurrera egitera bultzatzen dutenak[7]; instintu indartsu hauei Jung-ek nahia deitu zien. Pentsalari honen aburuz, nahia deitzen duen hau gizateriaren konkistarik handienetarikoa dugu, indar sortzailea. Honek ez gaitu gainontzeko animaliengandik bereizten, baina bai esan beharra dago, animaliek instintu mordoa badute ere, nahia kantitate txikitan dutela. Nahia gure barneko ezkutuko  eremu sortzaile horren zatia da[8]. Edozein organismoren barruko indarren moduan, nahiak, botere-nahiak, beraien artean erlazionatzen dira. Nahiek beste nahien gainean baino ezin dute ekin, inoiz ez materia baten kontra[9]. Oldarkortasuna ez da, beraz, bizirauteko soilik beharrezkoa dugun instintoa, gehiago ere bada, Storr-ek adierazten duen bezala. Oldarkortasuna, funtsean, ezin da esan ona edo txarra denik, bizirauteko eta gure burua gainditzeko instintua baino ez da; baina, egia da, lehenago adierazi bezala, instintu hau oso arriskutsua bilakatu daitekeela eta bilakatzen dela blokeatu edo frustratzen denean. Orduan bai esan daiteke nolabait txarra izan daitekeela; baina baditu beste ezaugarri on asko ere, askotan ikusi nahi ez direnak. Clara Thompson-en aburuz, oldarkortasuna ez da zergatik suntsikorra izan behar. Hazi eta bizitza dominatzera zuzenduta dagoen instintua da bai, organismo bizidun orok bere baitan duena. Inpultso honek ere gizakia independente eta autonomoa izatera bultzatzen du etengabe. Storr-ek mantentzen duen moduan, gure burua gainditzera bultzatzen gaituen inpultso horrek aurkariak behar ditu, kontra egiten dioten indarrak. Oldarkortasuna askatu beharra dago, sexualitatearekin gertatzen den moduan, baina, berau askatzeko aurkaririk ez dugun heinean barrura egiten du gure kontra eginez, niaren aurka[10]. Honek ez du esan nahi, hala ere, gizakiak oldarkortasuna askatu behar duenik besteen aurka azken hauek dominatu ahal izateko. Horixe da, Nietzscheren ustez, esklaboak edo pasiboak egiten duen interpretazio okerra. Oldarkortasunak ez du, botere-nahiak ez duen moduan, boterea bilatzen, ezta dominaziorik ere. oldarkortasuna, botere-nahia bezala, ez da borroka darwindarraren moduan ulertu behar. Oldarkortasunak boterea du ez soilik bizirauteko, baizik eta balio aldaketa gauzatzeko ere, suntsitzeko gaitasuna badu ere, sortzeko gaitasuna ere baduelako. Oldarkortasunak, botere-nahiaren indarretan garrantzitsuenetarikoa izanik, gure burua gainditzera bultzatzen gaitu ezinbestean. Nietzschek berak erakusten duen bezala, gure burua gainditzeko gehienetan, ez bada beti, suntsitzearen beharra daukagu, eta horretarako ezinbestez beharrezkoa zaigu oldarkortasuna. Gure burua gainditzeak gure heriotza suposatzen du, berriz ere bizitzara bueltatu ahal izateko.

 

            “Tienes  que  querer  consumirte  a  ti  mismo  en  tu  propia  llama: ¡como  te  renovarías  si  antes  no  te  hubieras  convertido  en  ceniza!”[11].



[1] El malestar en la cultura. Freud. 117.

[2] Lipovetsky. La era del vacio, p. 176-177.

[3] Lipovetsky. La era del vacio, p. 180.

[4] Lipovetsky. La era del vacio, p. 186-187.

[5] Lipovetsky. La era del vacio, p. 190.

[6] Anthony Storr. La agresividad humana, p. 35.

[7] Psicología de las masas. Freud. 113.

[8] Los complejos y el inconsciente. Jung. 39,41.

[9] Nietzsche  y  la  filosofía. Gilles  Deleuze, p. 14.

[10] Anthony Storr. La agresividad humana, p. 73.

[11] así  hablo  Zaratustra. Friedrich  Nietzsche, p. 107.

Nork: astrozoro.2008/04/04 10:50:16.490 GMT+2
Etiketak: nietzsche oldarkortasuna lipovetsky jung freud | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.