Suzko txakurrak erresuminagatik barneraturiko indar erreaktiboak errepresentatzen ditu; herri xehearen erresumina eta mendeku nahia islatzen ditu; iraultza sozialetan bukatzen duen sentimendu erreaktiboa baino ez da. Badiouk esan bezala, suzko txakurra ekaitza kolektiboaren, matxinadaren aktore edo bozeramaile iraultzailea da[1]. gizaki nihilista, gizaki erreaktibo eta dekadentea, bizitza beraren aurka altxatzen den gaixotasuna da. gauzak horrela, Nietzsche egungo posmodernismoak egindako analisi politikoari aurreratu zitzaion iraultza politiko-sozialen porrota iragartzerakoan. Iraganean gertatu izan diren iraultza guztietan suzko txakurrak ozenkiegi garrasi egin bazuen ere, ez zuten sekulan lortu benetan lortu beharrekoa; ez zen inolaz ere benetako iraultzarik eman, Albert Camusek ulertzen duen moduan ulertzen baldin badugu iraultza. Ahohandien matxinadak baino ez ziren izan. Askatasunaren edota beste ongiren baten izenean ozenki oihukatu bazuten ere, sekulan ez du iraultza bakar batek historia bitan banatu. Denek izan zuten askatasuna desiratua aldarrikapen, baina saiakera guztiek nahi izan zuten izaera unibertsala izan. Askatasuna iraultza guztien aurretik joan izan da eta honen izenean gehienetan armak hartzera heldu dira, Camusek esan bezala, erru sentimendua eta biolentzia zabalduz[2]. Modu batean edo bestean, utopia bakar batek ere ez du lortu bere helburua, iraultza bakar bat ere ez da izan benetako iraultza bat terminoa astronomian hartzen duen zentzu bera ematen baldin badiogu. Iraultza bakarra eman daiteke, benetakoa, azkenengoa, historia bitan bana dezakeena[3]. Esan daiteke, beraz, etorkizuneko lagunen komunitateari hots egiten dionean ez duela komunitate utopikorik bilatzen. Ez zuen uste historiak amaieraren bat izan dezakeenik non lortu daitekeen bake mundiala; are gutxiago utopia erlijiosoek aldarrikatutako eta zin eginiko gozoen lorategirik. Utopien alde onak aitortzen baditu ere, ezin du inolaz ere utopia ororen amankomuneko bi printzipio onartu. Lehenengoa, utopiek bilatzen duten homogeneizazioa litzateke. Lehen aipatu bezala, Nietzschek ez zuen homogenizaziorik, aniztasuna baizik, ezberdina izateko eskubidearen gauzatzea. Ezberdintasunaren apologia argia egiten zuen.

Gizateri
osoaren garapen osoa da onartu ezin dezakeen bigarren printzipio nagusia.
Kultura bakoitzean etengabe eten, apurtu eta atzera egiten duen garapenean
sinisten du, baina Sanchez Mecak esan bezala, helburu edo amaiera metafisikorik
ez duen garapena litzateke[4].
Horrexegatik, historiaren amaiera aldarrikatu eta iragartzen duten guztien
aurka egin zuen. Hegel-ek historiaren amaiera 1807-an jarri zuen,
saintsimoniarrek 1830 eta 1848-ko iraultzak azkenengoak zirela adierazi zuten. Era
berean, erromantizismo itsu berarekin, Marxek ere historiaren amaiera iragarri zuen, baina aurrekoak baino
azkarragoa izanik ez zuen datarik finkatu. Baina, profeziek, zenbait milioiren
itxaropena pizten dutelarik, helburua gauzatu behar dute nonoiz. Camusek
adierazi bezala, heltzen da momentu bat non itxaropena etsipen bilakatzen da
eta honi aurre egiteko beste bide bortitzagoak eta biolentoagoak bilatzen dira[5].
Doktrina hauek guztiek konpartitzen dute kristautasunarekin, marxismoak ere
konpartitzen duen moduan, kultura greziarrarengandik urruntzen dituen mundu
ikuskera. Jaspers-ek adierazi bezala, gizakien historia bakarratzat hartzea
pentsamendu kristaua da zalantzarik gabe. Camusen hitzetan, Marx jainko
historikoaren Jeremias-a litzateke, iraultzaren Hiponako Agustin-a bezala.
Oraindik gaur egun, Santiago Castro-Gomez-ek esan bezala, badago profezietan
itxaropena duenik. Hardt eta Negrik, adibiderako, Marxen espektroa
aldarrikatzen dute; mesiasa gure artean dagoela oihukatzen dute, oraindik ere
helburua lortu ez bada ere. gizateria oraindik ere desertuan galdua dagoenaren
erakusle. Derridak aitortu bezala, desertuko gizakiak oraindik ere existitzen
ez den mundu batean jarraitzen du sinisten oraina aldatu ahal izateko. Baina,
Hegelek esan bezala, “izan behar duena” bilatzerakoan munduaz ahaztu egiten da
gizakia intentzio hutsen munduan galduz[6].
Ikuspegi honi deitu zion Derridak desertuko mesianismoa. Orainaren ordena
ukatuz jartzen dituzte itxaropenak etortzear dagoen eta guztiz ezberdina den
beste orden batean. Nietzscheren ustez, ez da lekurik egon behar eguna eta
ordua jakin nahi duen mesianismoarentzat. Egoeraren jakitun, mesianismoari
kontrajartzen zion Derridak mesianikoa, espektatibarik gabeko itxaropena. Hala
ere, Hardt eta Negri bezalako pentsalariek jarraitzen dute mesianismoa
aldarrikatzen, mesiasarenganako itxaropenak gauzatu dezakeelako aldaketa
desiratua. Hauen ustetan, profeziaren garapenari hasiera eman zaio gure begien
aurrean. Baina, Santiago castro-Gomezek argitu bezala, aldarrikatzen den
mesiasa ez da inondik inora pertsona bat, ezta zenbait pertsonek osatzen duten talde
espezifikoa, dispositibo bat baizik.
Idatzi artikulu bat