2007/10/11 15:58:08.498 GMT+2
Gogoratzen naiz Eguzkibegi ikastolan Ekhia sortu zen urte haietan ( orain 8 urte inguru) ikasle sortzaileetako batek, Begoña Eguzkitzak, zelan esaten zuen Euskara berez berez. Behar bada bazeukan esaldi horrek bere aitagandik ere zeozer. Bai Eguzkiri eta bai niri be Euskerak berez berez irtetzen deusku, erderak baino errezago.
Hala ere gaurko egoera ez da hori, gaurko ume eta gazterik gehienek eta hain gazteak ez diren gehienek ere berez berez erderaz egiten dute, eta euskaraz egiteko sarritan ahalegin berezia egin behar dute. Hori onartu beharra dago, arrazoi askogaitik egoera horretan gaude.
Baina askok eta askok egoera hori aldatu egin gura dugu; ikastolak, euskaltegiak, Euskararen Kontseilua, herrietako eukara taldeak egoera horri buelta emateko asmoz sortu dira eta ahalegin itzelak egiten ari dira; batzuetan erakundeen laguntzaz ( Udalak, Aldundiak, Jaurlaritza ), eta beste batzutan euren indarrez bakarrik.
Bistakoa da helburu oso zaila dela Euskal Herri osoan euskara normaltasunez eta esparru guztietan erabiltzea, baina kontuan hartzekoa da baita ere asko lortu dela eta oso osorik ere lortuko dugula.
Badakigu mirariz eta bat-batean ez dugula lortuko helburu zoragarri hori, Euskal Herri euskalduna, eta urratsez urrats joan behar dugula; badakigu baita ere bidean kontraesan asko sortzen direla; esaterako, euskararen aldeko ekintzen antolatzaileek erdaraz egitea euren artean, seme-alabekin euskaraz egiten duten gurasoek euren artean gazteleraz aritzea ......
Ikastolakideen artean ere horrelako kontraesank askotan sortzen dira: arlo eta toki guztietan euskaraz egiteko zailtasunak, lagun ez euskaldunak tartean izatea, moda eta konplexuak... Baina horrek ez gaitu etsitzera eraman behar, zailtasun horien arrazoiak aztertu eta gainditzera baizik; egiten diren eta egiten ditugun ahaleginek, eta asko dira, bide zuzenean jartzen gaituztelako.
Zentzu honetan Ekhiak urtez urte egiten duen lana guztiz txalogarria da: hainbat ekintza eta kanpaina antolatu eta bideratu dituzte Ekhiatarrek azken urte hauetan, eta geroago eta indartsuago ageri da taldea; eta horrek izango du eragina euskararen erabilpenean gaur, bihar eta etzi.
Bide horretatik, urriaren 19an hasiko duzuen EUSKERAREN ALDEKO kanpainan gogotsu eta indartsu hastera animatu gura zaituet Muxikatik hor ikastolan aktiboan zaudeten irakasle, ikasle eta guraso guztiok; badakit batzuk erantzunkizun handiagoak hartuko dituzuela eginkizun horretan, beste batzuen animatzaile lana zeuen gain hartuz.
Sarritan isilekoa den animatzaile eta zirikatzaile lan hori behar beharrezkoa da, eta benetan txalogarria, txalo asko jasotzen ez baditu ere. Hor izango dira Idoia eta beste irakasle batzuk jo eta su bata eta bestea animatzen. Horretan ibiliko zarete baita ere DBHko ikasle batzuk, bereziki 3. eta 4.mailakook, zuen inguruan giroa berotu nahian eta ekintza konkretuetan parte zuzena hartzen: pregoilari, dantzari, antzezle, abeslari ........ Ikastolako ikasle nagusienak zaretenez, bidegile garrantzitsuak eta eredu zarete beste guztienetzat; hauek zuekandik ikasiko dute euskera maitatzen eta bide berriak irekitzen.
Hasi egizue ba bizi bizi eta gogotsu euskeraren aldeko kurtso berria; ondo hasteak, oso ondo jarraitzea eta bikain bukatzea baitakar. Ziur horrela izango dela.
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
Euskal Herrian euskaraz
nahi dugu hitz eta jolas
lan eta bizi euskaraz eta
hortara goaz,
bada garaia noizbait dezagun
guda hori gal edo irabaz.
Zabal bideak eta aireak
gure hizkuntzak har dezan arnas,
bada garaia noizbait dezagun
guda hori gal edo irabaz.
Euskal Herri euskalduna
irabazteko eguna
pazientzia erre aurretik
behar duguna,
ez al dakizu euskara dela
euskaldun egiten gaituena?
Zer Euskal Herri litzake bere
hizkuntza ere galtzen duena.
Ez al dakizu euskara dela
euskaldun egiten gaituena?
Nork: Ani.2007/10/11 15:58:08.498 GMT+2
Etiketak:
ahaleginez
berez
aupaneskamutilok
ekinez
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2007/09/04 23:33:05.566 GMT+2
Aingeru Epaltza, Pamiela, 2.argitalpena ( 1995 )
Liburu honek parte bi dauzka. Lehen partean ( Bidaiariak ) Pello protagonista Ipar Amerikako oihan baten aurkitzen da bakarrik eta gose-egarriz, Kaliforniara bidean. Lortuko al du bere helburua? Pertsonaia honek une hartan bizi duen egoera larria eta Euskal Herritik hara bitartean gertatutakoak kontatzen ditu narratzile orojakileak hirugarren pertsonan, maisuki txandakatuz, eta bien arteko antzekotasunak agertuz; atal honetako kapitulu guztietan egitura berdintsua darabil idazleak: hasieran une konkretu batean pertsonaia ze egoeratan aurkitzen den kontatzen du, eta gero Euskal Herritik harako tartean gertatutako pasarte bat, baina lehenengo zatia orainaldian kontatzen duen bitartean bigarrena lehenaldian egiten du. Bestalde oihanean bakarrik aurkitzen den bitartean Euskal Herritik harako bidaian Pello lagun birekin agertuko da, eta tarteka tarteka lapur batekin egingo du topo.Zeren bila ete dabil hau? Esklabo biren istorioa ere tartekatzen da atal honetan. Zer gertatuko zaie hauei?

Bigarren partean ( Erromesa ), protagonista oihanean aurkitzen den momentutik aurrerako abenturak kontatzen ditu narratzaileak, kasu honetan guztia orainaldian. Berriz ere Pellok bi lagunekin batera biziko ditu abentura berriak eta antiheroia ere behin eta berriz azalduko zaie, itzal gaizto bat bezala. Nola amaituko da hauen arteko etsaigoa?
Indioekin nahastuta ere agertuko zaigu protagonista, eta horrek eragin handia izango du berarengan. Nolako erlazioa izango du haiekin eta ze amaiera izango du erlazio horrek?
Pertsonaia nagusiak bakardadea ere sarritan bizi du, nahiz-eta lagunartea amestu eta bilatu. Bakarrik eta berak maite dituenengandik urrundu beharrean aurkitzen den unerik mingarrienean erabaki hau hartzen du. “Zuzen-zuzen joko du bisonte ehiztarien kontra. Hiltzen badute, gaitzerdi izanen da, ez adiskidetasunik ez maitasunik gabe bizitzea baino hobe izanen baita”. Ze ondorio ekarriko dio horrek?
Irakurketan aurrera egin ahala galdera asko sortuko zaizkio irakurle arretatsuari. Emozioz betetako eta ustegabeko ugari izango dira abenturaz josita dagoen nobela honetan, eta une hunkigarriak bizitzeko aukera ematen du berau irakurtzeak.
Hizkuntzari dagokionez, esaldi errezez osatua dago liburua, elkarrizketak ere ugari ditu, eta deskribapenak laburrak dira, irakurlearen irudikapena alde batetik bestera mugiarazteko beharrezkoak direnak bakarrik.
Egia da idazlea nafarra dela eta Euskal Herritik Ameriketara abiatutako pertsonaiak ( Pello, bere bi lagunak, eta euren erasotzailea ) Nafarroa eta Lapurdi elkartzen dituen mendi aldekoak direla, eta inguru horretako esamoldeak ugari erabiltzen ditu idazleak liburuan zehar; baina istorioaren harira errez ulertzen dira, eta horrek egiazkotasun gehiago ematen dio. Gainera mendebaldeko euskadunoi ezberdin egiten zaizkigun esamolde horiek ulertzeak poztasuna sentiarazten digu.
Liburuaren itxura ere erakargarria da: alde batetik kapituluen tituluak hitz bakarrekoak, gehienez hirukoak, dira, eta oso esanguratsuak, gertaeren norabidea argi adierazten dutenak; kapituluak ere laburrak, hasi eta amaitu arin egiten direnak. Bestalde testuarekin lotura estua duten Asisko Urmenetaren irudi dotorez hornituta dago idazti guztia.
Literatur baliabideei dagokienez, baditu han hemenka perla politak ere, baina beti ere gertaeren erritmo bizia moteltzera iritsi gabe. Adibide bezala hauek jaso ditut:
“Amen batean, zeuzkaten diru apurrak patrikatik ihesi ikusi zituzten” .
“... askatasunera egiten ari ziren bidaian, baina zuzen jakin gabe bidaia horrek ez ote zituen denak giltzapera eramanen”.
“Etsiturik zeuden, bat ere sosik gabe eta etorkizuna gaueko leizea baino beltzagoa zutela”.
“Gosea hilda, berehala etzan dira hiru bidaiariak, mantetan bildurik, elkarren ondo-ondoan, hotzari ahalik eta zirrikitu guttien utzi beharrez”.
Esteka:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00029.htm
Nork: Ani.2007/09/04 23:33:05.566 GMT+2
Etiketak:
euskalemigrazioa
esklaboak
ustekabeak
abentura
indioak
emozioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/07/11 17:28:48.830 GMT+2
Urtero bezala Eguzkibegi ikastolak Ibaialde programan hartu du parte. Baina aurten, aurrekoetan ez bezala, DBH 1. mailakoek burutu dute eginkizuna eta inoiz baino gogotsuago bada ere! Gainera, Usansoloko Lekubaso errekaren egoera aztertzeaz gain, Galdakaoko Barrengorri elkarteak antolatutako Bizkaiko Aste Botanikorako ere trebatu dira eta hamaika landare eta zuhaitz espezie identifikatu. Segi horrela Rutherfordioak! Aupa Patosoak! Gora gu eta gutarrak!

Adituaren laguntza




Lanean

Beharrezko atsedenaldia

Nork: eguzkibegidbh.2007/07/11 17:28:48.830 GMT+2
Etiketak:
ibaialde
ingurugiroa
ibaiak
ekosistemak
natura
aztertu
ekologia
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/07/01 19:23:51.571 GMT+2
Aitor Arana. Ibaizabal, 2005
Aitor Aranak, haur eta gazte literaturan oso emankorra den idazleak, Txomin Agirre eleberri saria jaso zuen 2002an eleberri honekin.
3.pertsonan idatzitako nobela misteriotsua da, eta narratzailea orojakilea da.
Ezustean aberats bilakatu den gizon batek bere bost alabetako bakoitzari ezkutitz bana idazten die, mendian bakartadean dagoen landetxera joateko eskatuz:
Urteak dira ez dugula elkar ikusi, baina pozik ikusiko zintuzket orain. Badut zurekin zerikusi zuzena duen albiste bat. Ahaztu, mesedez, izan ditugun ulertezinak, asteburu batez behintzat.
Mesedez zatoz bakarrik eta, arren eskatzen dizut, ez eman inori gonbidapen honen berri.
Hor aipatzen den albistea oso garrantzitsua da, eta nobelako gertaera guztien motorea. Zein ete da?
Zeintzuk ete dira hor aipatzen diren ulertezinak? Nobelan zehar joango dira argitzen.
Alabei bakarrik joateko eskatu zien aitak, baina batzuk beste norbaitekin joan ziren, eta horiek benetako progonismoa, berebiziko garrantzia izango dute gertaeren norabidean.
Ezustekoz beterik dago nobela, eta irakurleak gutxien uste dituen egoerak eta gertaerak ezagutuko ditu. Beraz misteriozko eleberri bat irakurriz ondo pasatu nahi duenak badu hemen aukera ederra, Bost ahizpa gustura irakurtzen baita, eta interesgarria da amaiera arte.
Elkarrizketa ugariz osatuta dago liburua, eta beraietan, irakurketa errezteaz eta atseginagoa izateaz aparte, informazio asko ematen da bost ahizpen arteko erlazio buruz: trapu zahar asko ateratzen da euren artean; hor agertuko dira tirabira horien zergatiak ere; baina beti ere gertaeren harira, eta ez edozein momentutan. Arriskuaren aurrean ahizpak elkartu egingo dira ala elkarren kontra arituko dira?
Trama guztia asteburu bakar baten gertatzen da, telefonoek ere kobertutrarik ez duten leku isolatu baten, eta eguraldiak ere gertaerekin lotura estua du gertaerekin.
Bestalde idazkera irakurterraza, atsegina eta argia darabil idazleak, egoerak eta gertaerak ondo esplikatuz. Eta gertatuko denaren jakinminak bultzatzen du irakurlea aurrera jarraitzera, amaieran korapilo osoa askatzen den arte

Esandakoaren adibide bazala ataltxo hauek dakartzat hona:
“Behin zuhaitzera igoz gero, erraza izan zitzaion harresiaren gainera jauzi egitea”.
“Ataritik hurbilen zegoen leiho argiztatura zuzendu zituen gizonak, beti euritan, bere urratsak. Gela hartan bi emakume ikusi zituen, biak irribarrez eta hizketan ”
“Iheslarien egoera larrian benetan eskertzekoa zen atertu izana”
“- Agustina naiz .... zuen ahizpa. Zuen lehengo neba Agustin ez da jadanik existitzen.”
Esandakoaz gainera baliabide literarioez interesatuta dagoenak, baditu horrelakoak ere liburuan zehar Adibide batzuk hauek lirateke:
“ .... andreak erdizka itxi zituen begiak bere ikusmena zorrozteko ahaleginean”
“Balantza batean pisatzeko moduko isiltasun astuna sortu zen”
“Hilerriko isiltasuna festa alaia da han sortu zen isiltasunaren ondoan”
“ .... oinak lurrean josita gelditu zen, zapatilak eztitan itsatsita geratu balira bezala”
“ .... urrutiko mendietara begiratu zuen, gogoa mendi haietako lainoa bezain ilun”
“Oilorik gabeko oilategia bezain huts geratu zitzaien adimena ..... “
“ ........ lanean txoriak hegan baino arinago hasi ..... “
“Hildakoaren bularreko bi zuloak ...... beltzak eta ikaragarriak zirelako, munstro bizijale baten begien antzekoak”
“Ase-ase eginda zeuden bazterrak urez, eta ordurako bareak ere eguzki pixka bat eskatzen hasiak ziren”
“Telebista, bat ere bizitasunik gabe, hilik geratu zen”
“ .... iluntasunak iruntsi egin zuen atea ... “
“Ohe zabal eta garbi batek beso zabalik hartu zituen”
Beraz, emozioz betetako eta trebetasun handiz elkarlotutako istorioekin gozatzeko aukera ederra ematen die 14-16 urteko gaztetxoei eleberri labur honek.Ea uda honetan irakurtzen duzuen? Eta interesgarria izango da irakurtzen duzuenon iritzia ere. On egin.
Estekak:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00009.htm
Ani
Muxikan, 2007ko Uztailaren 1ean
Nork: Aniceto Ajuriagogeaskoa.2007/07/01 19:23:51.571 GMT+2
Etiketak:
ezusteak
misterioa
abentura
emozioa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/16 13:30:48.754 GMT+2
Orain D.B.H. 3an zaudeten ikasle kutunoi zuen tutore izandakoak botatako bertsoak dira hauek. 2007ko ekainean sartu ditut zuen blogean.
UDA BIKAINA OPA DIZUET
Eneko, Jennifer, Leire.
Goizalde, Mikel, Jon, Ander Juarez,
Ander Olibares, June.
Irati Albiz, Arkaitz Arroyo,
Irati Gonzalez, Ane.
Arkaitz Atutxa, Asier, Aitor,
Egoitz, Nerea, Nekane.
Serrano Irati, Markel, Ziortza,
Naiara eta Maitane.
2004ko ekainaren 21ean
Urteak datoz urteak doaz
aurrera doa bizitza,
ta bizitzari bultzatzea da
guztiok dugun baldintza.
Horrela dela badakigunez
ahaleginetan gabiltza.
Nik hirurogei urte lortzean
zuena izan zen hitza.
Bihotz barruan daukat oraindik
ostiraleko ekintza.
Ni eta zuek aurkitu ginen
halako egun batean.
Beti ez baina, sarritan pozik
izan naiz zuen artean.
Ta gabiltzanez hainbeste orduz
osatu dugun taldean,
jarraitu daigun gogo biziaz
eguneroko lanean,
ta bukatuko dugu kutsoa
danok zorion betean.
Galdakaon, 2006ko urtarrilean nire urtebetetzea dela-ta
Urte hauetan egin duzue
lanean hainbat ahalegin,
nahiz-ta batzutan baten batzuek
ibili zareten erkin.
Aurrerantzean negar malkotan
inor ibili ez dadin,
eguneroko jardueretan
ibili zaitezte fin fin,
urrats barriak ondo markatuz
Mikelen laguntzarekin,
aurrera begira ekin.
Goizalde, Mikel, Jon, Ander Juarez,
Ander Olibares, June.
Jennifer, Arkaitz , Irati Albiz,
Irati Gonzalez, Ane.
Asier, Roberto, Eneko, Aitor,
Nerea, Nekane, Leire.
Serrano Irati, Markel, Maitane,
Oier, Naiara, Janire.
Pozik bizi ta zintzo jokatu
maite zaitudan 3B
Agur bihotzez 3B
Galdakaon, 2006ko urriaren 31ean
Zuen tutore eta maisu Ani
Nork: Aniceto Ajuriagogeaskoa.2007/06/16 13:30:48.754 GMT+2
Etiketak:
dbh
1b
2b
3b
| Permalink
| Erantzunak (7)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/11 10:00:09.018 GMT+2
Ibiladiaren atarian
2007ko ekainak 10. Ikastola ingurua bor-bor dago, batez ere 3.mailako ikasleek eta euren gurasoek jarri duten taberna-txosnaren bueltan. Agurrak hemendik, musuak handik, gustura eta harro sentitzen da txoriaren begiradaz hain giro epela, lagunkoia, sanoa nabaritzen duen irakasle ohia, egia esan, aspaldiko partez udaberriko eguraldi gozoak inguratuta.
3.mailako ikasle batzuk mahitxoan txukun-txukun jarrita dituzten liburuak saltzen ari dira, irripartsu, esku zabalik hara urreratzen danari arrera abegitsua eginez. Beheko patioan ere erlategia biziz gainezka ageri da. Hemen ere 3. mailako beste ikasle batzuk joan-etorri alaian eta langile dabiltza ume txikitxoen gozamenerako, hauei aurpegiak margotzen.
Handik eta hemendik hariak mugitzen han dira andereño eta maisu batzuk ere ( Mikel, Itziar, Idoia .... ), zelan ez, zeregin hori ere ezinbestekoa izaten da honelakoetan. Bai, EKHIA tadea ere ez dago geldi; han eta hemen Ekhiakideak ( Jon, Unai, Naiara, Beatriz, Amaia .... ) buru belarri dabiltza batera eta bestera, eta antzerkitxo polit bat ere eskeini die musika gelara hurbildu diren bihotz gosetiei.
Handik dabiltza ikasle ohiak ere, guraso lez oraingoan. Zelan aldatzen diren bizitzako papelak! Bai, pozez gainezka hauek ere, eurekin jaio zen ikastolako jolastoki zabalean euren bihotzeko fruituak dantza alaian ikusiz.
Arratsaldeko musika tresna eta bertsolarien erakustaldia ere ez da ahaztutekoa, batzuk hobeto, beste batzuk hobetze bidean, baina guztiak gogotsu eta ahalegin betean. Pausuz pausu lortzen dira emaitzak!
Guzti hori eta gehiago daramatza bihotzean eta buruan Ordorikako txori ameslariak bere kabira. Eta guzti horretan somatzen du 2009ko Ibilaldiaren landarea, jadanik pipilean dagoen landarea: ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta ohi guztiak elkarlanean, ekinean, ahaleginean, ilusioz, gogotsu .... Eguraldia ere lagun izago dogu, egon ziur.
Ani
Muxikatik, 2007ko ekainaren 11an
Nork: Aniceto Ajuriagogeaskoa.2007/06/11 10:00:09.018 GMT+2
Etiketak:
eguzkibegi
jaia
giro
ederra
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/03 16:05:50.577 GMT+2
Sara izeneko gizona. Bernardo Atxaga. Pamiela
Nobela historikoa da eta lehen karlistadan kokatzen da. Zazpi kapitulu dauzka eta kapitulu bakoitzaren ondoren istorioan ( kapitulu horretan gehienetan ) irtendako pertsonaia baten erreflexioak dakartza.
I kapitulua
Saldias zalataria Zumalakarregirentzako informazioarekin Irurtzuna doa. Etxarri Aranazen liberalak daude eta ingurutik pasatzerakoan alto egiten diote, baina ardo saltzailea dela eta joaten uzten dio Valdivielso tenienteak. Honen erreflexioak datoz ondoren.

Baliabideak:
“Zumalakarregiren ordekoren batek .... albistea jakin zuen arte” ( 23. orri. hasieran )
“........ ideia liberalak ...... bestetan ez zuen pentsatu” ( 23. orri. 2.paragrafoa )
“......oso gutxi......osten zizkion gauzak” ( 36.orri. amaieran )
II kapitulua
Irurtzuna sartzerakoan arazoa izan du Aranburu zentinelarekin, baina hau ezaguna denez, ondo irtetzen du iskanbilatik. Gero Zumalakarregirengana iristen da eta informazioa ematen dio. Hala ere Saldiasek susmopean hartzen du Aranburu, berau ete delakoan liberalen zalataria. Aranbururen erreflexioak.
Baliabideak:
“.... bizia emateko .... idealaren alde beti” ( 55. orri. erdialdean )
III kapitulua
Liberalen kontrako sarraskia. Saldias zauritu. Aranburuk egin diola tiro uste du. Sarraskia ikusi duen arranoaren erreflexioak.
IV kapitulua
Galarreta kapitaina, Merino tenientea eta Saldiasen arteko elkarrizketa susmagarriei buruz. Susmagarriak Aranburu eta Carrasco tenientea direla uste du Saldiasek, baina beste norbaitek egin ziola tiro beste aldetik dio. Merino tenientea ere susmagarritzat jotzen du Saldiasek, nahiz-eta hori isilean gorde; eta baita bera sendatu eta zaintzen duen Barrez ( frantsesa? ) ere. Merino tenienteak pentsatutakoa.
V kapitulua
Lacost-en aitorpena eta koartel nagusiko batzarra. Carrasco sargentuak pentsatutakoa.
VI kapitulua
Festa eta Etxarri Aranazko erasoaren hutsegitea. Valdivieso tenientearen hil osteko erreflexioak.
VII kapitulua
Etxarri Aranazkoagaitik nor fusilatu zozketatzen dute, eta Aranbururi egokitzen zaio (?). Barrez eta Saldiasen arteko elkarrizketa: Barrezek tiro nork egin zion aitortzen dio. Irurtzundik alde egitea erabakitzen dute biek, bakoitza bere aldetik. Arenal Kafeko ugasaba-andrearen erreflexioak.

Oharra: hizkuntza gozoa du eta errez eta gustura irakurri dut; laburtxoa da
( 140 orrialde ), eta tamaina oneko letra dauka; arin irakurtzekoa da, intriga ere mantentzen du istorioak-eta.
Muxikan, 2007ko Ekainaren 3an
Aniceto Ajuriagogeaskoa
Nork: Aniceto Ajuriagogeaskoa.2007/06/03 16:05:50.577 GMT+2
Etiketak:
zumalakarregi
saldias
etxeratzea
erreflexioak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak