Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/06/25 22:56:10.719 GMT+2

Enarak

Zuberoan, joan den mendean, espartinak edo  alpargatak egiteko fabriketara, batez ere, inguruko emakume gazteak joaten ziren lanera. Garai haietan, eta ez gara ari mendeko azken urteez, asko eta asko Nafarroatik eta Aragoitik abiatzen ziren, multzoka eta oinez. Horrela  udazkenean Zuberoara iritsi eta hurrengo udaberrira arte han gelditzen ziren. Eguraldi onarekin beren etxeetara bueltatzen ziren baserri lanean aritzeko. Zuberotarrek halako emakumeei izena eman zieten: enarak.

Larunbat iluntzean, bizpahiru ziento lagun bildu ziren Zubietako frontoian. Ekuadorreko  herri batekoak ziren: Otavalokoak.  San Juan festa ospatu nahi izan zuten beren ohituren arabera: koadrilan dantza egin  erritmoari jarraituz. Urruti daude haien herritik, sobera maite ez dituen Europa honetan.

Ez ginen luze egon begira. Haiek ondo pasatzeko egiten zuten dantza, ez begira geundenentzako: ez dute Informacion y turismo
bulegorik.  Eta gu, begira, aspertu.  Bizpahiru ziento enara.

Badira enara gehiago Zubietako bazterrotan, turismo ez bestelako arrazoiengatik bere etxetik urrun daudenak: piperrak biltzen, etxeak garbitzen,  gure helduei laguntzen... Tarteka berri pozgarriak ere bai: neguak eraman zuena -Olatz Altuna- udak, berandu bada ere, ekarri duelako. Zuberoan garbi dute: Oriko txoria, Orira.



Nork: pelloaranburu.2008/06/25 22:56:10.719 GMT+2
Etiketak: presoak etorkinak zubieta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/21 22:57:04.901 GMT+2

kalekumeak baratzan

Zubieta osoan ari dira soroan eta zalaian lanean. Eguraldia hobetzearekin batera lurgorriak zabaldu egiten dira nonahi. Eta jendea baratzean ari dela ikustean, nor ez da animatzen?
Ba horixe gertatu zait niri ere. Nire baratz txikia prestatu dudala: kalekumeok ere bagara nor!  Horretarako Joxe Jabierri laguntza eskatu lurrari buelta emateko eta lehenengo instrukzioak jasotzeko. Gero, Etxetxori ongarria eskatu. Eta Jose Manuelek musutruk eman. Eta, orduan lanean hasi behar. Horra hor koxka.
Kontua da seme-alabak eta laurok baratzara jaitsi ginela. Palak hartu eta zimaurra banatzen hasi. Ordu laurden eta bost minutu gehiago, denak leher eginda ginen eta ezin zimaurra menderatu. Denok izerdi patsetan. Seme-alabek aitari oker begira... Azkenean lana erdizka utzi genuen.
Jose Jabierrek esan zidan hurrena: baian motel hori sardearekin egiten dek! Nola sartuko dek ba pala zimaurretan. Handik gutxira plazan baratzaz ari ginela inguruko guztiek: baina hori sardearekin egiten da!
Zer nahi duzue esatea, ulertuko zidalakoan amaginarrebari kontatu nion palarena eta entzun zuenean, gaztelera garbian: Pero hijo, si eso se hace con la horca!
Espero dut San Isidrok gogoan izango gaituela kalekumeak ere:zer den pala eta zer sardea irudietan ikasi dugunak.

Nork: pelloaranburu.2008/05/21 22:57:04.901 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/30 12:55:17.408 GMT+2

HERRIKOIA


Atzo, ikastolako umeei sarrerak eman zizkieten errealaren partidu bat ikustera joateko. Han joan ziren Zubietako ume batzuk, Usurbileko beste saldo handi batekin. Neska batzuk ere sartu ziren merke, bost euro pagatuta. Herrikoia izan nahi, dirudienez. Esan didatenez, han aritu ziren taldea animatu nahian: putasemeka, mekaguendioska... zainak lehertu beharrean, bere senetik atereak. Nola mutilak hala neskak, sexukidetasunak beste hainbat arlotan lortzen ez duen bezala. Zer den herrikoia izatea!

Gaur, plaza betean aritu gara futbolean, bost urtekoetatik hasi eta halako hamar gehiago ditugunon arte, dozena pare bat jokalari. Ate-zutoinak lurrean utzitako jertseak, garbigailura zuzenean bota beharrekoak etxera iritsitakoan. Neska-mutilak, handi-txikiak, guraso-umeak  anabasean, futbolean oso aurrera egingo ez genukeen moduan ziur aski, jolasean. Herriko neska-mutiko ia erdiak, bertan.

Bihar, auskalo. Seme-alabak eskaintzen dizkiegun bideetatik ibiliko dira. Merke emandako bide narrasetatik, edo garestiagoak diren bide argiagoetatik. Beharbada "herrikoi" izan ez, baina gure herriak behar dituen bideetatik...

Mesedez, ez diezadatela eskatu poztea erreala lehenengo mailara igotzen denean.

Nork: pelloaranburu.2008/03/30 12:55:17.408 GMT+2
Etiketak: hezkuntza futbola zubieta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/02/24 12:08:48.292 GMT+1

Neguko hotza eta euria

Hotz eta euriekin jendea ezkutatu egiten da bere oskoletan, ume txikiek salbu -ez baitute ikasi jolasean besterik-. Horien gurasoak dira frontoi ondoko plaza uzten azkenak: ondar errainua zurrupatu arte ez dute alde egingo, noski. Kostata eta nekez hartzen dute etxeko bidea.
Plaza hutsik, zuhaitzik ez, eta frontoi paretako pankarta handi hura ere -errausketarik ez- eroria da, hostoen antzera.
Frontoiak gordetzen du, txingarrak bezala, epeltasun apurra umeen xestoko partiduetan. Lau jokoan eta hiru guraso begira -gogortuko zaizkie berriro soin enbor eta adarrak- arratsaldeko iluntasunetik ihes egin nahian.Tarteka tabernara hurbiltzen da baten bat, eta hala ere plazan ez da ezer entzuten alde hartatik. Kanpandorreko erlojua mutu, zazpi eta erdiak. Farolek argia mottel.
Euria hasi du. Taberna barrura egiten du  espaloian zegoen lagunak. Handik entzungo ditu euri zaldizkoen tarrapata eta haize boladak. Tabernako telebistan eguraldi gazteak dio are bortitzago ariko duela hurrengo egunetan. Entzuleari gogoa ihesi joango zaio etxeko babesera. Edo beharbada ez. Beharbada hegaldatuko zaio urruti-urruti joateko, beste eguraldi bat egiten duen lurraldera.
Negua da eta Olatz urrun dago.

Nork: pelloaranburu.2008/02/24 12:08:48.292 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)