ELIZA, ASKAPENAREN ZERBITZARI

romero 1456152340153 Oscar Romero | 2008-03-24 21:46

Kristok gizon egin nahi izan du, berak dakarren Aitaren argia gizon-emakume eta herri guztien bizitza bihur dadin. Badakit zuetariko asko asaldatu egiten dela hitz hauekin eta uste dutela eta diotela Barri Onaren iragarpena albo batera utzita, politikan sartu naizela.

Baina nik ez dut salaketa hau onartzen. Izan ere, ni gogotik ahalegintzen naiz Batikano II.ak, Medellin eta Pueblako biltzarrek bultzatu nahi izan duten guztia, idatzita eduki eta teorian ikasteaz gain, bizitzen eta gaur eguneko gure errealitate gatazkatsu honetara ekartzen Berri Ona behar bezala iragarriz... gure herriarentzat. Horregatik, Jaunari eskatzen diot aste osoan zehar, herriaren deiadarra eta hainbeste krimenek sortutako samina; hainbesteko gogorkeriak sortutako bidegabekeria jaso eta biltzen dudan bitartean; Jaunari eskatzen diot, beraz, eman diezadala kontsolatzeko, salatzeko, bihotz berritzera deitzeko hitz egokia. Eta basamortuan oihu dagien ahotsa bada ere, badakit Eliza bere lana betetzeko ahaleginetan ari dela (...)

Eta honen guztiaren inguruan, gaur goizeko eredua zoragarria da: Estatu Batuetako Jesusen jarraitzaileak honaxe etorri dira, hemengo, Salvadorreko Jesusen jarraitzaileekin konpartitzera; eta eurak, iparraldeko nazio boteretsuan, bertako gizarteko bidegabekerien aurkako Berri Onaren ahotsa dira... Horrela, euren elkartasuna erakustera datozkigu, guk ere, Jainkoaren herri garenok hemen, El Salvadorren, jakin dezagun adoretsu salatzen geure gizarteko bidegabekeriak (...)

Gaurko Jaunaren hitzen argitan, izenburu hau daraman nire haurnasketa aurkeztu nahi dizuet: Eliza, norbere eta komunitatearen askapenerako zerbitzua.

Hiru ideia hauek izango dira nagusi gaurko sermoian: 1.: Pertsonaren duintasuna da askatu beharreko lehena. 2.: Jainkoak herri oso bat salbatu nahi du. 3.:Askapenak duen trazedentzia, bere benetako eta azken neurria.

Anaia-arreba maiteok: oso interesgarria litzateke orain aztertzea zer egin duen azken hilabeteotan egoera ezin txarragotik atera nahi gintuen gobernu berriak, baina ez dut gehiegi luzatu nahi. Eta egitan egin nahi dena herriaren antolaketa lanari burua moztu eta herriak aurrera eraman nahi duen prozesua oztopatu, hori egin nahi bada, ez dago aurrera egin dezakeen beste prozesurik. Gobernu batek beren erraiak herrian sustraituta izan ezean, ez du zereginik; eta are gutxiago odolez eta saminez inposatu nahi izanez gero(...)

Armadako gizonei dei berezia egin nahi nieke; zehatzago, kuarteletako Poliziaren Guardia Nazionaleko kideei. Anaiok, herri berekoak zarete, zuen anaia-arreba nekazariak ari zarete hiltzen; eta gizon batek eman lezakeen hiltzeko aginduaren gainetik dago Jainkoaren legea, EZ INOR HIL dioena. Soldadu bakar bat ere ez dago behartuta bere Jainkoaren legearen aurkako agindu bat betetzera... Lege inmoral bat ez dago inor betetzera behartuta... Bada garaia zuen kontzientzia berreskuratu eta, bekatuaren esana baino zuen kontzientzia horren esana egiteko.

Eliza Jainkoaren eskubideen, Jainkoaren legearen, giza duintasunaren, pertsonaren defendatzailea da; ezin da, beraz, isildu honenbesteko nazka sortzen duen egoera honen aurrean. Gobernuak serioski eta benetan kontuan hartu beharra du aldaketek ez dutela ezertarako balio odoletan blai egiten badira... Beraz, Jainkoaren izenean; bere arrangurak eta kexuak zeruraino iristen diren herri honen izenean eskatzen dizuet, erregutzen dizuet, agintzen dizuet Jainkoaren izenean: eten dadila errepresioa!!! Elizak bere askapena aldarrikatzen du gaur Liburu Santuetan ikasi dugun bezala. Eta askapen honek, gaur egun, gizakiaren duintasunaren errespetua, herri osoaren ona eta Jainkoari begira dagoen, eta bere indarra eta itxaropena Jainkoagandik datorkion trazendentzia suposatzen du.

Oscar Romero, 1980ko martxoaren 23a San Salvadorreko Katedrala. Bere martirioren aurreko azken homilia.