Azpiegiturak ditu lehentasun UPNko gobernuak: ubidea eta AHTko obrak

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2012-09-17 20:10

Titularra biribila erabili du Berria egunkaria: Azpiegiturak izango dira Nafarroako Gobernuaren lehentasun urte politiko berrian. Herrialderako «giltzarri» diren bi proiektu aipatu zituen Juan Luis Sanchez de Muniain eledunak: Abiadura Handiko Trena eta Nafarroako ubidea. Bukatu egin nahi dituzte.


Cadreitan hasi dira AHTaren bidea eraikitzen Nafarroan. / LANDER F. ARROIABE / ARP

Krisi garaiak erabat baldintzatutako urtea izango dela ohartarazi du bozeramaileak. Diru sarrerak etengabe jaisten ari direla nabarmendu du, eta iragarri du zerga sistemaren erreforma bat proposatuko duela Yolanda Barcinaren gobernuak datorren urterako aurrekontuekin lotuta.

Murrizketak egiten jarraituko du gobernuak: udalak gutxitzeko plana urte politiko honetan bertan aurkezteko asmoa du. UPNk, gainera, Arartekoa kentzea eta parlamentuko kideak gutxitzea proposatuko dio legebiltzarrari. Gobernuak azaldu du diru sarrerekin osasuna, hezkuntza eta gizarte laguntzak pagatzea duela xede.

Horiek eta, bereziki, azpiegiturak. Murrizketarik ez dute iragarri hor. Ubideko eta treneko obrak lehenbailehen bukatu nahi ditu UPNren gobernuak. Ubidean, bigarren zatirako dirua jarri berri du gobernuak (8,5 milioi euro), eta gehiago jartzea ez du baztertu. Proiektua apaldu arren, 1.200 milioiko aurrekontua du oraindik.

AHTaren geroa argitzeko dago. Udan lanak ematen jarraitu du Iruñeko gobernuak, eta bidearen %20an dihardute. Atzeratuta ari direla aitortu dute; urtebetekoa bada atzerapena. 2015erako lanak bukatzea adostu zuten Iruñeko eta Madrilgo gobernuek. Ordea, murrizketak direla eta, jada martxan eta aurreratuta dauden lanei lehentasuna emango die Espainiako Sustapen Ministerioak, eta ikusteko dago hor Nafarroako zatia sartuko ote duten. Hil honetan biltzekoak dira bi gobernuak.

Loturak airean daude. Oraingoz, Nafarroako sareak ez dauka loturarik Euskal Y-arekin eta Espainia alderako bidearekin; hots, bide hila da. Hala ere, Iruñeak 158 milioi jarriko ditu aurten lanetan.


Utzi iruzkina: