Zangituko miraria (iritzi artikulua)

sakanakoahtrikez 1456152365123 Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana | 2010-08-01 19:38

Hemengo eta hango ordezkari politiko gehienek diotenez, Zangituk salbatuko du Altsasu. Zangituko makropoligonoak hain zuzen. Betirako gainera. Ikus bestela:

UPNko Alba Kontseilariaren hitzak dira (erdara batuan jaurtiak): "Sakana izango da Nafar Gobernuak aurreikusi dituen eremu logistikoetako bat edo besteren onuradun ". Eta ez da hori egokitu zaigun “sari” bakarra: "Abiadura Handiko korridoreak aukera handiak ekarriko ditu lur honetara… onurak ekarriko ditu zeharkatuko dituen eremuetara, enplegu aukera gehiago eragingo dituen etorkizuneko negozioa garatzeko aukerak, izan ere”.

Onura horiek ez dira “hain” argi ikusten, baina tira, gu herritar soilak besterik ez gara.

Tonto konpletotzat jotzen gaitu Alba andreak sakandar guztiak, aintzat hartu gabe gure artean listoak ere badaudela, eta ez bat edo bi soilik. Ikusiko dugu, berandu baino lehen, zenbatek aterako duen etekina logistika makropoligonoaren eta AHTren  pelotazoetatik (eta ez naiz lurren jabeez ari, prezisamente).

UPNko Roig Kontseilariaren hitzak dira beste hauek (erdara batuan beti ere): “Altsasu inguruan langabezia areagotu izana, lur industrial faltaren ondorioz gertatu da…” (???)

Gamesa, Isphording eta itxi dituzten beste fabrikak leku faltaz itxi dituzte, beraz? Hara…

Roig-ek Altsasuko udalaren jokabidea kritikatu zuen bidenabar: “sekula ez du Tokiko garapenerako agenterik eskatu; 2002. urtetik hona, behin baino ez ditu langabetuak kontratatzeko subentzioak eskatu eta gainera ez du inoiz eskatu tailer-eskolarik, ez enplegu-tailerrik… udal-aurrekontuetan ez du enplegua sortzeko partidarik sortu…”

Bistan da, batzuen eta besteen artean, salbazioa eskuratzeko boleto guztiak dauzkagula.

Hain bistan ez dagoena da, nola litekeen Altsasuko Udala makropoligonoaren auzi negargarri eta txapuzero  honetan UPNren eskutik aritu izana hasieratik; edo AHTren auzian gurekin zerikusirik ez balu bezala jokatzen jarraitzea, edota beste horrenbeste egin izana Tentsio Handiko Lineari dagokionez ere…

Zer datorkigun jakin nahi duenak, Logistika poligonoek dakartzaten onurak zein diren adibidez, Altsasun bertan, Irurtzunen, edo Araian galdetu besterik ez du. Enplegurik gutxi edo ia bat ere ez. Kutsadura eta arazoak zenbanahi. Edonoren eskura dago “El polígono de Araia es un caos” erreportajea, 2008ko martxoaren 15eko El Correo egunkarian argitaratua.

Baten bati beharbada zer pentsatua emango dio… edo miraria litzateke hori ere?

Azkenik, aukera probestu nahi dut Olaztiko Ruben, Sergio, Oskar eta beste taldekideei ere, besarkada bana eta elkartasuna helarazteko.

JJ AGIRRE
Altsasuko Nabai-ko zinegotzi ohia

(Eskutitza Guaixe aldizkarian agertu da aste honetan)


Utzi iruzkina: