Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/10/09 10:21:31.544 GMT+2

Espazio hutsen indarra

Espazio hutsek duten indarraz ohartu naiz orain gutxi. Nonnahi daudela ere ohartu naiz. Egunerokoan, asterokoan, historian.

Donostiako Tabakalera bisitatu berri dut. Banuen gogoa. Eta egia esango dizuet: ikusteak merezi du.

Julian Schnabelen erakusketa dago: Summer. Ez diot ezer kenduko. Baina oraingoan eraikuntza bera indartsuagoa dela iruditu zait.

Izugarri handia da. Zaharkitua, oso zaharkitua; baina garbia, oso garbia. Gure herriaren historia zatitxoa kontatzen du eraikinak; 1913tik 2003ra artekoa hain zuzen. Eta fabrika hala mantendu izana eta berrerabili izana txalotzekoa dela iruditu zait (ea gerora ere eraikinaren izaera eta itxura errespetatzen duten).

Imajinatu ditut emakume pila bat pasabideetan barrena, sirena-hotsak jotzen zuenean; edo haien esku finekin zigarroak eginez; edo makinen aurrean. Hamaika familiaren sostengu.

Armario zahar bat ere mantendu dute. Zer gordeko ote zuen hark? Komunek ere antzinako axulejuak gordetzen dituzte. Berogailu erdoilduak. Dena zahar eta garbi.

Hamaika gela pasatu ditudan arren, apenas erreparatu diet koadroei. Baina zera deigarri gertatu zait: Schnabelek zerupean egiten dituela bere koadroak eta, uda partean guztiak. Oraingoan, ostera, Tabakalerak duen espazio hutsen indarrak babestuta daude. Teilatupean. Langile haiek ez zuten zerupean lanik egiten, ez. Eta, une txiki batez, langileen oroimena han barruan dagoela iruditu zait.

Gero, Alfa gogoratu dut. Eibar. Historia. Langileak. Eta pena hartu dut. Ez dagoelako.

 

 

Nork: saras2.2007/10/09 10:21:31.544 GMT+2
Etiketak: historia tabakalera alfa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.