Kaixo lagunok!
Izango duzue dagoeneko AHTren eta honek suposatzen
duen suntsiketaren berri, baina ziurrenik ez dira hain ezagunak honek
ekar ditzakeen eraginak, Euskal Herritar guztiok pairatu beharko
ditugunak. Izan ere AHTk herri kaltetuak gehien bat txikituko ditu,
baina txikizioa askoz harago doa, Euskal herriko jauntxo eta agintariek
sortu nahi duten metropoli kapitalistaren sorrera ekarriko luke. Tren
honek hiriburuak lotuko lituzke, inguruko herri txikiak isolatuagoak
geldituz, ondorioz herri horietako biztanleak megahirietara joan behar
lukete bizitzera, han izango baita zentralizaturik beharrezko diren
zerbitzu eta lanpostuak herri txikiak desagertaraziz eta herri
nortasuna erabat galduz, gizarteak, inposaturiko eredu kontsumista eta
globalizaturiko kultura baten patroiak jarraituz.
Horrela, amalurrari ekar dakiokeen suntsipenetaz harago, Euskal Herria beraien negozio gunea bilakatuko litzateke,izan ere, hasi dira zentral termikoen proiektuak, AHT mugiarazteko beharrezkoa den izugarrizko elektrizitate energia lortzeko; harrobi gehiagoren sorrera, AHTren ibilbidea eraikitzeko beharrezkoa den hormigoia lortzeko; Euskal Herriko kostaldeko eraldaketa, arrantza desagertaraziz eta jauntxoak aberasteko turismo guneak bilakatuz; zerbitzu eta kontsumismoan oinarrituriko enpresa gehiagoren sorkuntza, desindustralizazio bat emanez eta lanpostu prekarioagoak sortuz; etxebizitza pribatu gehiagoren eraikuntza, jendea hiriburuetara bizitzera joan behar izateak eraginda eta etxebizitzarekin negozioa duten enpresa, banketxe eta bestelako espekulatzaileak aberastuz; eta noski hau dena gizartearen ogasun publikotik ordaintzen da, bestelako zerbitzu minimoei aurrekontu murrizketa eraginez, zerbitzu minimo hoiek pribatizaziora eramanez, hots, hezkuntza eta osasun sistema bezalakoak.
Beraz, nork ez du bere herrian edo inguruan horrelako proiektu kapitalista bat? Ziurrenik AHTrekin lotura duena eta AHTren interes ekonomikoei erantzuten diotena. Gainera, hasiera batean Euskal Autonomi Erkidegoan izan behar zen proiektu batetik, Euskal Herri osoa ukituko duen proiektu txikitzailea da, Nafarroako gobernuak AHTrekin lotura bat sortzeko proiektua baitauka esku artean eta Iparraldean, Frantziako tren sarearekin lotzeko asmoa baitu Frantziar estatuak.
Horrela ikusirik esan genezake Euskal Herri osoari egiten zaion eraso bat dela, eta horrela den heinean, herri bezala erantzun behar dugula, inposaturiko proiektu txikitzaile eta ekarrriko duen kapitalismo basatiari ezetz esan behar diogu.
Horregatik, Euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladek dei egiten
die euskal gazteriari abenduaren 14an herrietan deituko diren
mobilizazioetan parte hartzera. Ezin ahaztu, Arrasaten abenduaren
15ean, arratsaldeko 17:00etan herriko plazatik aterata egingo den
manifestaldi nazionala. Egun horretan ere ezinbestekoa izango da gazte
parte hartzea, AHT gelditzera goaz !!!
Idatzi artikulu bat