Bilboko Okupazio Mugimendua:
Alde batetik, etxebizitza arazoaren gaur egungo egoera salatu nahi dugu. Izan ere, Euskal Herrian indarrean dagoen etxebizitza politikak eskubide honen urraketa bermatzen du, oinarrizko beharrizan hau negozio bilakatzea ahalbideratuz. Oro har instituzioak eta kasu honetan Bilboko udaletxeak mantetzen duen jarrera pasibo eta hipokrita salatu nahi dugu. Hauek dira herritarron mesedetan lan egin beharrean, konstruktora eta promotoren, inmobiliarien, banketxeen eta espekulatzaileen poltsikoak loditzen jarraitzea baimentzen dutenak. Aldi berean, etxe berrien eraikuntzak sustatzen dituzte etxe hutsen kopurua handitzen doan heinean.
Horrela, gazteoi kale gorrian uzten gaituzte, gure bizitza hipoteka batera lotzera kondenatuz. Gure beharra kate bihurtzen dute. Egoera hau izanik, Bilboko Okupazio Mugimenduak gazteok bizitza duin bat garatu ahal izateko bitartekoak erabiltzearen eta sortzearen premia azalarazi nahi du. Ukatzen zaizkigun eskubideak guk geuk eskuratu behar ditugu, ezin dugu geldirik egon. Gazteok ofentsibara pasatu gara, okupazioa borrokarako tresna gisa erabiliz, alternatibak eraikiz.
Bestetik, herritarrei eta bereziki gazte guztiei mezu bat helarazi nahi dizuegu: okupazioa egingarria dela eta honen bitartez gure beharrak asetuko dituzten alternatibak eraikitzea posible dela. Gaur egungo sistema kapitalista bidegabeari pitzadurak sortuz, eredu berri bat garatuko dugu pertsonen askatasunean eta duintasunean oinarritutako eredua, herritarron eskubideak bermatuko dituena.

Idatzi artikulu bat